Koronabirusa

Ospitaleetan ez dira hainbeste eri egon iazko otsailetik: 953

Astebetean %31 handitu da gaixo kopurua Hegoaldeko ospitaleetan. 16.642 positibo atzeman dituzte herenegun eginiko probetan

Osasun langile bat gaixo bat artatzen, Basurtuko erietxean. LUIS TEJIDO / EFE.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Goia jotzeko itxurarik ez dute ageri oraindik koronabirusaren datuek. Positiboei dagokienez, Osakidetzak eta Osasunbideak herenegun egindako probetan 16.642 herritarrek positibo eman zuten. Dezente positibo gehiago atzeman zituzten asteartean egindako PCR eta antigeno proben bidez: 17.680. Horixe izan da orain arte pandemia osoan erregistratutako daturik txarrena. Birusaren hedapena ezin kontrolatuaren erakusgarri da positiboen ehunekoa ere: herenegun egin zituzten proben %40k positibo eman zuten. Ospitaleetako egoera ere latza da: ez da orain adina gaixo egon iazko otsailetik.

Birusa hain hedatuta egonda, lurralde guztietan du eragina, baina, oraintxe, Gipuzkoako egoera da txarrena: azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 6.317 kasukoa da. Gainerako lurraldeetan ere egoera ez da samurra, eta ez dirudi epe laburrean behintzat kurbak apaltzeko itxurarik duenik: 5.631 kasuko intzidentzia dute Bizkaian, 5.542koa Nafarroan eta 4.799koa Araban.Eta kutsatzeak areagotu ahala, ospitaleak ere betetzen ari dira. Egun, 953 herritar daude Osakidetzako eta Osasunbideko erietxeetan, duela astebete baino 224 gehiago; hau da, astebetean %31 handitu da COVID-19ak jota ospitaleratzea behar duten gaixoen kopurua, eta bi astean %80. Horren erakusgarri, herenegungo zenbakiak: beste 142 pertsona erietxeratu behar izan zituzten gaixotasunaren sintomek okerrera eginda. Horietako batzuk, gainera, larri daude ZIUetan. Hain zuzen, koronabirusa duten 143 herritar daude egoera horretan Hego Euskal Herrian.

Egoera horretan, osasun sistema indartzeko eskeak ugariak dira: Ahal Dugu talde politikoak jakinarazi du kanpaina bat hasiko duela Osakidetzan profesional gehiago hartzeko eskatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.