Donostiako 80. Musika Hamabostaldia

Bost konposizio estreinatuko dituzte Musika garaikideko zikloan

Voro Garcia, Adrian Borreda, Hugo Morales eta Teresa Catalanen lanak emango dituzte Silboberrik,Synergein Projectek eta Trio Arbosek

Synergein Project perkusio taldea ostiralean ariko da. MUSIKA HAMABOSTALDIA.
mikel lizarralde
Donostia
2019ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Joerarik berrienetara bideratuta dauden konpositore eta interpreteei lekua egin ohi die Musika Hamabostaldiak Musika garaikideko zikloan. Aurten, bost kontzertu programatu ditu, musika garaikidearen hainbat adar jorratzeko asmoarekin, baita alor horretan lan egin duten konpositoreen lana gogora ekartzeko ere. Era berean, musika garaikidean aurkikuntza garrantzitsuak egin dituzten aitzindariak izango dira zikloaren ardatza: George Crumb konpositoreak instrumentu anplifikatuak erabili izana, Tom Johnsonek opera minimalista garatu izana eta Silboberriren eskutik txisturako errepertorio berria bultzatzea, esaterako. Konposizio egin berriak ere izango dira zikloan, Voro Garciaren, Adrian Borredaren, Hugo Moralesen eta Teresa Catalanen bost partitura estreinatuko baitituzte hamabostaldian.

Musika garaikideko zikloa igandean hasi zen Taller Atlantico Contemporaneok Crumben lanari egindako omenaldiarekin —haren hiru obra esanguratsuenak interpretatu zituen: Madrigalesen bigarren liburua, Vox Balaenae eta Night Music—, eta Tom Johnsonen Lau noten opera-ren euskarazko estreinaldiaz gain, beste hiru kontzertu programatuko ditu. Guztiak Kursaaleko Erabilera anitzeko Aretoan izango dira, 20:00etan hasita.

SILBOBERRI ELKARTEA

Berziztu izenarekin sortu zen Silboberri elkartea 1998an, txistua eraberritzeko asmo garbiarekin. Azken hogei urteotan txisturako ehunka obra enkargatu, estreinatu, argitaratu eta grabatu ditu, instrumentuaren aukera tekniko eta estetikoak zabalduz. Musika Hamabostaldian emango duen kontzertuan, txistuari lotutako proposamenik berrienak aurkeztuko dituzte Aitor Amilibiak (txistua eta danbolina), Jose Antonio Hontoriak (akordeoia) eta Elur Arrietak (perkusioa). Carlos Villasol, Felix Ibarrondo eta Joseba Torre euskal konpositoreen lanez gain, Cesar Camarero eta Voro Garciari egindako bi enkargu ere interpretatuko dituzte. Garciarena, Besteen aztarnak txistu, danbolin eta akordeoirako idatzitako obra, estreinaldia izango da. Kontzertua bihar izango da.

SYNERGEIN PROJECT

Synergein Project gaur egungo perkusio talderik aktiboenetako bat da, eta, 2014an sortu zenetik,perkusioaren ikuspegi zabala ematea izan du xede nagusia. Sisco Aparici perkusio kontzertistak eta Vincent Gomez musika elektroakustikoko konpositore eta interpreteak sortu zuten, proiektu pedagogiko-musikal gisa, eta 2016an Juanjo Llopico perkusionista batu zitzaien. Esperimentazioari eta teknologia berriei zabalik daude, eta obrak berriak sortzeko helburua dute, adierazpen eta interpretazio modu berriak sortzeko eta musika garaikideko errepertorioa aberasteko.

Musika Hamabostaldian hiru lan estreinatuko ditu Synergein Projectek, guztiak taldeak egindako enkarguak: Adrian Borredaren Cantos III, perkusio eta elektronika trioa; Hugo Moralesen perkusio duo bat; eta Voro Garciak konposatutako perkusio hirukoterako pieza berri bat. Ostiralean izango da kontzertua.

TRIO ARBOS

Cecilia Bercovich biolinistak, Jose Miguel Gomez biolontxelo jotzaileak eta Juan Carlos Garvayo pianistak osatzen dute Trio Arbos, 1996an Madrilen sortutako hirukotea. Klasizismo eta Erromantizismo garaietako lanak interpretatzen ditu, baita gaur egungo konpositoreek idatzitako obrak ere.

Donostian, Musika Hamabostaldiak Teresa Catalani egindako enkargu bat estreinatuko du Trio Arbosek, eta Salvatore Scirrianoren obra bat, Mauricio Kagelen beste bat eta Cesar Camareroren bat ere interpretatuko ditu. Kontzertua hilaren 28an izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.