Bost erakusketa egongo dira ikusgai aurten Bilboko Azkuna zentroan

Erakusketez gainera, beste 200 jarduera baino gehiago programatu dituzte, eta arte bisualak indartzea izango du ardatzetako bat zentroak

Juan Mari Aburto eta Fernando Perez, atzo, Azkuna zentroan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2022ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
«Aurtengo urtea ez dugu nahi bezala hasi, baina, zalantzarik gabe, kulturak ilusioa berreskuratzen lagunduko digu». Itxaropentsu dago Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, eta ez da gutxiagorako. Bilboko Azkuna zentroak 200 jardueratik gora eta bost erakusketa programatu ditu 2022rako. Zentroa kultura garaikidearen lantegi «bizi, aktibo eta askotarikoa» bihurtu dela nabarmendu du Fernando Perez zuzendariak, eta aurrerantzean ere bide beretik jarraitu nahi dute.

Martxoaren 11n irekiko dute lehenengo erakusketa: Ahots bat Erausorentzat. Trans garai baterako epilogoa. Cabello/Carceller kolektibo artistikoak ekoitzitako lana izango da, eta Paul B. Preciado arituko da komisario lanetan. 1626an Katalina Erausori egindako erretratu bat izan da proiektuaren abiapuntua, eta, performancea, fikzioa, kontakizuna eta bideoa nahastuz, pertsonaiaren ertzak agerian jarriko ditu. «Katalina Erausoren pertsonaia oso presente eta gaurkotuta agertuko da erakusketa osoan», azaldu du Perezek. Besteak beste, gorputza, generoa, identitatea eta antzeko beste gai batzuk landuko dituzte.

Cabello/Carceller bikoteak Erausoren erretratu berri bat egin du, eta erakusketan kontakizun historikoaren eraikuntza eta queer eta trans politika garaikideak harremanetan jarriko dituzte. Horrez gain, bigarren hezkuntzako ikastetxeentzako hezkuntza programa bat ere jarriko dute martxan, eta bisitak zein tailerrak ere eskainiko dituzte.

Hurrengo erakusketa udazkenean iritsiko da Azkuna zentrora, Somewhere from here to heaven izenburupean. Hainbat belaunalditako zinemagileen konstelazioa marrazten duen ikus-entzunezko erakusketa bat izango da, eta Garbiñe Ortega arituko da komisario lanetan. Bruce Baillie zinemagilearen ibilbidean oinarrituta egongo da nagusiki.

Bi horiez gainera, beste bi erakusketa programatu dituzte BAT Espazioan: Sahatsa Jauregiren Aizkora eta Isidoro Valcarcelen Arquitecturas prematuras. Bestalde, Mediateka Galeriak, Maria Ptqk-k komisario duela, Ciencia Fricción erakusketa hartuko du.

Halaber, aurtengo proiektuen artean egongo dira, besteak beste, Gutun Zuria Bilboko Letren nazioarteko jaialdia —martxoaren 29tik apirilaren 2ra egingo dena—; eszenAZ arte eszenikoen denboraldia; musika esperimentalaren Hotsetan programa eta DendAZ euskal diseinuei ikusgarritasuna emateko gunea. Bestalde, urtero legez, zinemak eta ikus-entzunezkoek ere izango dute lekua programazioan. Aurten, Iciar Bollaini eskainitako ziklo monografiko bat antolatu du zentroak. Eta, horren ondoren, emakumezko zinemagileek zuzendutako film sorta bat eskainiko dute. Baina, badago berrikuntza bat: Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera, arte eta kultura garaikideko praktikari eta teoriari buruzko masterra jarriko du martxan zentroak, urrian.

Guztira, 180 artistak eta sortzailek baino gehiagok osatuko dute Azkuna zentroko komunitate artistikoa. «Horiek izango dira gure programazioaren muina», adierazi du zuzendariak.

Askotariko publikoa

Joan den urteari dagokionez, urte «zaila» izan dela onartu du Aburtok, baina egindako balantzea positiboa da: bi milioi bisitari baino gehiago izan ditu zentroak, guztira. «Ekintza askotarikoak, gehienbat doakoak eta kalitatezkoak eskainiz, Bilbok duen programazioaren parte da Azkuna zentroa», adierazi du alkateak.

Zentroko zuzendariak ere publikoaren «erantzun ona» nabarmendu du, eta bisitarien artean dagoen «aniztasuna» goraipatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.