Musikaren olatua iritsiko da Mundakara

Vintage Trouble, Bunbury, Belako, Revolta Permanent, Atom Rhumba eta Biffy Clyro ariko dira gaur hasi eta igandera bitartean jaialdian. Hainbat herritar talde kexu agertu dira festibalarekin

Zihara Jainaga Larrinaga.
2018ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Uda sasoian nekez aurki daiteke Euskal Herrian musika jaialdirik gabeko astebururik. Ia musika mota guztietako zaleek izaten dute non gozatua. Bilboko BBK Live eta Gasteizko Azkena Rock-en ostean eta Donostiako Jazzaldiarekin bat eginez, Mundakako Festibalaren txanda izango da asteburu honetan. Duela lau urte antolatu zuten estreinakoz jaialdia, eta entzutetsuen artean lekua egiten ari da, poliki-poliki. Laugarren aldian ere, egitarau oparoa prestatua dute Mundakako (Bizkaia) Santa Katalina penintsularen inguruan.

Gaur, 19:00etan ateak ireki ostean, Corpernicus Dreams Kataluniako taldea izango da oholtza zapaltzen lehena; 20:00etan entzunaraziko dituzte lehen gitarra doinuak, hain zuzen. Ostean, De Pedro eta Fink taldeen kontzertuak izango dira. Eta eguneko plater nagusia Vintage Trouble taldea izango da, gauerdiaren ondoren. Ty Taylorren zaleak ohituta daude taldeko abeslariak muntatzen duen ikuskizunera. Giroa goibela izanik ere, egoerari buelta ematen maisua da Taylor. Hortaz, gauza ziurra da aspertzeko betarik ez dela izango. Eguna bukatzeko, berriz, !!! taldea igoko da oholtzara.

Euskal taldeek ere presentzia izango dute Mundakako Festibalean. Bihar, larunbata, Belako eta Revolta Permanent taldeen kontzertuak ikusi ahal izango dira. Mungiarrak gaur gauean Benidormen (Alacant, Herrialde Katalanak) jo ostean iritsiko dira Mundakara, eta goizaldeko ordubata denean piztuko dituzte mikrofonoak. Haiek bukatu eta jarraian izango dira Revolta Permanentekoak oholtza gainean. Ordurako giroa berotuta egongo da. Ez baitira eguneko talde bakarrak izango. Emakumez osatutako Moonshakers taldeak hasiko du eguna. Eta Rayden eta Bunbury bakarlariak ere arituko dira gauean. Raydenek hip-hop doinuak ekarriko ditu.

Zazpi urteren ostean, Atom Rhumba taldeak disko berria kaleratu du aurten. Eta igande iluntzean, Bilboko taldea Mundakan entzun ahal izango da. Hainbeste itxaron ostean, zaleek Rober!, Joseba Irazoki eta konpainiari harrera beroa egitea espero da. Azken eguneko kartelburua, bestalde, Biffy Clyro talde eskoziarra izango da. Horiek, 22:45ean igoko dira oholtzara.

Hiru egunean, DJak arduratuko dira gautxorienak alaitzeaz. Gaur, adibidez, DJ Pinkyren txanda izango da; bihar, Zarata DJak hartuko du lekukoa, eta, etzi, azkenik, Optigan DJak berotuko du gaua. Horrez gainera, larunbat eta igande eguerdian, bermutaren orduan, saioak antolatu dituzte.

Kontzertuez gaindi, bestelako ekintzak ere antolatu dituzte festibalaren barruan. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, «musika, gastronomia eta natura» uztartzen dituen jaialdia baita. Hori horrela, astebururako sukaldaritza erakustaldiak eta haurrentzako tailerrak antolatu dituzte, besteak beste. Bestalde, gogoratu dute oraindik gelditzen direla jaialdirako sarrera batzuk. Hiru egunetako abonamenduak 80 euroan eskuratu daitezke, eta egun bakarreko sarrerek 50 euro balio dute. Horrez gainera, autobus zerbitzua ere jarriko dute Bilbotik, 6 euroan.

Herritarrak, kexu

Zain Dezagun Urdaibai plataformak festibaleko jarduerekiko desadostasuna adierazteko idatzia aurkeztu zion Mundakako Udalari joan den asteartean. Plataformako kideek salatu dute festibalak ez duela araudia betetzen. Adierazi dutenez, agertoki nagusiak ez du itsasertzarekiko gutxieneko distantzia errespetatzen, eta, horren ondorioz, gainontzeko herritarrentzat guztiz mozten da egun horietan kostalderako bidea. Hori horrela, espazio publikoak «denonak» direla aldarrikatzeko, gaur, 18:00etarako, Santa Katalina penintsulan kontzentraziora deitu dute Danona Donea eta Zain Dezagun Urdaibai taldeek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.