AEBek Iraken izan duten borrokarako misioa bukatu da, Bagdaden arabera

Irakeko Gobernuak esan du EIren aurka aritutako nazioarteko koalizioak herrialdean segituko duela, armada «entrenatzen eta formatzen»

AEBetako armadako soldaduak Iraken, iazko martxoan. MURTAJA LATEEF / EFE.
Igor Susaeta.
2021eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
EI Estatu Islamikoaren kontrako ahaleginean nazioarteko koalizioak, AEBak buru, Iraken izandako borrokarako misioa bukatu da, Irakeko segurtasun nazionalerako aholkulari Qassem al-Aarajik atzo iragarri zuenez. Duela bi urte pasa EI ofizialki garaitu ondoren, Joe Biden AEBetako presidenteak eta Mustafa al-Kadhimi Irakeko lehen ministroak joan den uztailean jakinarazi zuten aurtengo abenduaren 31rako misioa bukatutzat emateko helburu zutela. Nolanahi ere, nazioarteko koalizioak eta Irakek lankidetzari eutsiko diote aurrerantzean ere, eta, Al-Aarajik Twitterren adierazi zuenez, nazioarteko tropetako kideek «prestakuntza, aholkularitza eta formakuntza» emango diete Irakeko armadako soldaduei. Urtea amaitu aurretik egin asmo dute «trantsizioa».

Koalizioak 3.500 bat soldadu dauzka Iraken, eta AEBetako armadakoak dira horietatik 2.500 inguru. Borrokarako misioa bukatutzat jo arren, ez da espero soldadu kopurua murriztea, baizik eta haien egitekoa aldatzea. Dena den, nahiz eta ofizialki orain iragarria izan den, nazioarteko soldaduak iazko udaberritik ari dira Irakeko soldaduak entrenatzen.

Irakek erabakiaren berri eman du, AEBetako Gobernuarekin izandako elkarrizketa saileko azken bilera egin ondoren. «Iraken subiranotasuna eta nazioarteko zuzenbidea errespetatuz bermatzen da haien [nazioarteko tropen] presentzia», esan zuen segurtasun nazionalerako aholkulariak, Irakeko Ina berri agentziak jaso zuenez. Koalizioaren eta NATOren misioaren tropak «babesteko konpromisoa» hartu du, gainera, Irakeko Gobernuak. Izan ere, erasoak pairatu izan dituzte.

Irakeko eta Irakeko Kurdistango funtzionarioek zenbait hedabideri azaldu dietenez, AEBak buru dituen koalizioak Iraken jarraituko du, Irakeko armadak behar duelako, besteak beste, aire bidezko babesa EIren helburuen aurka egiteko, baita AEBek emandako armamentua zaintzeko laguntza ere.

Bost urteko borrokaren ondoren, YPG Herriaren Babes Unitateak, YPJ Emakumeen Babes Unitateak eta Siriako Indar Demokratikoek (SDF) garaitu zuten EI fronte militarrean, nazioarteko koalizioaren laguntzarekin. Azkenaldian, baina, Irak iparraldean areagotu egin dira EIren erasoak. Joan den asteburuan, esaterako, EIren kideek lau pexmerga—borrokalari kurduak— hil zituzten, Irakeko iturri ofizialen arabera. Muturreko islamistek herrixka bat bereganatu zuten, baina 24 ordu geroago, astelehenean, pexmergek eta Irakeko armadaren soldaduek berreskuratu zuten.

Bestalde, datorren astean, hilaren 18an, hain zuzen, beteko dira hamar urte Irakeko gerra ofizialki bukatu zenetik. 2003an hasi zen, AEBek herrialdea inbaditu zutenean.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.