Beltza Weekend, musika beltzaren klasiko bizien bilgune

Lee Fields eta Roy Ellis musikari entzutetsuak izango dira, gaur eta bihar, Iruñean, jaialdiaren hirugarren edizioan

Lee Fields abeslaria, iaz, Lisboako jaialdi batean. JOSE SENA GOULAO / EFE.
Nagore Arin.
2019ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Biziak izan daitezke klasikoak, edo hilak. Hilik egon arren bizirik iraunen dutenak batzuk, bizirik egonik klasiko izatearen nortasun horri eusten dietenak besteak. Badira legenda izatera heltzeko bidean geratzen direnak ere, baina nolabait, arrastoa uzten dutenak. Horiek guztiak bildu, eta musika beltzaren askotariko eskaintzaz gozatzeko parada izango da larunbatera arte Beltza Weekend jaialdian, Iruñean. Hirugarren edizioa da, eta antolatzaileen arabera, «musika beltzaren aniztasuna eta aberastasuna islatzea du xede jaialdiak; betiere, artisten kalitatea oinarri hartuta».

Atzo hasi eta larunbatera arte iraungo du; eta doinu beltzen ondare diren izen entzutetsuen emanaldiez eta disko jartzaileez gain, bestelako eskaintza kulturalak ere egongo dira, «musika beltzaren historia, jatorria, estetika, kultura eta testuingurua aztertzea» helburu. Izen entzutetsu horien artean daude Roy Ellis eta Lee Fields abeslariak, skaren eta soularen «klasiko biziak».

Jamaikako musikaren ordezkari ospetsua da Roy Ellis abeslaria. 1960ko hamarkadan murgildu zen musikaren munduan, eta herrialdeko abeslari klasikoen artean gaur egun zuzenean gehien jotzen duen artista da. Aurten argitaratu du azken lana: Almighty Ska, eta jaialdian aurkeztuko du, Mighty Megatons taldearekin batera. Gaur egingo du emanaldia, 21:30ean, Zentral aretoan.

Nazioarteko soul iruditeriaren ondarea da Lee Fields, nahiz eta ez zuen arrakasta berehalakoan lortu. 1980ko hamarkadan musikaren mundutik aldentzekotan egon zen, baina, nolanahi ere, jardunean jarraitu, eta bere ibilbide profesionalaren garairik gozoena bizi izaten ari da egun. Herrialdez herrialde dabil kontzertuak ematen The Expressions taldearekin batera, soularen ondarea eta sugarra zabaltzen. Bihar emango du kontzertua, 21:30ean.

Ez dira, baina, gaur eta bihar joko duten artista bakarrak. Parte hartuko dute Michelle David & The Gospel Sessions eta Aretha Soul Divas & Silverbacks taldeek ere. Gospel doinuen erroen bilaketan murgilduta dabil Michelle David abeslaria, Onno Smit eta Paul Willemsen lagun dituela. Iruñean aurkeztuko dute bilaketa horren emaitza: Michelle David & The Gospel Sessions Vol. 3 izeneko diskoa; funk, soul, jazz, afrobeat eta cumbia doinuz hornitutako lana. Aretha Soul Divas & Silverbacks taldeak, berriz, Aretha Franklin abeslari estatubatuarraren omenezko emanaldia egingo du, haren heriotzaren lehenengo urteurrenean.

Horiez gain, izango dira Euskal Herriko ordezkariak ere; kasurako, The Allnighters eta Las Kasettes taldeak. Gasteiztarrak dira lehenak, eta 1988an hasi zuten ibilbidea; gazte batzuk elkartu, eta talde bat osatzea erabaki zuten. Hamar urteko ibilbidearen ostean, agur esan zuten, baina 2013an berriz itzuli ziren agertokietara. Itzuleraren adierazle da Everything is Changing lana, taldearen sasoi osasuntsuaren erakusgarri: boogie, pub rock, soul eta rhythm & blues doinuez osatutako lana. Iruindarrak dira, bestalde, Las Kasettes taldeko kideak. Duela hamar urte hasi zuten ibilbidea, taldekideetako batzuk kasualitatez elkartu zirenean. Geroztik, hainbat disko txiki, kantu soilen bat eta disko luze bat atera dituzte, musika beltzaren klasiko askoren bertsioak biziberrituz eta soinu beltzetan oinarritutako errepertorioa nagusi.

Kontzertuez harago

Musika beltzeko disko jartzaileak ere bilduko ditu, horien artean, Julen Blaka bilbotarra: Alde Zaharreko tabernatan egongo dira. Eskaintza kultural zabala ere prestatu dute, jarduna zabaldu eta haren gaineko gogoeta egiteko; eta hala, jaialdia Iruñeko beste gune batzuetara eta beste adin tarte batzuetara hedatzeko. Hiriko eskaintza kulturala ere aberastu nahi dute: zine zikloa, haurrentzako ikuskizun bat, liburu baten aurkezpena eta erakusketa bat egingo dituzte. Jardunaldi zabala izango da, «musika eta kultura beltzaren soinu oihal eta espresiobide zenbait Iruñera asteburu luze batez ekartzea» helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.