Albistea entzun

Gazteek agertokira salto egin dezaten

Nafarroako Antzoki Sareak 'Oholtzara' programa antolatu du, arte eszenikoak gazteengana gerturatzeko helburuz. 5.834 ikaslek hartu-emana izango dute dantzari eta antzerkilariekin
Ikasleek obra bat sortuko dute Dantzaz konpainiako kideekin.
Ikasleek obra bat sortuko dute Dantzaz konpainiako kideekin. BLANCA RAZKIN Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2019ko urtarrilak 23 - Iruñea

«Egungo gazteak ez dira antzokietara joaten». Hori uste du Zutoia Toral Nafarroako Antzoki Sareko zuzendariak. Gazteek arte eszenikoak «urrun» sentitzen dituztela dio Toralek. «Baina ez bereziki zaila delako publiko horrengana heltzea, baizik eta inoiz ez delako saiakerarik egin». Haren hitzetan, gazteek interes eta kezka asko dituzte, baina oraingoz ez dute asmatu horiek agertokietara bideratzen. Horri aurre egiteko, Oholtzara programa antolatu dute: gazteak dantzaren eta antzerkiaren unibertsora gerturatu, eta protagonista bihurtuko dituzte.

Iaz sortu zuten Oholtzara egitasmoa, La Caixako Gizarte Ekintzarekin eta Nafarroako Kutxa Fundazioarekin elkarlanean, eta Nafarroa osoko 27 herritako 5.834 gaztek parte hartuko dute programan. Azaroan jarri zituzten martxan lehenbiziko jarduerak, eta martxoaren 29ra arte iraungo dute. Antzerkia eta dantza gazteengana gerturatzeko erabiltzen ari diren metodoa «bitartekaritzaren bidezko bizipena» da; alegia, profesionalen eta gazteen arteko hartu-emana sortzen dute, eta parte hartzaileei aukera ematen diete antzerkiaren eta dantzaren esperientzia beren gorputzean sentitzeko. «Modu horretan, esperientzia guztiak oso pertsonalak dira: bakoitzak bere barnetik bizi ditu, eta eragin handiagoa dute norberarengan», azaldu du Toralek.

Lau jarduerak osatzen dute programa. Lehenbizikoa Teatro a Quemarropa eta Atikus Teatro konpainiekin antolatu dute. Konpainia horietako profesionalak institutuetara joango dira, gazteak ezagutzera eta haiekin solas egitera. Ondoren, ikasleek konpainia horietako Oasis eta Julieta to da antzezlanak ikusiko dituzte. Bi obra horiek indarkeria matxistaren eta sexu aniztasunaren gaiak jorratzen dituzte. «Gaur egungo gizarte gaiak landuta, gazteek gertuago senti dezakete obra», adierazi du Toralek. Azkenik, ikasleak agertokian ikusi dutenak beraiengan izandako eraginaz mintzatuko dira aktoreekin. Dagoeneko hamar zentrotan egin dute jarduera, eta, zuzendariak esan duenez, horietan ikusi dute balio izan duela gazteek esperimentatzeko eta beren sentimenduak adierazteko.

Horrekin batera, antzerki taldeak sortzen ari dira herrietan, «sormena bultzatzeko». Taldeek, lehenbiziko urratsetan, antzerkiaren arloko tokian tokiko profesionalen laguntza dute. Dagoeneko martxan daude talde batzuk, eta, Toralek esandakoaren arabera, parte hartzaileek «interes handia» erakutsi dute.

Antzerkiko esperientziaren ostean, gazteak dantzaren munduan murgilduko dira. Astebetez, Dantzaz konpainiarekin partekatuko dute ikasgela, eta dantza garaikideko pieza bat sortuko dute elkarrekin. «Profesionalen eta ikasleen elkarbizitzak ahalbidetzen du gazteek dantza garaikidearen lengoaia gertutik sentitzea», esan du Toralek. Dantza garaikidea ezagutzea «aste bakarreko bizipena baino askoz gehiago» dela onartu du; baina, halere, lehenbiziko kontaktua eta esperientzia sortzeko bide egokia dela uste du. «Proiektua egin duten tokietan bizipen interesgarriak sortu dira: gazteek gauza berriak probatu eta sentitu dituzte».

Gozatzea helburu

Belaunaldi berriak arte eszenikoetara gerturatzeko zailtasunen jakitun dira Nafarroako Antzoki Sareko kideak. Hori dela eta, ahalegindu dira programan jarduera «berritzaileak» ere sartzen, parte hartzaileak dibertituko direla ziurtatzeko. Horietako bat da Escape Room jarduera. Abentura joko bat da: jokalariak gela batean sartzen dituzte, eta, pisten bidez, tokitik ateratzeko bidea aurkitu behar dute. «Espazioa sentitzeko eta ongi pasatzeko modu bat da», Toralen hitzetan.

Ostiralean Atarrabiara helduko da Oholtzara proiektua, eta hurrengo geltokiak Berriobeiti, Zangoza eta Tafalla izango dira.

Programak aurrera egin ahala, «gero eta gogobeteago» dagoela adierazi du zuzendariak. «Hau hurreratze bat baino ez da izango; proiektuak aurrera jarraitu behar du». Hark lanean jarraitzeko konpromisoa erakutsi du, «gazteak oholtzara igo daitezen».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

1 ©MARISOL RAMIREZ / @FOKU

Berriro ere topagunea da

Ainhoa Sarasola

Iazko etenaren ondotik, aurrez aurrekoa izatera itzuli da Durangoko Azoka, eta, edukiera mugarekin, jendez bete da berriro ere Landako Gunea. Txandaka joan dira sartzen bisitariak, pilaketarik gabe

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Nahikoa lan izan dugu atzerakadari eusten»

Iñigo Astiz

Loiola, festara etorri, eta kulturak harrapatu zuen bere lehen Durangoko Azokan, eta Del Campo sormenerantz bultzatu du pandemiak. Landakon ezagutu dute elkar.

Myriam Miranda, Igor Muniategi, Amaia Ozerin eta Maite Bidarte, atzo, Landako guneko areto nagusian. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Bidea urratzeko lanabesak

Andoni Imaz

Sortzaileei euren jardunean laguntzeko zenbait tresna azaldu dituzte mahai inguru batean: egile eskubideei, kontratazioari eta zabalkundeari buruzko argibideak eman dituzte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.