Armadak Al-Baxir bota du, eta Sudango Gobernuaren kontrola hartu

Bi urteko trantsizio epea nahi dute militarrek, bozak egin aurretik. Elkarteek mobilizazioei eutsiko diete, gobernu zibil bat eskatzeko

Protestak eta ospakizunak militarren egoitzaren sarreran, atzo, Khartumen. EFE.
jakes goikoetxea
2019ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Omar al-Baxir Sudango presidentea boteretik kendu eta atxilotu egin dute orain arte babestu izan duten horiexek: militarrek. Al-Baxirrek berak estatu kolpea eman zuen boterea eskuratzeko, 1989an. Armadak bi urteko trantsizio epea aurreikusi du, militarrek osatutako gobernu baten agindupean, hauteskunde «askeak eta garbiak» egin aurretik. Hala zehaztu zuen Awad Ibn Ouf Defentsa ministroak atzo, estatuko telebistan zabaldutako mezuan. «Armadak boterea hartuko du, herritarren ordezkari gisa, bidea errazteko sudandarrak duintasunez bizi ahal izateko».

Oraingoz, gobernuaren erakunde guztiak indargabetu dituzte; hiru hilabeteko larrialdi egoera ezarri dute; konstituzioa bertan behera utzi dute; mugak itxi dituzte, eta aire eremua ere bai, 24 orduz.

Oufek militarren kolpea zuritu du esanez herrialdeak «kudeaketa txarra, ustelkeria eta justizia falta» jasan behar izan dituela.

Al-Baxir «leku seguruan» daukate. Ez dute zehaztu zer egingo duten presidente ohiarekin. Nazioarteko Justizia Auzitegiak Al-Baxir atxilotzeko agindu zuen 2009an, gerra krimenak eta gizateriaren kontrako krimenak antolatzeagatik Sudan mendebaldeko Darfur eskualdean.

Sudandarrek hilabeteak daramatzate bizimoduaren garestitzearen kontrako protestak egiten eta Al-Baxirren dimisioa eskatzen. Gobernuak gogor erantzun die protestei, eta 80 lagun inguru hil dituzte hilabeteotan.

«Erori da, irabazi dugu», abestu zuten atzo kalera ateratako sudandar batzuek. Denak ez daude guztiz pozik, ordea. Al-Baxirren kontrako protesten ezaugarrietako bat izan da gizarte zibileko taldeek zuzendu dituztela; Sudango Profesionalen Elkarteak, esaterako. Harentzat, militarrek estatu kolpea eman dute «aurpegi eta erakunde berek jarraitzeko». Elkarteak herritarrei eskatu die protestei eusteko, harik eta «boterea iraultzaren indarra ordezkatuko duen trantsizio gobernu zibil bati eman arte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.