Napoleonen tropak, hiru gerrillari eta bidelapur bat

Iñaki Irisarrik 1811ko Nafarroan kokatu du '…eta infernuko demonioa adiskide' nobela. Elkar-ekin argitaratu du bere lehen liburua

Iñaki Irisarrik atzo aurkeztu zuen bere lehen eleberria, Elkar etxeak Donostian daukan egoitzan. GORKA RUBIO / FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2021eko otsailaren 2a
00:00
Entzun
XIX. mendearen bigarren hamarkada hasiera. Hiru urte dira Napoleonen tropek Pirinioak zeharkatu eta Iruñeko zitadela hartu dutela, eta gero eta gehiago dira Espoz Minak gidatzen duen gerrillarekin bat egiten dutenak, frantsesak jasan eta elikatu beharraz nazkatuta. Horietako bat da Babil, 16 urteko gazte mutu xaloa. Ama aspaldi galdu zuen, eta soldaduek aita hil diote berriki. Horrek bultzatuko du gerrillarekin bat egitera; baita abentura gogoak ere.

Bat egite horretatik abiatzen da Iñaki Irisarriren (Iruñea, 1969) lehen liburua: ...eta infernuko demonioa adiskide nobela. Trama garatzeko aukeratu duen markoa —1808tik 1813ra bitarteko gerra napoleonikoak— historian «nahiko atzendua» gelditu den garai bat da, idazlearen aburuz: «Hemen Antzinako Erregimena zegoen indarrean, errege ahalguztidun batekin eta erabat pribilegiatuak ziren elizgizon eta nobleekin. Herri xehea, berriz, egoera gorrian zen». Napoleon, berriz, Frantziako Iraultzaren ostean zetorren.

«Babil da nobelako pertsonaia nagusia. Xaloa da, eta haren mututasuna ez da hitzezkoa bakarrik. Haren gogoetak ere nahiko isilean pasatzen dira: ez dakigu zer pentsatzen duen, eta txirula bat du adierazpide nagusi». Inguruko denek maite dute mutikoa: gerrillan erakusle ipiniko dioten Txarro zakar eta basak, esaterako; baita Bordeletik etorritako Lauren gazte ilustratuak ere. Hirurak bidaliko ditu gerrillaburuak Aldude eta Erroibar arteko mugaldera, Urkiagara, eginkizun berezi bat betetzera.

«Zoaz jainkoa lagun» espresioari egiten dio erreferentzia liburuaren izenburuak, espresio horren erantzuna baita «eta infernuko demonioa adiskide». Gerra garaian bizi ohi diren egoeren nolakoa iradoki nahi izan du horrekin idazleak, gerretan irautea baita denen lehentasuna, eta halakoetan inoiz ez baitago argi norekin fida daitekeen bat. «Manikeismoaren kontrako jarrera bat bada liburuan zehar, bai. Segur aski, bizirik jarraitzeko grina zen jendea mugitzen zuena garai hartan. Euskaldunak bi bandoetan ziren, eta, halakoetan ohikoa den gisan, herri xehea tartean. Ideia hori islatzeko gogoa nuen hasieratik».

Testuinguru horretan hartuko dute Urkiagarako bidea Babilek, Laurenek eta Txarrok,Iruñetik abiatuta, Egozkuetik eta Kintotik barrena, bidelapur bat akabatzera, bideak libre egongo direla ziurtatzera. Urkiagara heldutakoan, bertako bentan hartuko dute ostatu hiru gerrillariek, agindutako ehiza antolatzeko. Emakume misteriotsu bat aurkituko dute bentan: Martina.

Dokumentazio lana

«Hau egiteko, asko dokumentatu naiz, eta asko irakurri dut. Hau nobela labur bat da, akziozkoa, di-da irakurtzekoa. Historikotzat jo daiteke, baina abenturazkoa da batez ere», nabarmendu du Irisarrik. Bitxia deritzo, nobela historikoak bereziki maite ez dituen pertsona izanik, bere lehen lana halakoa izateari. Idazketa «intuitiboaren» emaitzatzat dauka bitxikeria, Volkswagenen lan mekanikoa egitetik etxera iristean burua lanean jartzeko beharraren fruitutzat. «Lehenbiziko lerroa idatzi nuenean, ez nekien oso ongi nondik nora joko zuen istorioak, baina hasiera eta bukaera ikusi nituen, eta idatzi bitartean sortu zaizkit gainerakoak».

Aurrera begira, Irisarrik ez du baztertu garai berean kokatutako beste istorio bat idaztea: «Badut buruan datu asko, eta uste dut baliagarriak izan daitezkeela bigarren lan bat egiteko. Ikusiko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.