'Parasite' izango da Perlak sailean lehiatuko den filmetako bat

'Les Misérables', 'We Missed You', 'Hors Normes', 'O que arde', 'Beanpole', 'Di jiu tian chang' eta 'Amazing Grace' ere Donostiako Zinemaldiko sail horretarako hautatu dituzte

Parasite filmaren fotograma bat. Bong Joon Horen lanak Urrezko Palma irabazi du aurten Cannesen. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Miren Garate.
2019ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldiak atzo eman zuen Publikoaren Saria jasotzeko hautagai izango diren film batzuen berri. Bong Joon Ho korearraren Parasite da horietako bat; Cannesko azken zinemaldian Urrezko Palma eskuratu du lan horrek. Familia aberats baten eta familia pobre baten arteko topaketa ardatz hartuta, filmak erradiografia sozial bat egiten du.

Cannesko zinemaldian sail ofizialean lehiatu ziren beste bi film ere hautatu dituzte Donostiako Perlak-erako: batetik, Les Misérables —Malin jaiotako Ladj Ly zuzendariaren lehen lan luzea—, Paris kanpoaldeko auzoetako bizitza asaldatua kontatzen duen drama; bestetik, Ken Loach ingelesaren We Missed You, lan prekarizatuaren iruzurrei aurre egin behar dien familia bati buruzkoa.

Lehiaketatik kanpo, Cannesko zinemaldiaren azken edizioa itxi zuen Hors Normes ikusteko aukera ere izango da Donostian. Olivier Nakache eta Eric Toledano frantsesak dira zuzendariak, eta ume autistentzako elkarte bat sortzen duten bi lagunen gorabeherak kontatzen ditu.

Cannesko Un Certain Regard sailean ikusi ahal izan zen Beanpole ere Perlak-eko zerrendan ageri da. Kantemir Balagov errusiarraren bigarren filma da, eta II. Mundu Gerraren amaieran kokatu du, Leningrad suntsituan bizitza berregiten saiatuko diren bi emakumeren istorioa kontatzeko.

Cannesen aurkeztu den lehendabiziko galegozko filma ere emango dute Donostian: Oliver Laxen O que arde. Zuzendariaren hirugarren flm luzea da, eta zigorra bete ostean herrira itzultzen den piromano baten ibilerak kontatzen ditu. Un Certain Regard Epaimahaiaren Saria eskuan itzuli da Laxe Cannestik.

Hemendik aste batzuetara, zinemaldiak Perlak sailean emango dituen gainerako filmen izenak ezagutaraziko ditu. Atzo aurkeztu zituzten beste bi lanak Berlinalen parte hartutakoak dira: Wang Xiaoshuai txinatarraren Di jiu tian chang eta Alan Elliot eta Sydney Pollacken Amazing Grace. Bi bikotek 1980ko hamarkadako Txinan izandako aldaketa sozialei eta ekonomikoei aurre egiten azltzen ditu lehenak; Aretha Franklinek bere diskoetan gehien saldu zena grabatzeko 1972an eliza baptista batean eman zituen gospel kontzertuei buruzkoa da bigarren lana. Pollackek grabatu zituen kontzertuok, eta Elliotek dokumental bat egiteko baliatu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.