Bi urtean lehen aldiz bildu ziren atzo NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko eta Errusiako ordezkariak. Bruselako bilerak balio izan zuen harremanei bultzada bat emateko eta bakoitzaren marra gorriak argi uzteko; gainontzean esku hutsik eta urratsik egin gabe irten ziren bi aldeak lehen elkarrizketa saiotik. Nazioarteko erakundeak baldintzarik gabeko elkarrizketak hasteko eskaintza egin zion Moskuri. Baina hark ez zion erantzun argirik eman, nahiz eta ohartarazi zion Europako segurtasuna «Errusia gabe eta haren aurka» eraikitzeko ahaleginak «porrot egitera kondenatuta» daudela.
Ukraina eta Georgia dira Moskuren kezka nagusiak. Vladimir Putin presidenteak ez du nahi bi herrialdeak nazioarteko erakundeko kide izaterik. Hala, Errusiako Atzerri ministrorde Aleksandr Gruxkok ohartarazi zuen NATO ekialdera hedatzeak «ondorioak» izango dituela: «Oinarrizkoa da NATOk ate irekien politikari uko egitea, eta juridikoki bermatzea ez dela ekialdera zabalduko». Erakundeko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek, ordea, atzera bota zituen Moskuren eskariak, eta berretsi zuen herrialde bakoitzaren hautua dela erakundean sartu edo ez erabakitzea.
Baikor agertu zen Stoltenberg bera bilera osteko agerraldian, nahiz eta aitortu zuen zail izango dela zenbait gaietan ados jartzea: «Alde handia dago batzuen eta besteen jarreraren artean, baina bada itxaropenik, finean, garaipen bat da gaur [atzo] mahai berean eseri izana».
Hala ere, nazioarteko erakundeak kezka agertu zuen azken hilabeteetan Ukrainan piztutako krisiaz. Haren esanetan, Moskuren «estrategia akats larria» litzateke Ukrainaren aurka indarra baliatzea. Are kritikoago agertu zen AEBetako Estatu idazkariorde Wendy Sherman. «Konpromisoei uko egitea» egotzi zion hark Moskuri, nahiz eta onartu Errusiak ez zuela baztertu elkarrizketak hasteko eskaintza: «Zail da inorekin elkarrizketak hastea hark 100.000 soldadu dituenean beste herrialde batekiko mugan eta maniobra militarrak egiten dituenean bertan».
Baldintzarik bako elkarrizketa eskaini dio NATOk Errusiari
Moskuk ohartarazi du «ondorioak» izango dituela NATO ekialdera hedatzeak. Urratsik ez egitea egotzi diote AEBek Moskuri

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu