2022ko udazkenean egingo da XVIII. Bertsolari Txapelketa Nagusia

Getxon hasiko da, irailaren 24an, eta Iruñean amaituko da, abenduaren 18an. Aurten egitekoa zen, baina osasun egoerak ezinezko egin du

2017an jokatu zen azkeneko Bertsolari Txapelketa Nagusia. ARITZ LOIOLA / FOKU.
mikel lizarralde
2021eko urriaren 27a
00:00
Entzun
Pandemiak eragindako egoera leundu den honetan, lurraldeetako txapelketak ahalik eta normalena bururaino eramateko modua izango dela aurreikusiz, 2022ko udazkenean XVIII. Bertsolari Txapelketa Nagusia aurrera eramatea erabaki du Bertsozale Elkarteak. Atzo jakinarazi zuen erabakia elkarteak, eta, iragarri zuenez, Getxon (Bizkaia) abiatuko da, irailaren 24an, eta, euskararen lurralde osoa zeharkatu ostean, Iruñean lurreratuko da finala, abenduaren 18an.

«Ibiltaria da Bertsolari Txapelketa Nagusia. Euskal Herrian zehar, herrialdez herrialde, herriz herri, eragitea eta bertsolaritza sustatzea da Bertsozale Elkartearen helburua. Ondorioak nabariak izan ohi dira: zaletasuna areagotzen da, bertso eskolentzat bizigarri dira, eta ilusio piztaile da tokian tokiko bertsogintzan», adierazi du Bertsozale Elkarteak.

Xede horrekin eta Iruñean Nafarroa Arenak Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalerako beharrezkoak diren azpiegiturak eskaintzen dituela aztertu ondoren, Bertsozale Elkarteak finala han egiteko erabakia hartu du.

Finala Iruñean izateak Iruñerrian eragitea du asmoetako bat. «Ez da asmo bakana; Nafarroan bertsolaritza sustatzeko ahalegin handia egin du Nafarroako Bertsozale Elkarteak 1984. urtetik. Horren ondorio da, besteak beste, Nafarroako Gobernuak 2018an bertsolaritza kultur intereseko ondasun izendatu izana».

1987an sortu zenetik Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak antolatzen duen hamargarren Bertsolari Txapelketa Nagusia izango da hurrengo urtekoa. Urte hauetan aldaketa handia izan dute txapelketako finalek, eta, hala, 2005etik gaur egunera arte, Barakaldoko BECen (Bizkaia) egin dira finalak. 1935etik 2001era bitartean, Donostian egin ziren.

Plazak berreskuratzea

Ohiko bertso plaza berreskuratzea da bertsolaritzaren mugimenduaren asmo nagusia oraintxe, elkarteak adierazi duenez. «Era berean, egun abian diren lurraldeetako txapelketak hasieratik amaieraraino ahalik eta normaltasun handienarekin gauzatzeko eta Bertsolari Txapelketa Nagusiaren antolakuntzan ilusioz eta buru-belarri ari da elkartea».

Lau urtetik behin egiten denez, aurten egitekoa zen Bertsolari Txapelketa Nagusia, baina koronabirusaren pandemiak eragindako egoerak ezinezko egin du, eta joan den urteko abenduan jakinarazi zuen Bertsozale Elkarteak txapelketa atzeratzeko erabakia. Aurten, ordea, herrialdeetako hainbat txapelketa jokatzen ari dira, eta horrek modua eman du datorren urtean Bertsolari Txapelketa Nagusia antolatzeko.

Xilaba Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko txapelketa finalaurrekoetan da dagoeneko, eta heldu den larunbatean jokatuko da horietako hirugarren eta azkena, Izpuran (Nafarroa Beherea). Finala, berriz, azaroaren 13an izango da, Donibane Lohizunen (Lapurdi).

Nafarroako Bertsolari Txapelketako kanporaketak jokatuta, azaroaren 1ean hasiko dira finalaurrekoak, Altsasun. Beste bi finalerdiak azaroaren 6an (Berriozarren) eta 14an (Leitzan) egingo dira, eta finala, azkenik, azaroaren 28an jokatuko da, Iruñean.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bosgarren eta azken kanporaketa larunbatean jokatuko da, Elorrion. Finalaurrekoak azaroaren 21ean, 27an eta abenduaren 4an egingo dituzte, Etxebarrian, Galdakaon eta Larrabetzun, hurrenez hurren; eta finala abenduaren 18an jokatuko dute zortzi bertsolari sailkatuek, Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.