Piano doinuak aurten Jazzaldian

Oreka TX, Marco Mezquida eta Benny Green izango dira, besteak beste, Donostiako Jazzaldian

Marco Mezquida pianoan, iazko Donostiako Jazzaldian. GORKA RUBIO / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2022ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
«Pianoaren jenioz» beteko da San Telmo museoko klaustroa aurtengo Donostiako Jazzaldian ere. Uztailaren 21etik 25era bitarte, piano soloez gozatzeko aukera izango da egunero, 11:00etan. «Bost kontzertu izango dira guztira egun horietan San Telmoko klaustro zoragarrian. Guztiz akustikoak izango dira, inongo anplifikadoreren beharrik gabekoak», azaldu du Patxi Berradrek, Jazzaldiko komunikazio arduradunak. Sarrerak salgai daude jada Jazzaldiaren eta Donostia Kulturaren atarian.

Uztailaren 21etik 25era, San Telmo museoko klaustroak nazioarteko piano jotzaile ospetsuak bilduko ditu berriro. Hala nola Vadim Neselnovski ukrainarra, zeinek Chernobil Elkarteari laguntzeko errezital bat eskainiko baitu; Craig Taborn, «egungo inprobisatzailerik handienetako bat»; Sofiane Pamart, «klasikoaren kodeetatik urrundu eta hip-hop estilora gehiago hurbiltzen dena»; eta, azkenik, Benny Green, berrogei urteko ibilbidea duen artista. Azken horrek bi errepertorio eskainiko dizkio publikoari: 24an, The conection, eta 25ean, berriz, Reminiscing the piano greats.

Viktoria Eugenia antzokian Espainiako Egile eta Editoreen Sozietate Orokorrari lotutako zortzi artista izango dira. Miguel Martin Donostiako Jazzaldiaren zuzendariaren hitzetan, «musikari sorta bikaina». Esaterako, Carlos Sarduy eta Ernan Lopez-Nussa kubatarrak, Moises P. Sanchez pianista, Chico Perez, Veronica Ferreiro, Berta Moreno, eta Oreka TX. Azken horrek «zubiak» egiten ditu herri musikaren eta jazzaren artean. Eta, hala, jazz generora gehiago hurbiltzen ari direla azaldu du taldeko kide Mixel Ducauk.

Uztailaren 25ean, «bi musikari handirekin» amaituko da Viktoria Eugeniako programazioa, 12:30ean: Marco Mezquida izango da pianoan beste behin, eta Juan de la Rubia izango du lagun, organoan. Johann Sebastian Bachen piezen egokitzapen bat egingo dute bien artean, «guztiz inprobisatua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.