Joxe Azurmendiri buruzko kongresua

Etikaz: elkarbizitzaz eta indarkeriaz

Antonio Casado, Andoni Olariaga eta Agnes Cugnok etikaren eztabaidagaiei heldu diete
Ezkerretik eskuinera, Casado, Cugno, Zabaleta eta Olariaga, atzo.
Ezkerretik eskuinera, Casado, Cugno, Zabaleta eta Olariaga, atzo. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2019ko abenduak 14

«Saiatu zen irakasten filosofia modernoa ez dela testuekiko jolas hutsala, baizik eta gure errealitate gordinarekin zerikusia duen zerbait». Hala gogoratu zituen Joxe Azurmendiren eskolak Antonio Casadok, haren ikasle ohiak. Pentsalariari eskainitako kongresuaren azken eguna izan zen atzokoa, eta mahaikide izan zituen Andoni Olariaga eta Agnes Cugno. Nork beretik, Azurmendiren etikaren zentzua berrirakurri zuten.

Euskal pentsamenduaren «marruskaduraz» aritu zen Casado, hori nola hartu praktikatik. Etika «munduan gaizki dagoena» esateaz harago doala defendatu zuen: «Arreta, autoeraketa eta eraldaketa praktika bat da, komunitate batean egiten dena». Azurmendiren hitzekin: «Mundua geure esperientziaren begiekin ikusten ikastea, eta arazoak geure buruekin pentsatzea».

Modu literario batean ere adierazten da hori Casadorentzat. Ez zaio kasualitatea iruditzen Azurmendik bere lehen saiakera —Hizkuntza, etnia eta marxismoa (1971) plazaratu zuen urte berean, poema liburua ere eman izana —Hitz berdeak (1971)—. Gizabere kooperatiboaz saiakeraren amaieran erantsi zuen ipuinaz ere aritu zen. «Zergatik gehitu zion hitzoste hori?», galdera Casadok. Eta erantzun posible bat: «Argudioak isiltzen direnean, dosi txikiko mitoa eta utopia ere pentsatzen jarraitzeko lagungarri izan direlako». Ipuinak kontatzen du behin batzar bat egin zutela lan tresnek aroztegian, euren desadostasunak konpontzeko. Ez ziren ados jartzen; arotza sartu zen, eta guztiak lanean jarri zituen. Orduan ohartu ziren bakoitzaren balioaz. «Ipuinean erraza da konponbidea», Casadok. «Arotza delako nagusia. Baina gu arotzik gabeko aroztegia gara, lidergorik gabe, moralismorik gabeko etika baten bila».

Non eta nola topatu. Horixe da galdera Casadorentzat. Autonomo izateko, «autoeraketa prozesu bat» behar dela azaldu zuen, eta hor filosofiak duen garrantzia azpimarratu. Alain Badiou ekarriz, filosofia ekintza dela defendatu zuen, «inorengandik guztiengana zuzentzen dena». Bere buruaz kontziente izango bada, orainaldiari begiratu behar dio komunitateak, Casadoren iritziz: «Arlo sozialean ditugu etorkizunerako haziak eta iraganak utzitako lurra». Orainean kokatu, eta elkar entzuten jakin. «Benetako gizarte transformaziorik ez dago, norberarengandik hasten ez bada. Elkarrekintzan, begiz begi batak bestea begiratzean datza Azurmendiren moralismorik gabeko etika. Horrela, arotzik gabe ere lidergoa posible da. Lidergoa etorriko da praktikatik, parteek osotasunari erreparatzen diotenean, komunitatea bere buruaz kontziente izan dadin. Geure buruari erreparatzen diogu, jakiteko badaukagula geure pentsamendu bat». Lorpen erraza ez izan arren, izango bada, filosofia beharko da, haren ustez.

Olariagak heldu zion hariari ondotik, Nola pentsatu etika gaur eta hemen hitzaldiarekin. «Nazi bat hiltzea ongi dago?», hasteko. «Joxeren klaseetan egoteko pribilegioa izan duzuenoi etorriko zaizue burura nola hasten zituen klaseak halako galdera probokatzaileekin».

Etika, funtsean, ohituratzat definitu zuen Olariagak. «Giza ekintzak baloratzen» dituena eta balio sistema bati lotua. Horrek, ordea, «etikaren fundamentazioa» arazo bihurtzen duela azaldu zuen. Muineko galdera: «Badago irizpide ziurrik esateko ekintza bat morala den edo ez?». Gogoratu zuen: «Azurmendiren ustetan, arau absolutuak onartzea transzendentzia onartzea da». Eta auzia Olagariarentzat zera da: «Nola elkarbizi, elkar ulertu, ez badago aurretiazko irizpiderik?». Gizarte garaikidean, «etika soziala arautzeko eta giza ekintzen zilegitasun morala epaitzeko» hiru irizpide erabiltzen direla aipatu zuen, Azurmendik aztertuak. Lehena, sen ona edo zentzu komuna. Baina Azurmendik zioenez, «sentimendua bada, ezin da morala izan».

Bigarrena, printzipioetan eta ondorioetan begia jartzen duten teoriak lirateke; testuinguruaren zein helburuaren arabera erabakitzen dutenak zerbait zilegi den ala ez. «Printzipioen arazoa erabakiak hartu ezina da; eta ondorioen izenean astakeriarik handienak justifika daitezke».

Giza eskubideen parametroa da hirugarrena. Azurmendik gogoetatzen du giza eskubideak estatu modernoen fundamentu bilakatu direla. Aldiz, pentsalariak dio erabat modu absolutuan deklaratu diren balio horiek ez direla inondik absolutuak praktikan, ezpada «itxurazko arrazoimen ilustratu batean baino». Tortura, adibide. «Etikaren fundamentu garaikidea izan nahi duenak ere ez digu balio fundamentu absolutu modura». Beraz, azken galdera Olariagak: «Nola praktikatu etika gure artean ez badago inongo fundamentu ziurrik?».

Azurmendi berrartuta, etika predikatu ordez, kolektiboki eraikitzen dela nabarmendu zuen. Auzia, batez ere, praktikoa dela. «Izugarrizko memoria tragikoa daukan herri batean, biolentzia bakar baten gaitzespena elkarbizitzarako oinarri etiko bihurtu nahi izatea ariketa erabat arduragabea da. Lezio etikorik emateko moduan dago inor hemen?». Azurmendiren izpiritu kritikoaren aldarriarekin itxi zuen: «Guztiok aterako ginateke irabazten».

Biolentzia ala kontsentsua

Hitz egiten azken, Cugnok indarkeriaren eta nortasun politikoaren inguruko bere kezken berri eman zuen, Azurmendiren gogoetetatik abiatuta. Galdera parea hartu zuen hizpide: «Biolentziaren eta kontsentsuaren artean aukeratu behar al dugu, derrigorrez? Demokraziak bi kale itsuren artean bat hautatzea besterik ez al digu ematen aukera gisa?».

Azurmendiren Indarkeria eta balore berrien bilaketa lana xehetu zuen filosofian doktoreak. Hor ageri den «balioen erlatibitatea» ez dela erlatibismoaren goraipamena esan zuen, ezta nortasunaren kontzeptuaren ukapena ere. «Biolentziatik harago joatea ez da identitatetik harago joatea. Azurmendiren pentsamenduak nortasun politiko eta kulturalaren birdefinizio konplexu batera eramaten gaitu, biak dibertsitatearen etengabeko ekoizpen gisa ulertuz». Euskal identitatea, hala, modernitatea interpretatzeko «modu guztiz espezifiko» bat dela adierazi zuen. «Kultura baten indarra ez datza besteekiko bateraezintasunean, haiek batzeko gaitasunean baizik; haietan desegin gabe, haiei bere arnasa emateko gaitasunean».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Txagorritxuko erietxean, COVIDaren test serologikoak aztertzen. ©G. RUBIO / FOKU

Eritasunari buruzko lezio berrikusia

Arantxa Iraola

Asko falta da oraino, baina COVID-19aren inguruko ezagutzak egunero ari dira argitzen, osatzen; ondorioz, izurriaren hasieran gaitzaz esan ziren hainbat gauza zahartuta eta atzeratuta geratu dira guztiz. Etengabeko berrikusketa eskatzen du gai honek.

Angeluko hondartza. ©Guillaume Fauveau

Maskara derrigorrezkoa izango da Ipar Euskal Herriko hainbat herritan ere

Olatz Esteban Ezkati

Berrehun positiboren langa gainditu da seigarren egunez jarraian Hego Euskal Herrian: 224 kasu izan dira azken orduetan. Gipuzkoako tabernariak kexu agertu dira Jaurlaritzaren murrizketak direla eta

Emakume bat oinez Donostian, erosketen poltsak eskuetan, joan den apirilean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Zaurgarrienak, zaurgarriago

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Pandemiak emakume eta gizonen arteko desberdintasunak sakondu dituela ondorioztatu du Emakunderen txosten batek. Egoera hobetzeko gomendioak eman dizkie erakundeei

Jedea Bilboko metrotik irteten, maskara jantzita ©Luis Tejido/EFE

Berrehun positiboren langa gainditu da seigarren egunez jarraian Hego Euskal Herrian

Berria

Azken orduetan 224 kasu atzeman dituzte. Positiboetatik 123 Bizkaian detektatu dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna