KRITIKA. Opera

Amodioa iraultza aldian

2017ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun

Umberto Giordanoren 'Andrea Chenier'

Abeslariak: Gregory Kunde, Anna Pirozzi, Ambrogio Maestri, Elena Zilio, Manel Esteve, Francisco Vas. Musika zuzendaria: Stefano Ranzani. Eszena zuzendaria: Alfonso Romero Mora. Musikariak: Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Abesbatza: Bilboko Opera Koroa. Non: Euskalduna Jauregian, Bilbon.Noiz: Maiatzaren 23an.

Atsegin handiz ikusi dugu Olbek denboraldiaren amaierako eskaini digun Umberto Giordanoren Andrea Chenier opera verista. Libretoak Frantziako Iraultzaren garaian kokatzen du amodiozko tirabira hirukoitza, naturalismoaren musika estiloarekin azalduta eta ikuspuntu idealistatik abiatuta. Izan ere, modu dotorean aprobetxatu du Alfonso Romero eszena zuzendariak testuinguru hori gizarte-egituraren apurketa irudikatzeko: hau da, bai aristokrata esplotatzaileen jauregian zein iraultzaren eszenetan zorua pendiz zegoen, eta sabaia gero eta gehiago arrakalatzen zen, beste ñabarduren artean. Horretan, primeran lagunduko zioten eszenografia estetikoak bai eta janzkerek eta argiztatzeak ere. Edertasunaren ildotik joan da musikagintzaren eremua ere.

Bada, abeslarien artean, Gregory Kunde tenorra izan da lan mardul eta distiratsuena egin duena. Beheko erregistroetan izandako gora-behera batzuk kenduta, musikaltasuna eta miragarrizko erregistro altua erakutsi digu Chenier poetaren rolean. Horren adibiderikargienak Comme un bel di di maggio poema eta azken Duo izan litezke. Anna Pirozzi sopranoak, berriz, 3. ekitaldiko La mamma morta aria di bravura-ra heldu arte ez zuen askatudaukan ahots ederra, Maddalenaren rolean. Aldiz, asko gustatu zaigu Ambrogio Maestri baritonoaren antzezmodua eta kantaldia, iraultzaile eta maitale antagonistaren rolean, askotan eszenaren erdigune bilakatuz. Beraz, erregistro guztietan erregulartasuna eta fraseo paregabea haizeratu zituen: Nemico della patria aria eta Duoa ziren biribilduenak. Beste mailako abeslarien artean Francisco Vas tenorrak ondo bete zuen salatariaren rola, eta Elena Zilio mezzoa hobeto egon zen berak abestu zuen bigarren rolean, Madelonen rolean, hain zuzen ere. Bilboko Orkestra Sinfonikoa operaren beste protagonista bihurtu zen Stefano Ranzano zuzendariaren esku trebeetan. Musikariek tinbre egokiak lortu zituzten continuum musikalean, leitmotivak nabarmenduz. Bilboko Operaren abesbatzak lan handia egin zuen aldapan zegoen zoruaren gainean eszena koraletan, eta andrazkoek eder abestu zuten hasieran dagoen O pastorelle addio izeneko pastorala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.