Koronabirusa. Mundua

Israelek gaixoen telefonoetako datu pertsonalak zelatatuko ditu

«Terrorismoaren» kontra erabili ohi dituen espiotza teknikak erabiliko ditu gaixoek berrogeialdia betetzen dutela ziurtatzeko

Segurtasun langile bat herritar bati tenperatura neurtzen. A. SULTAN / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Israelen koronabirusagatik positibo ematen duenari ez diote soilik osasun egoeraren jarraipena egingo. Espioitza teknikak ere erabiliko dituzte derrigorrezko berrogeialdia behar bezala betetzen ari dela ziurtatzeko. Benjamin Netanyahu jarduneko lehen ministroak horretarako bidea eman zuen atzo goizaldean onartutako dekretuaren bitartez. Shin Bet barne segurtasunerako zerbitzuak aukera izango du herritarren mugimenduak zelatatzeko, orain arte terrorismoaren kontrako jardunean erabili izan dituen puntako teknologien bidez. Herritarren mugimenduak kontrolatzeko, eskura izango ditu droneak eta aurpegien ezagutze biometrikoa ahalbidetzen duten kamerak, eta sakelakoen datu pertsonalak zelatatzeko eskumena ere izango du, erabiltzailearenkokalekua une oro zein den jakin ahal izateko. Shin Betek ez du baimen judizial baten beharrik izango informazio hori eskuratzeko.

Neurriak polemika handia eragin du, eta lehen ministroak justifikazioa bilatu du. Netanyahuren esanetan, «pandemiaren hedatzea moteltzeko» balioko du neurriak. Erabakia presaz hartu izana ere justifikatu du. COVID-19 gaitza erritmo «ikaragarrian» zabaltzen ari denez, neurria ordubete soilik atzeratzeak «israeldar askoren heriotza» eragingo luke, agintariaren esanetan.

Sakelakoaren datuen kontrola ez da koronabirusak kutsatutakoen kasuan soilik baliatuko. Gaixo horiekin kontaktua izan duen orori ere ezarri ahal izango zaio. Horiek Shin Beten mezu bat jasoko dute, gaixo batekin harremanetan izan direla jakinarazteko, eta etxean berrogeialdia bete beharko dutela ohartarazteko. Hala egin ezean, 1.100 eurorainoko isuna jaso ahal izango dute. Espioitza neurri horiek 30 egunez ezarriko dituzte, baina egoeraren arabera epea luzatzeko aukera izango dute.

Gobernuak ziurtatu du sakelako datuak osasun larrialdiari aurre egiteko erabiliko direla soilik, eta datu horiek ezin izango direla beste ezertarako erabili. Horrez gain, zehaztu dute inteligentzia agentziako talde murriztu baten esku egongo direla herritarren sakelakoen datuak, eta ez dituztela beren datu basean gordeko. Segurtasun zerbitzuak osasun sistemaren esku utzi beharko du eskuratutako informazioa, hark herritarren berrogeialdia agindu dezan.

Israelgo Demokraziarako Institutua eta Giza Eskubideen Aldeko Elkartea daude neurriaren kontra agertu diren erakundeen artean. Azken horren arabera, neurria «aurrekari arriskutsu» bat da, herritarren bizitza pribatuan esku hartzen duelako.

Netanyahuk, berriz, Israel «demokrazia bat» dela defendatu du, «oreka» bilatu behar duena «eskubide zibilen eta estatuaren eskakizunen artean». Jarduneko lehen ministroak nabarmendu du neurria «oso baliagarria» izango» dela «gaixoak lokalizatzeko».

«Botere kolpea»

Israelgo Justizia Ministerioak kontrakoa agindu zuen arren, parlamentuaren babesik gabe onartu du neurria Netanyahuk. Ganberako Inteligentzia eta Zerbitzu Sekretuen batzordeak salbuespenezko neurri bera onartu ala ez erabaki behar zuen astelehenean, eta erabakia atzeratu zuen, zalantzak zituelako herritarren intimitaterako eskubidea errespetatzen ote zuen ala ez. Parlamentuak eztabaida atzeratu eta ordu gutxira iragarri zuen dekretua Israelgo Gobernuak.

Benny Gantz oposizioko alderdi nagusiko buruak ere erabakia salatu du, haren esanetan «botere kolpea» izan baita. Israel «salbuespenezko egoera batean» dagoela eta «salbuespenezko neurriak» behar dituela aitortu du, baina gaitzetsi egin du halako erabakia parlamentuaren «ikuskaritzarik gabe» hartu izana—Gantzek gobernua eratzeko agindua jaso zuen astelehenean—.

Israelen ere azkar batean hedatzen ari da birusa. Dagoeneko 304 lagun atzeman dituzte koronabirusarekin kutsatuta; horietatik 204 gaixo azken hiru egunetan baieztatu dituzte: 54 gaixo izan ziren atzo atzemandakoak. Oraingoz, ez dute COVID-19 gaitzak jotako hildakorik zenbatu, baina egoera larrian daude kutsatuetako lau.

Egoera beste hainbat herrialdetan baino hobea den arren, gobernua neurri zorrotzak hartzen hasia da, birusaren zabaltzea modu goiztiarrean apaltzeko. Israelek aurreko astean itxi zizkien mugak koronabirusak kalte egindako herrialdeetatik joatekoak ziren bidaiariei. Horrez gain, funtzionarioen %80ri etxean gelditzeko agindu diete, gutxienez, heldu den apirilaren 15era arte, eta enpresa pribatuak derrigortu ditu beren langileen %70 etxetik lan egiteko antolatzera. Oraingoz, ez du herritarren konfinamendu orokorrik ezarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.