Euskadiko Orkestrako Robert Treviño zuzendariak Johannes Brahms musikagilearen obren maratoi batekin ekingo dio aurtengo denboraldiari. Irailaren 27an Iruñean hasi eta urriaren 13an Donostian buka, hamar emanalditan Brahms alemaniarraren lau sinfoniak, pianorako bi kontzertuak, eta biolin eta biolontxelorako kontzertua joko dituzte. Bakarlari garrantzitsuek parte hartuko dute kontzertuotan: Dmitri Makhtin biolinistak, Alexey Stadler biolontxelo jotzaileak eta Tom Borrow pianistak.
Lehenbiziko emanaldia Iruñeko Baluarten izango da, irailaren 27an, 19:30ean. Brahmsen Lehen sinfonia joko dute, biolin eta biolontxelorako kontzertuarekin batera. Bigarren eta hirugarren emanaldiak Donostiako Kursaalen egingo dituzte, irailaren 28an eta 29an. Laugarrena Gasteizko Principalen izango da, 30ean; bosgarrena, Bilboko Euskaldunan, urriaren 2an.
Lau sinfoniak
Brahmsen gaurkotasuna eta eragina erakutsi nahi ditu Euskadiko Orkestrak. XIX. mendeko musika monumentu handitzat jotzen dira haren sinfoniak.
Lehena 1876an estreinatu zen. Garai hartan, Hans von Bülow zuzendariak esan zuen sinfonia honiBeethovenen hamargarrena deitzen ahal zitzaiola, haren lanen antza zuelako. Bigarren sinfonia 1877an konposatu zuen, Austriako Alpeetan oporretan zela, eta malenkonia kutsua du. Hirugarren sinfonia 1883an egin zuen, eta batzuek Brahmsen Heroikoa deitzen diote. Laugarren sinfonia, eta azkena, 1885ean mustu zen; Brahmsen obra nagusitzat hartzen da, Requiem alemaniarra-rekin batera.
Brahmsen obren hamar emanaldirekin abiatuko da Euskadiko Orkestra
Irailaren 27an hasiko du aurtengo denboraldia. Brahmsen lau sinfoniak joko dituzte. Makhtin biolinista eta Borrow piano jotzailea arituko dira

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu