Sanchezek zuzendu egin du fiskaltzari buruz errandakoa

Espainiako presidenteak adierazi du Ministerio Publikoa «autonomoa» dela, ez agintepekoa
Pedro Sanchez, atzo, Los Alcazares herrian, mitin batean.
Pedro Sanchez, atzo, Los Alcazares herrian, mitin batean. CRISTOBAL OSETE / EFE

Mikel Rodriguez -

2019ko azaroak 8
Eztabaida handia sortu dute Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidenteak herenegun fiskaltzaren jardunari buruz egin zituen adierazpenek. Carles Puigdemont Kataluniako presidente erbesteratuaren euroaginduaren auziari buruz galdetuta, Sanchezek erran zuen fiskaltza gobernuaren aginduetara dagoela. Botere judizialaren independentzia urratzea leporatu zioten eragile anitzek eta, bereziki, Kataluniako eragile independentistek. Atzo, bertze elkarrizketa batean, zuzendu egin zituen bezperan errandakoak, «zehatza» izan ez zelakoan. «Fiskaltza izendatzea gobernuari dagokio, baina autonomoa da», adierazi zion La Sexta kateari.

Espainiako presidentetzarako hautagaiek joan den astelehenean egin zuten debatean, Sanchezek hitzeman zuen hauteskundeak irabazten baditu lortuko duela Belgikak Puigdemont Espainiari entregatzea. Egiteko hori, ordea, ez dagokio gobernuari, botere judizialari baizik. Jarduneko presidente eta iganderako PSOEren hautagai denak atzo zehaztu zuen haren nahia zela erakustea gobernua «prest» dagoela botere judizialari laguntzeko Kataluniako ordezkari independentista erbesteratuen jazarpenean.

Kataluniako Generalitateak herenegun adierazi zuen «hagitz larria» dela Sanchezek erran zuena, eta kritikatu dutenen artean daude Fiskalen Elkartea eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Maria Jose Segarra fiskal nagusia atzo mintzatu zen auziaren inguruan. «Kasu honi buruz erran daitekeen bakarra da gobernuko presidenteak ñabardura egin duela, adierazpena zuzendu duela, eta nik ez dudala deus gehiago errateko».

Euroaginduek sortu dute kanpaina bukaerako kalapita, eta horri buruzko bi erabaki jakinarazi zituen atzo Bruselako Kontseiluaren Ganberako epaileak: Belgikan erbesteratuta dauden Antoni Comin eta Lluis Puig Kataluniako kontseilari kargugabetuak aske utzi zituen, kautelazko neurriekin, Espainiaren entrega eskariari erantzun arte. Herenegun, euroaginduak aztertzen dituen Erresuma Batuko agentziak ez zuen tramiterako onartu Clara Ponsatiren aurkakoa, «neurrigabea» zela iritzita, eta informazio gehiago bidaltzeko zehaztu zion.

Iluntzean, berriz, lehenbiziko oharra zuzendu zuen agentzia horrek, eta erran zuen ez duela uste eskaera «neurrigabea» denik, baizik eta «oinarrizko informazioa» falta duela. «Deitoratu egiten dugu gaizki-ulertua». Sanchezek barkamen eskaeratzat interpretatu du bigarren ohar hori.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna