Gazteen inguruko aurreiritzien aurka

Miren Billelabeitiak 'Norberak maite duena' saiakera kaleratu du, Pamiela argitaletxearekin. Urteetan gazte eta ikasleekin liburuen inguruan izandako solasaldietan oinarritu du liburua

Miren Billelabeitiaren aurkezpena, Elkar liburu dendan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2022ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
«Gazteek ez dute irakurtzen. Askotan, horrelako aurreiritziak izaten ditugu helduok, batez ere literaturaz dakigunok eta irakasleok», aitortu du Miren Billelabeitia euskal filologo eta idazleak. Hainbat urtean, liburuen inguruko solasaldiak egin ditu gazte eta ikasleekin. Izan ere, irakaslea ere izan da Mungiako institutuan (Bizkaia). Solasaldietan esandakoa jaso, eta Norberak maite duena; hitza gogoan, irakurketa biziz saiakera idatzi du orain. «Niretzat, apaltasun ariketa bat izan da, gazteen inguruko aurreiritzi horien kontra egiteko». Pamiela argitaletxearekin kaleratu du liburua.

Urtebete inguru ibili da hura idazten. Materiala biltzen, ordea, «hogei urte baino gehiago» eman du. Irakurleen ikuspuntua azaleratu nahi izan du. «Hurbilen izan ditudan irakurleak gazteak eta ikasleak izan dira, 14 eta 17 urte bitartekoak». Eta gehitu du «asko gozatu» duela liburua idazten, «ia-ia solasaldietan bezala».

Liburuaren «tonua» Nuccio Ordine idazlearen bi liburutan oinarritu du. Billelabeitiak azaldu duenez, Ordinek ikasleekin egindako lana kontatzen du lan horietan, eta hori egitea erabaki du berak ere: «Tonu hurbila erabili dut irakurketaz aritzeko eta nire bihotzak sentitzen duenari buruz idazteko».

Liburuak ez dauka ikerketa literariorik, ezta literaturari buruzko historiarik ere. «Gogoetaz beteta dago», zehaztu du. Hamazazpi artikulu ditu, bi ataletan banatuta. Solasaldi literarioak da lehenengo atala, eta bi artikulu ditu: «Teorikoenak eta orokorrenak dira». Irakurketa solasaldien sorreraz aritu da hasiera horretan, baita irakurketak eta literaturak beretzat duten garrantziaz ere. «Irakurketak aukera ematen digu iritzi gogoetatsu bat eraikitzeko; hitz iraingarriz beteta dagoen mundu zaratatsu honetan geldialdi bat egin eta gogoetari ekiteko».

Bigarren atalak hamabost artikulu ditu: Irakurketak eta gogoetak. «Pisurik handiena» duen zatia da, idazlearen hitzetan. Literaturako klasikoak agertu arren, gazteen gogoetek eta iradokizunek hartu dute tokirik handiena: «Gazteen hitza eskaini nahi izan dut liburu honetan, eta askotan hitzik ez dutenen ahotsa bertan jarri». Gehitu du irakurketa «oso garrantzitsua» dela, baina «gazteen irakurketa ere aldarrikatu behar dela».

Ikasleen izenak eta iritziak

Aurreko liburua nola sortu zuen gogoratu du Billelabeitiak bigarren atal horretan. Izan ere, Mungiako BHI institutuko ikasleekin batera kaleratu zuen Aitita-amamen guda zibila liburua 2019an. «Hor ikusten da nola ikasleek bidea egiten duten irakurketatik solasaldira eta solasalditik idazketara; eta hori erakutsi nahi izan dut berriro ere». Liburu hori aukera izan zen ikasleak «historiaren gertaera latz batzuekin» lotzeko.

Liburuan agertzen diren ikasle guztien izenak benetakoak dira: «Ikasleei deitu nien liburua idazten ari nintzela esateko eta euren aipu batzuk erabiliko nituela komentatzeko». Adierazi duenez, «hotza» izango litzateke ikasleei izenak jarri beharrean zenbakiak jartzea: «Ez nituen ikasle bat, ikasle bi eta ikasle hiru deitu nahi». Solasaldi batzuk grabatuta zeuzkanez, aipu zuzenak atera ahal izan ditu. Beste aipu batzuk, ordea, Billelabeitiak berak gogoratzen zituen: «Horiek nire hitzekin jarri ditut».

Idazlearen ustez, «irakurketaz irakurri nahi dutenentzat» da liburua. Gazte, heldu zein nagusientzat. Izan ere, nahiz eta iritziak eta gogoetak gazteenak izan, argi utzi du iritziak ez direla oso desberdinak: «Gazteek islatuta ikusiko dute euren iritzia, baina nagusiek ere bai». Iritzi bereziak jaso ditu, baina baita ohiko iritziak ere. «Inoiz pentsatu ez ditugun iritziak egongo dira, baina gureak berresten dituztenak ere bai», esan du. Eta beste aurreiritzi bat aipatu du: «Uste dugu gazteek umekeriak esaten dituztela, baina hori normalean ez da gertatzen».

Aurreiritzien harira, Billelabeitiak gaineratu du helduek dutela gazteenganako erantzukizuna: «Gazteek edozer irakurtzen dutela diogu, baina zer eskaintzen diegu guk?» Helduek hautatzen dutena irakurtzen dutela esan du; eta irakurketa onik ematen ez badiete «zabor jana» irakurriko dutela. «Guk kalitatezko jana ematen badiegu, kalitatezko lanak irakurriko dituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.