EBk VW, BMW eta Daimler akusatu ditu

Gas kutsagarrien isurpenak gutxitzeko teknologian lehia saihesten aritu zirela leporatu die Margrethe Vestager Lehia komisarioak

BMWren egoitza nagusia, Munichen. Hura da Batzordearen salaketa ukatu duen bakarra. CHRISTIAN BRUNA / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Ikerketa zabaldu eta sei hilabetera, hasierako susmoak berretsi ditu Europako Batzordeak: VWek, Daimlerrek eta BMWk lehiaren aurkako arauak hautsi zituzten, 2006 eta 2014 artean moteldu egin zutelako gas kutsagarrien isurketak txikitzeko teknologien garapena.

«Enpresek badute elkarlanerako aukera beren produktuen kalitatea hobetzeko. Baina Europako Batasuneko lehiarako arauek ez diete kontrakoa baimentzen: elkarlanean aritzea beren produktuak ez hobetzeko, kalitatean ez lehiatzeko», azaldu zuen atzo Margrethe Vestager Europako Batzordeko Lehia komisarioak. Haren arabera, bezeroak dira kaltetuenak, «ukatu egin dietelako teknologiarik onena duten autoak erosteko aukera.

Adblue sistemari buruzko susmoak ditu Europako Batzordeak. Sistema horrek gasolioa erretzeak atmosferara isurtzen dituen nitrogeno dioxido (NOx) partikulak tratatzen ditu. Vestagerrek hiru autogile alemaniarrei egotzi die 2006-2014 epean ados zirela hiru kontutan: partikula horiek garbitzen dituen urea osagai kimikoaren dosian, urea biltegiaren neurrian, eta kargatzeko tarteetan. Batzordeak uste duenez, koordinazio horrek mugatu egin zuen isurketak gutxitzea.

Gasolinazko motorrei dagokionez, Vestagerren taldeak ziurtatu du VW, BMW eta Daimler elkar hartuta ibili zirela OPF izeneko partikulen iragazkia ahal bezainbat atzeratzeko.

Batzordeak azaldu duenez, lehiaren aurkako balizko lege hausteei buruzkoa da bere ikerketa, eta ez, oraingoz, ingurumenaren aurkakoa. Gainera, zehaztu du ikerketak ez duela zerikusirik diesel motorren gas kutsa- garrien isurketak ezkutatzeko tramankuluekin, dieselgate izenekoarekin.

Azken hori nabarmendu du VWek, eta ziurtatu du Bruselaren ikerketan laguntzeko prest dagoela.

Elkarlanean ari da Daimler ere. Berez, Mercedesen jabeak eman zion kartel baten berri Europako Batzordeari. Horregatik, espero du isunik ez jasotzea.

Oso bestelako jarrera hartu du BMWk. Agiri baten bidez, irmoki ukatu du legea hautsi duela, eta VWekin eta Daimlerrekin egindako bilerak enpresen arteko elkarlana besterik ez zela ziurtatu du: «Ohiko praktika da lehiakideekin lan egitea teknologia batzuk garatzeko. Karteletan ez bezala, industria guztiak bazekien hizketan ari ginela, ez zen akordio sekreturik egin, eta ez ginen saiatu bezeroei eta hornitzaileei kalte egiten»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.