Zinema omentzen duen film batekin hasi da Donostiako 69. Zinemaldia. Zhang Yimou zuzendari txinatarrak Yi miao zhong / One Second erakutsi zuen Kursaaleko pantaila handian, atzo goizean eginiko emanaldian. Harekin abiatu zen Urrezko Maskorra lortzeko Sail Ofizialeko lehia. Aurretik, halaber, eta lehiaz kanpo, Carlos Saura zinemagile aragoiarraren Rosa rosae. La Guerra Civil film laburra ere proiektatu zuten. Edukiera murrizketak gorabehera, publikoak lepo bete zuen aretoa, eta txaloz hartu zituen bi lanak emanaldiak bukatzean.
Txina ipar-mendebaldeko paisaia mortu batean, dunetan gora eta behera oinez doan gizon baten irudiekin hasten da Zhangen filma. Bakarrik doa, ihesi dabil, eta zerbaiten bila ari da. Iraultza Kulturalaren garaiak dira, eta lan esparru batetik ihes egitea lortu du. Helburu bakarra du buruan: film bat ikustea. Aurkitu egin beharko du aurrena, ez baita edozein film bilatzen duena. Eta topatu du halako batean, herri txiki batera iritsi denean. Baina ezusteko gertakari batek dena korapilatuko du, filma ostu egingo baitu neska batek. Arrazoi ezberdinengatik biek gutiziatzen duten bobina preziatuaren atzetik ibiliko dira protagonistak. Haien istorioen bidez, eta narrazioaren beste zenbait hariren bitartez —film bat ikusteko elkarlanean aritzen den herri osoarena, tartean—, zinema omentzen duen lana osatu du Zhangek, zinema komunitate-esperientzia gisa ere aldarrikatzen duena.
Zuzendariak ezaguna du Zinemaldia, Epaimahai Ofizialeko burua izan baitzen 1997an, eta urteotan haren hainbat lan erakutsi baitituzte Perlak sailean, hala nola Huozhe / To Live (1994), You hua hao hao shuo / Keep Cool (1997), Ying xiong / Hero (2003) eta Shi mian mai fu / The House of Flying Daggers (2004). Edonola, orain arte ez zen sekula Urrezko Maskorra lortzeko lehian izan. Errodaje bat tarteko, Zhang ezin izan da Donostian izan.
Gerra, haurren begietatik
Carlos Saurak, berriz, argazkiak, irudiak eta marrazkiak sortu edo berreskuratu, eta itxuraldatu eta filmatu egin ditu, sei minutuko lan baten bidez 36ko gerra haur baten begietatik kontatzeko. Izan ere, gerrako haurrei eskainitako pieza da. Jose Antonio Labordeta zenak bere ahotsarekin janzten ditu zuri-beltzeko irudiak filmean, Rosa Rosae abestia kantatuz.
Donostiako 69. Zinemaldia. Sail Ofiziala
Pelikula baten atzetik
Zhang Yimouren 'Yi miao zhong / One Second' filmarekin hasi da Donostiako 69. Zinemaldiaren Sail Ofizialeko lehia. Carlos Saurak zuzendutako labur bat ere eman dute inaugurazioan, lehiaz kanpo

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu