Erromerietako molde zaharrak, gaurkotuta

Korrontzik disko berria atera du, 'Koplariak', Xabier Amurizaren koplaz osatuta. Taldearen hamargarren lana da, eta Elkarrekin plazaratu dute. Abenduan ekingo diete aurkezpen emanaldiei
Korrontzikoak eta Xabier Amuriza, lanaren aurkezpenean.
Korrontzikoak eta Xabier Amuriza, lanaren aurkezpenean. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo -

2020ko azaroak 21

«Genero tradizionalak, modernoa izateko, ideia batzuk aldatzea besterik ez du behar». Erromerietako klasikoa izan den kopla generoari beharrezko aldaketa horiek egin dizkio Xabier Amurizak, eta molde egokitu horretan ondu ditu Korrontziren Koplariak disko berriko abestien hitzak. Taldearen eta idazlearen arteko hiru urteko hartu-emanaren emaitza da, itxialdiak azkartua, eta Elkarren eskutik atera berri dute, «luxuzko» edizio batean, Korrontziko Agus Barandiaranen hitzetan: disko-liburu batean mamitu dira abestiok, eta, diskoaz gain, Amurizaren koplak eta horien azalpenak agertzen dira.

Korrontziren hamargarren diskoa ildo aldaketa baten erakusle ere bada. Aurreko lanean, DJ Makalarekin batera ondutako Topa-K-n, «taldearen errepertorioaren berrikusketa elektronikoa» egin zuten, Elkarreko Andres Camio Jitu-k azaldu duenez, baina oraingoan, aldiz, «folkaren eta musika tradizionalaren mundura itzuli da» taldea. Itzulera hori Amurizarekin batera egitea «ohorea» izan dela nabarmendu du Barandiaranek; berak musikatu ditu haren hitzak, Xabier Zabalarekin batera. Musikariak adinako argitasunarekin adierazi die esker ona Amurizak Korrontzikoei ere: «Niretzat harrotasun itzela da, ia banitateraino iristen dena, eta poztasun ez txikiagoa, disko honen egileetako baten moduan aurkeztea. Hainbat letra egina naiz kantari askorentzat, baina inoiz ez zait gertatu Korrontzi bezalako talde garrantzitsu batek disko oso bat eraikitzea neure hitz hutsen gainean».

Diskoak «koplen balioa aitortzea» du xede, Barandiaranek dioenez; alabaina, kopla zehazki zer den ikasi behar izan zuen aurrena musikariak: «Nik ez nekien zeintzuk ziren koplaren eta bertsoaren arteko desberdintasunak; Xabierrek [Amuriza] irakatsi zidan, eta oraindik ere irakasten jarraitzen du».

Kontzertua eta azalpena

Korrontzik eta Amurizak hamabi emanaldi dauzkate aurreikusita, abenduaren 23an hasi eta apirilaren 10era bitarte. Horiez gain, Durangoko (Bizkaia) Ahotsenean ordu erdi inguruko emanaldi bat egingo dute, abenduaren 8an. Agerraldi horietan, diskoko abestiak jotzeaz gain, hitzaldietarako abagunea ere egongo da. Izan ere, Amuriza ere igoko da oholtzara, Barandianek ez dakizkien koplaren eta bertsoaren arteko ezberdintasunak argitzeko, hain justu.

Hiru giltzarrik bereizten dute kopla bertsotik bereziki, idazlearen hitzetan: «Laburtasuna, diskurtsoaren elipsia eta logika bisuala». Koplak bi edo hiru errima izaten ditu, eta bertsoak, lautik gora. Ondorioz, «diskurtso gehiago dago, gehitutako ahapaldi horiek justifikatu behar direlako». Koplaren kontrakarrean, bertsotan errepikapenak saihesten dira, eta «betelanarekin» estaltzen dira hutsuneok. «Laburtasun horrek genero ezberdin bat sortzen du». Hirugarren premisa azaltzeko, Amurizak artera jo du: «Hainbat elementu aipatzen dira, baina zertara datoz? Nola justifikatzen dira? Inola ez, hor daude. Pinturan bezala, hartzaileak sortu behar ditu harremanak».

Korrontzik eta Gasteizko Aitzina Folk festibalak azken urteetan izan duten harremanari segida emanez, abenduaren 30ean bertan ariko da taldea. Aitzina Folkek ataxia telangiektasia gaitz sendaezinaren ikerketarako baliabide ekonomikoak lortzea du helburu, eta emanaldian bildutako dirua horretara bideratuko dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Xabier Lete, <em>Egunsentiaren esku izoztuak</em> liburua aurkezten, 2008an. ©JON URBE / FOKU

EKLOSIO BAT HAMAR URTEREN ONDOREN

Ane Eslava

Efemeridea, testuingurua, zorra, aitortza, ardura... Elementu ugari egon daitezke Xabier Leteren inguruan sortzen ari diren ikerketa, obra eta omenaldiak arrazoitzeko. Hutsune bat bazegoen, eta betetzen hasi da. Baina oraindik bada lanik Leteren puzzlea osatzeko.
 ©ARXINA

«Espainiako Estatuaren sakoneko kultura militarra da»

Montse Dopico

Ramon Baltar galegista errepublikazalearen bidez kontatu du Galiziako frankismo garaiko barne erresistentzia Suso del Toro idazleak. 'Nòs' egunkariak elkarrizketatu du, 'Un señor elegante' liburuaren harira.

Atzekoz aurrera

Nagore Fernandez

Egilea: Karlos Zabala. Argitaletxea: Elkar.

Gorespena nahasketari

Aiora Sampedro

Idazlea: Luis Garde. Argitaletxea: Pamiela.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.