Albistea entzun

Donostiako 67. Zinemaldia

Albanieraz, errumanieraz eta katalanez eginiko hiru film, Glocal in Progress-en

Donostiako 67. Zinemaldiak hizkuntza gutxituetan sortutako hiru lani bultzada emango die Glocal in Progress programaren hirugarren aldian
Paul Cruanyesek eta Gerard Vidalek <em>Les dues nits d'ahir</em> ondu dute.
Paul Cruanyesek eta Gerard Vidalek Les dues nits d'ahir ondu dute. ZINEMALDIA Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2019ko abuztuak 9

More Raça zinemagile kosovarraren, Pau Cruanyes eta Gerard Vidal kataluniarren eta Andrei Gruzsniczki errumaniarraren filmei lagunduko die aurten Glocal in Progress egitasmoak. Donostiako Zinemaldiak hirugarren aldiz antolatu du programa hori aurten, hizkuntza ez-hegemoniko edo gutxituetan sortutako lanei bultzada emateko. Alemanez, gaztelaniaz, frantsesez, italieraz eta errusieraz izan ezik, Europako beste edozein hizkuntzatan egin diren eta postprodukzio fasean dauden filmak hautatzen dituzte. Irailaren 23an, 24an eta 25ean gauzatuko dute programa, Zinema Eraikitzen 36 eta Europa-Latinoamerika VIII. Koprodukzio Foroa egitasmoekin batera.

Zuzendarien lehenengo lanak dira aurten aukeratu dituzten hiru filmetatik bi. More Raçak Galaktika e Andromedes aurkeztuko du; Kosovoko iraupen luzeko langabetu batek bizi duen egoera konplexua islatzen du filmak. Pau Cruanyesek eta Gerard Vidalek, berriz, Les dues nits d'ahir lana aurkeztuko dute. Film horrek lagun bat galdu berri duten hiru gazteren istorioa kontatzen du; heriotza gertutik bizi izan dute hiru lagunek, eta horrek aztarna gogorra utzi die barrenean. Zuzendari kataluniarren lehen film luzea da, baina biek elkarrekin lan egin izan dute aurretik ere: besteak beste, Celebració film laburra sortu zuten 2016an, eta Sitgeseko zinema jaialdian zuzendari berrientzako SGAEren saria jaso zuten. Andrei Gruzsniczkik, berriz, Emil izeneko lana aurkeztuko du, Errumaniako herri txiki batean girotutako istorio bat, umore beltzez josia. Haren kasuan ez da lehenengo film luzea; beste hainbat sortu ditu, eta sari zenbait ere jaso ditu.

Hiru filmak postprodukzio fasean daude, eta, Glocal in Progress programaren barruan, ekoizle, banatzaile, salmenta agente eta programatzaileei erakutsiko dizkiete, haiek lagun diezaieten filmak amaitzeko eta nazioartean zabaltzeko prozesuan.

Hautatutako filmek Glocal in Progress Industria Saria jasotzeko aukera ere izango dute. Sari horrekin, hainbat enpresa ekoizlek postprodukzio faseko ekarpenak egiten dizkiete irabazten duten lanei. Enpresen artean daude Ad Hoc Studios, BTeam Pictures, Deluxe Spain, Dolby Iberia, Laserfilm, S.L., Nephilim producciones S.L. eta No Problem Sonido.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2014an sortu zuen Glocal Cinema proiektua, filmak hezkuntza ez-hegemonikoetan sortzen dituzten zinemagileen artean sareak sortzeko helburuz. 2017an, Zinemaldiak Glocal in Progress proiektua abian jarri zuen, Jaurlaritzak sortutakoa osatzeko.

Aurreko aldietakoak

Aurreko bi urteetan sei film aukeratu zituzten osotara, eta horietako hiru Donostiako Zinemaldirako hautatuak izan dira. Dantza filma Sail Ofizialaren Emanaldi Berezietan izan zen 2018an, eta Un om la locul lui, berriz, Zuzendari Berrien sailean. Ignas Jonynasen Nematoma, berriz, Kutxabank-Zuzendari Berriak saria irabazteko lehian izango da aurten.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoa, Irunen (Gipuzkoa). Aurreneko aldiz, sei bertsolaritik bost emakumezkoak izan ziren. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

IKUSEZIN IZATETIK, OHOLTZAK HARTZERA

Olatz Enzunza Mallona

Bertsozale Elkarteak bertso plazen eta saioen inguruko irakurketa txostena kaleratu du. Datuen arabera, aldatzen ari da gizonen eta emakumeen arteko proportzioa: parekidetasuna lortzen ari da, orokorrean. Txapelketa eta saio informaletan, ordea, alde nabarmena dago oraindik ere.

George Orwell, Bigarren Mundu Gerran, BBCrako lanean aritu zenean. ©BERRIA

Orwell, berridatzia

Mikel Lizarralde

George Orwell hil zela 73 urte igaro diren honetan, 'Abereen etxaldea'-ren egilea ingeles literaturaren erreferenteetako bat da oraindik ere. Biografia batek haren argi-ilunak ekarri ditu azalera.

'Rumours', 'Tunnel of Love' eta 'Zebra'-ren azalak. ©BERRIA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...