Parlamentura itzuli ahal izango dira

155.ari buruzko ikerketa batzordean parte hartuko dute preso dauden politikarietatik seik. Fiskaltzak atzera egin du Torraren auzian

Junqueras, Turull, Forn, Rull, Romeva, Sanchez eta Cuixart Lledonersko kartzelan daude. OMNIUM CULTURAL.
Arantxa Elizegi Egilegor - Iosu Alberdi
2020ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Kataluniako Parlamentura itzuliko dira espetxeratutako politikari subiranistetatik sei urtarrilaren 28an: Oriol Junqueras, Raul Romeva, Dolors Bassa, Josep Rull, Jordi Turull eta Joaquim Forn. Baimena eman die Justizia Departamentuak. 155. artikuluaren inguruko ikerketa batzordean deklaratu beharko dute, aurrez Quim Torra presidenteak, Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek eta Mariano Rajoy buruzagi ohiak egin zuten moduan.

«Ez diogu ez ikusiarena egin parlamentuak egindako eskariari», azaldu du Ester Capella Justizia kontseilariak. Berez, iazko urtarrilean egin zuen eskaria legebiltzarrak, baina orduan haien aurkako epaiketa hastear zen, eta horixe argudiatu zuen Espainiako Gorenak baimena ukatzeko.

Auzitegi bereko fiskaltzak zehaztu du Quim Torraren inhabilitazioaren auzian Kataluniako Parlamentuak duela azken hitza, eta Hauteskunde Batzorde Zentralak ez duela eskumenik horretarako. Hala, ontzat eman du gobernuburuaren defentsak egindako eskaria: batzordeak eskatutako inhabilitazioa etetea, Gorenak azken hitza esan arte.

Pedro Crespo fiskalak azaldu du legediak ez diola inolako eskumenik ematen Hauteskunde Batzordeari diputatuen aktak indargabetu eta haien eserlekuak hutsik deklaratzeko. Dena den, nabarmendu du ez duela zentzurik norbait kargu publiko baterako aukeraezina dela esateak baldin eta hura jada hautatua badago.

Nazioarteko ordezkaritzak

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du Generalitateak nazioarteko sei ordezkaritza berriz irekitzeko onartutako dekretua. Erresuma Batuko, Alemaniako, AEBetako, Italiako, Suitzako eta Frantziako delegazioak dira. Espainiako Konstituzioko 155. artikuluaren aplikazioa bertan behera geratu ostean onartu zuen lege dekretua Kataluniako Gobernuak, 2018ko ekainean. Espainiak berehala jarri zuen helegitea, eta Kataluniako Gobernuak berak utzi zuen indarrik gabe. Dekretu berriak aurkeztu zituen. Horietako batzuk ontzat jo ditu gaur Espainiako Gobernuak, Argentinako, Mexikoko eta Tunisiako enbaxadak onartuta, «eragozpenik» ez dutela adierazita. Atzerri Ministerioak azaldu du, hala ere, horiek berriz ixteko eska dezaketela epaitegietan, haien ekintzek «legea hausten» badute edo «Espainiaren interesen aurkakoak» badira. Bere garaian Atzerri Ministerioak zabaldu zuen «independentisten tesia» munduan zabaltzea zela ordezkaritzen helburua.

Ebazpenarekin, auzitegiak men egin dio Josep Borrellek Atzerri ministro zela jarritako errekurtsoari; ministro ohiak argudiatu zuen Quim Torra presidentearen gobernuak ez zituela bete beharrezko prozesuak. Halere, ebazpena ez da irmoa. Kataluniako Gobernuak errekurtsoa jartzeko aukera du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.