Hiru belaunaldi nahasita, gerra eta maitasuna lokarri dituztela

Jon Iñaki Lasak 'Pertsonaiak' poesia liburua argitaratu du. Lotura zuzena du aurrez atera zuen liburuarekin, 'Bidaiak' izenekoarekin

Jon Iñaki Lasa idazlea Pertsonaiak liburuaren aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Miren Garate.
Donostia
2019ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Poesiarekin egin zuen debuta literaturan Jon Iñaki Lasak (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1963), artean 20 urte ere ez zituela. Beste zenbait liburu idatzi ostean, urte askoan egon zen genero horri heldu gabe, harik eta orain dela bi urte Bidaiak (Pamiela) argitaratu zuen arte. Osabaren gaixotasunak eta heriotzak baldintzatutako poema sorta bat zen, baina bazeuden gerrarekin harremana zuten zertzelada batzuk ere. Argitaratu berri duen Pertsonaiak (Pamiela) liburuak aurrekoarekin lotura handia duela esan du idazleak.

Gerra oso presente egon arren, liburuko bizkarrezurra maitasuna edo maitasuna adierazteko modua dela zehaztu du. Hiru belaunaldi nahasi ditu poemaz poema. Batetik, «gure gerrako» eta Bigarren Mundu Gerrako pertsonaiak daude, edo, zehatzago esanda, gerran parte hartu zuten haurrek nola bizi izan zuten garai hura aipatu du. «Zeren ikusiz gero sasoi hartako kanposantuak, hildako gehienek 17-18 urte zituzten». Gerraostea bizi izan zuten gazteena da bigarren multzoa. Eta azkenik, «aurredemokrazian» bizi diren pertsonaiak daude. «Hori da gure sasoia, nirea behintzat. Ez da amaitzen inoiz. Gure gaztaroko gauza batzuk ere sartu ditut».

Belaunaldiak ez ezik, euskaren moldeak ere nahasi ditu, batzuetan istoriotik aldentzeko, beste batzuetan hurreratzeko. Aitona hitza jarri du adibidetzat: «Aitona hitza niretzat ez da ezer, ze sekula ez dut aitonarik izan, amuma, aitxitxe, attitte izan ditut. Horiek afektiboki lotu egiten naute egoera eta bizipen batzuetara, pertsona batzuengana, aitonak ez bezala». Zuberotarraren antza izan dezakeen euskalkia ere erabili du poemetako batean. «Euskara hori oso exotikoa iruditzen zait, baina ez dit ezer esaten, da nire lehen poemetan erabiltzen nuen euskararen antzeko zerbait.Ulergaitza? Bai, baina ariketa batzuk egiten ari nintzelako, hizkuntza ikasi eta garatu nahi nuelako».

Nola eman bukaera liburuari. Hori izan da idazlearen buruhausteetako bat. Gai horiei buruz idazten hasi, eta urteetan jarraitzeko arriskua ikusten baitzuen,«baina ez nuen nahi, ze niri gauza hauetaz hitz egitea ez zait gehiegi gustatzen». Familia askotan entzun izan diren istorioak dira Lasak aipatzen dituenak. «Gure etxeetan gauza batzuk kontatu izan dira, baina beste asko ez, beste asko sumatu egin ditugu, iradoki egin dira, baina ez da argi hitz egin gauza horiei buruz». Idazleak berak ere nahasketa bat egin du sumatutakoekin, entzundakoekin eta asmatutakoekin.

Izenbururik gabe ageri dira poemak, baina, Lasaren esanetan, erraz identifikatzen da bakoitza zein garaitakoa den. Esplizitatu ere egin ditu batzuk. «Adibidez bada gure aitonari gertatutako zerbait. Zazpi heriotza zigor jarri zizkioten, eta gero bakarra nahikoa zela esan zioten. Azkenean libratu egin zen, eta nire aita 5 urte zituenean ezagutu zuen». Horrelako historia batzuk badaudela kontatu du, baina zeharka, intuitu egin behar direla. Horregatik, aholku bat eman die irakurleei: ez saiatzeko den-dena ulertzen. «Ez dago dena ulertu beharrik; kontua da zerbait esaten dizun edo ez; ez badizu ezer esaten, itxi liburua, ez da ezer gertatzen».

Argibideen atala

Horren haritik, kontatu du normalean gauzak gehiegi argitzea ez zaiola gustatzen. «Batzuetan, oso sakoneko gauzak dira, eta, beste batzuetan, poema sortzen da tontakeria handi batetik». Pertsonaiak liburuan zenbait joko ere egin ditu idazleak, adibidez, poema bakoitzaren amaieran laburdura bat ageri da, baina ez du argitu haien esanahia. Hala ere, irakurleei pista batzuk emateko, argibideen atala gaineratu du amaieran, «hasieran jarriz gero, misterio batzuk misterio gabe uzten dituzulako». Amaieran jarriz gero, akaso, irakurlea liburua berriz irakurtzera bultza daitekeela uste du.

Leonard Cohenen testu bateneta Olga Lengyelen beste testu baten moldaketa ere sartu du Lasak liburuan, baita Nikolas Alzola Tontorreko-k argitaratutako testu bat ere. «Oso gustuko dut betidanik testu arrotzak integratzea, bildumetan kantariek egiten duten bezala».

Izenburuak ere badu bere istorioa. Gaztelaniazko -aje atzizkiei erreparatu die, eta hiru salbuespen ekarri ditu gogora: bidaia, pertsonaia eta paisaia, hau da, euskaraz -aje atzizkia hartzen ez duten hiru hitzak. «Ez dakit Paisaiak-era helduko naizen. Osabak ere hiru poesia liburu idatzi nahi zituen: Eskaintzak, Eskenak, antzerkiarekin lotura handia zuelako, eta Azkenak. Idatzi zituen Eskaintzak eta Azkenak, eta Eskenak hor geratu zen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.