Libanoko Parlamentuak larrialdi egoera luzatu du

Erabaki horrek armadari ematen dizkio, besteak beste, batzeko askatasunaren aurka egiteko eta komunikabideak ixteko eskumenak

Protestari bat Beiruteko kaleetan, astelehenean. WAEL HAMZEH / EFE.
2020ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Libanoko Parlamentuak larrialdi egoera luzatu zuen, atzo, Beiruteko portuan iragan astean gertatutako eztandaren ondorioz. Abuztuaren 5ean onartu zuen gobernuak larrialdi egoera, leherketa gertatu eta biharamunean. Legal Agenda erakundearen arabera, herrialdeko legediak dio larrialdi egoera zortzi egun baino gehiago luzatuz gero parlamentuak berretsi behar duela erabakia; horixe gertatu zen, hain zuzen ere, atzoko saioan. Neurria indarrean egongo da, oraingoz, abuztuaren 21era arte, baina luzatzeko aukera ere badago. Alarma egoera horrek armadari eskumen zabalak ematen dizkio:batzeko askatasuna mugatu dezake, eta komunikabideak epaile baten baimenik gabe itxi ditzake. Horrez gain, segurtasun nazionala «arriskuan» jartzen duen edonoren etxeetara sartzeko gaitasuna izango luke.

Erabakia kritikatu egin dute; giza eskubideen aldeko hainbat erakundek eta ekintzailek uste dute ez dela beharrezkoa. Karim Nammour Legal Agendako kidearen esanetan, «guztiz lekuz kanpo» dago larrialdi egoera luzatzea eztandaren ondorioz, kontuan hartuta herrialdean jada murrizketak bazirela koronabirusaren pandemiarengatik: «Horrek agintariei baimena ematen die indar armatuak nahi bezala mugitu eta gai estrategikoak kontrolatzeko». Nammourren ustez, agintariek badakite sistema ahuldagoela eta irudi txarra dutela kaleetan.

Osama Saad diputatu independenteak New TV telebista kateari esan zion neurriak botere handiagoa ematen diola armadari, besteak beste, manifestazioak debekatu ahal izateko. Hain zuzen ere, Saad izan zen larrialdi egoera luzatzearen aurka bozkatu zuen parlamentario bakarra. Bestalde, «Armadak ez du ezer egin jendea beldurtzeko, ez du telebista katerik itxi, eta komunikabideek kaosa sortu badute ere ez du esku hartu eta tokia utzi die manifestariei», erantzun zuen Nabih Berri parlamentuko presidenteak. Dena den, Richard Weir Human Rights Watch (HRW) erakundeko kidearen esanetan, eztandaren ondoren egindako manifestazioetan segurtasun indarrek emandako erantzuna ikertzen ari dira.

Dimisioaren ondorena

Atzoko sesioa lehenengoa izan zen leherketa gertatu eta gobernu osoak dimisioa aurkeztu zuenetik. Ez ziren parlamentuaren eraikinean batu, han protestak egongo zirela aurreikusita, Unescoren jauregian baizik. Hassan Diab Libanoko lehen ministroak gobernuaren dimisioa iragarri zuen astelehenean. Lehenago, Diab prest agertu zen hauteskundeak aurreratzeko.Hala ere, parlamentuko presidendeak eta hainbat alderdi politiko ez dira horren aldekoak. Trantsiziorako behin behineko gobernu bat azkar osatzea litzateke, Berrirentzat, «egokiena».

Edonola ere, leherketaren inguruko ikerketak aurrera jarraitzen du. Prozesu judiziala herrialdeko epaitegi militarren esku dago; HRW eta beste giza eskubideen aldeko hainbat erakundeen arabera, horrek ez ditu prozesu judizialaren estandarrak betetzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.