Castillok aurretik segitzen du Perun, zenbatzeko oso boto gutxi falta direla

Hautagai ezkertiarraren eta Fujimoriren arteko aldea 95.000tik 69.800era txikitu da. Bozketan «iruzurra» izan dela salatu du eskuindarrak

Castilloren jarraitzaile batzuk, atzo, Peru ipar-mendebaldeko Tacabamban. EFE.
ander perez zala
2021eko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Atzerriko azken botoak gaur iritsiko dira Perura, baina ez dago batere argi herritarrek horien zain egon beharko ote duten presidentetzarako hauteskundeetako garailea nor den jakiteko. Orain arteko joerak, ordea, hori iradokitzen du, botoz botoko lehia izaten ari baita Pedro Castillo hautagai ezkertiarraren eta Keiko Fujimori eskuindarraren artekoa; Castillok Fujimoriri aurrea hartu zion herenegun, eta bien arteko tartea handitzen aritu zen, baina atzorako kontrako bidea eragin zuen zenbaketak, eta, lerro hauek idazterako, 95.000 bototik 69.800era txikitua zen hautagai ezkertiarrak eskuindarrarekiko zuen aldea. Hortaz, baliteke gaur jakinaraztea zein izango den Peruko presidentea, bozen %2,2 falta baitira zenbatzeko; zehazki, herrialdean emandako azken batzuk, eta atzerrikoen erdiak baino gutxiago.

Bozen bigarren itzuliko emaitzak estu daude, eta horren erakusle da hauteskunde batzordea bera erabiltzen ari den zehaztasuna, digitu aldetik: Castillori botoen %50,203 eman dizkio, eta Fujimoriri, %49,797, behin-behinean. Hala, atzetik doala, hautagai eskuindarrak garaipenetik urrun ikusi du bere burua azken egunean —aurtengoa hirugarren saiakera du—, eta horregatik salatu zuen atzo «iruzurra» izan dela prozesuan: «Herriaren nahia zapuzteko asmo argia dago».

Ez da iritzi berekoa, ordea, AEE Amerikako Estatuen Erakundea, Peruko agintariak zoriondu baitzituen «pandemia eta polarizazio politikoa» protagonista izan dituzten boz hauek «modu baketsu eta demokratikoan» antolatzeagatik; bi hautagaiei, berriz, pazientzia izateko eskatu zien, eta edozein zalantza edota kexa «legezko bidetik konponduko» dela ohartarazi zien.

Fujimorik Castillorekiko tartea txikitzen hasi aurretik egin zuen «iruzur» salaketa; izan ere, atzerriko botoetan nabarmen ari da nagusitzen presidentegai eskuindarra, eta, lerro hauek idazteko garaian horien erdiak baino gutxiago zeuden arren zenbatzeko, joeran aldaketarik ez izatea espero da kanpoko botoei dagokienez; argi ez dagoena da, hortaz, eskuindarrari garaipen hori nahikoa izango ote zaion Castillori berriz ere aurrea hartzeko.

Behin betiko emaitzari begira, hautagai ezkertiarrak mezu baikorragoa helarazi zien bere jarraitzaileei, «bakea eta zuhurtasuna» lehenetsi beharrean jarri baitzuen arreta: «Berriz ere esango dugu: herriak bakarrik salbatuko du herria».

Ez zegoen faboritoen artean

Politikara iritsi berri, Castillo ez zegoen Peruko presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulira igarotzeko faborito nagusien artean, baina, lehen itzulian botoen %18,9 eskuratuta, bost puntu baino gehiago atera zizkion bigarrenari, Fujimoriri.

Emaitza horiek eta kanpainak agerian utzi zuten berdinketa tekniko baterako aukera handia zegoela, eta, iragan igande gauean, bigarren itzuliko hauteslekuak itxi berritan argitaratutako lehen inkesta eta zundaketek jokaleku hori islatu zuten.

Orduek aurrera egin ahala, baina, eskuindarraren garaipena irudikatzen hasi ziren lehen emaitzak: Lima hiriburuan —han bizi dira Peruko herritarren laurdenak— botoen %65 inguru eskuratu ditu, eta hirigune gehienetan ere hark irabazi du. Castillok argi zuen, baina, une batetik bestera egoera iraul zitekeela, eta azkenean hala gertatu da, botoen %94 inguru zenbatuta zegoela aurreratu baitzuen lehen aldiz Fujimori.

Izan ere, landa eremuetan oso bestelakoa da egoera: presidentegai ezkertiarrak, barrualdeko hainbat departamentutan, botoen %80ren langa ere gainditu du.

Peruko presidente kargua eskuratzen duenak uztailaren 28an egingo du karguaren zina, herrialdearen independentziaren bigarren mendeurrenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.