1983ko Ondarroa, nobela beltz baten jokaleku bihurtuta

Joanes Urkixok 'Orratza eta kaltea' thrillerra argitaratu berri du, Elkar argitaletxearekin. Heroinak erabat erasandako herri baten testuinguruan, herritarren arteko istorioak harilkatu ditu idazleak

Urkixok joan den asteanaurkeztu zuen bere lan berria, Donostian. J.C.RUIZ / FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Adin guztietako irakurleentzat eta ia genero guztietan idatzitakoa da Joanes Urkixo (Bilbo, 1955), lau hamarkada luzeko ibilbidean: helduentzako poesia, nobelak eta ipuinak argitaratu izan ditu; haur eta gazteentzakoak ere bai. Profesionalki, baina, gidoigile izan da batez ere. Lasa eta Zabala (2014) filmaren gidoia berak idatzia da, esaterako. Oraintxe estreinatu duten Hil kanpaiak filmaren gidoigileetako bat ere bada. Orratza eta kaltea (Elkar) izenburuarekin plazaratu berri duen nobelak berak ere gidoi bat izan du abiaburu. Lasa eta Zabala filmarena idazten bukatu berritan idatzi zuen, baina ezin izan zuen ekoitzi. «Hala, gidoia nobelara aldatzea erabaki nuen».

Aldaketa horretan, 1983ko Ondarroan (Bizkaia) «heroina urteetan» kokatutako thriller bat sortu zuen. «Nobela thriller bat da, bai, baina asko du ere sail beltzetik eta sail beltzean hain sarritan sartzen den dramatik». Badago intriga, badaude hilketak, badago hiltzaile bat, «baina hori ez da nobelako gako nagusia».

Testuingurua bada nobelako gakoetako bat: «Ondarroa izan zen, beste hainbatekin batera, Euskal Herri barruan heroinak gogorren jotako herrietako bat. Hor kokatuta dago trama». Herriko txokoak eta biztanleak elkarrizketatu zituen Urkixok trama horren eraikuntzarako; tartean, heroina urte haietatik bizirik ateratzea lortu zuen emakume bat, zeharo hunkitu zuena.

Idazleak berak ere ezagutu zuen garai hartako Ondarroa, neurri batean, bertan zituen lagunei esker. Heroinaren erasana ez zuen gertu-gertutik ezagutu, hala ere, eta «intelektualki» ekin zion gaiari, nobelaren abiaburua izan den gidoia idazterakoan. «Nik ez nuen dramatikoki bizi izan garai hura, baina ni partidu politiko batean egon nintzen eta han ezagutu nituen heroinazaleak; eta beste partidu bat erabat sarraskitu zuen droga horrek. Modu intelektualean, bagenekien zer gertatzen ari zen. Hortaz, modu intelektual batean egin dut hurbilpena, hasieran. Gero, jendearekin eseri naizenean, erabat hunkitu naute». Hala eraldatu zuen kontakizuna, duela lau hamarkadako egoera soziala azaltzen saiatuz, tirabira politikoez eta heroinaz haratago.

Pertsonaia nagusia

Protagonista nagusia eraikitzeko ere, garai hartan zinegotzi izandako bat izan zuen gogoan: «Troskista zen zinegotzi hura. Nobelan esaten da ezkertiarra dela, eta ez dela ezker abertzalekoa. Garai hartan dialektika nahiko gordina zen haien artean, izan ere». Hala abiatzen da Mikel protagonista nobelan, hauteskundeen osteko zinegotzi lanetan. Gai sozialen ardura egokitzen zaio, nahi ez duen arren, eta zuzenean ikusten du heroina herria arlo guztietatik ari dela jotzen. «Saiatzen da heroina herrira sartzeko iturri nagusia zein den ikusten, iturri hori ixteko».

Pertsonaia nagusiaren asmo «naif» horretan oinarritu du trama Urkixok. Badira beste hari batzuk ere, baina. Bada maitasunezko istorio posible bat, heroinaren menpeko batek eta Mikelek topo egiten dutenean.

Bada Guardia Zibila ere, jakina, hasieratik, eragile rola jokatuz: «Eurek sortzen dute arazoa, baina horrek ez du esan nahi guardia zibilei buruzko liburua denik. Herritarren arteko istorio bat da, eta guardia zibilek gozokia eta makila ematen dizkiote aukeran jendeari». Diru piloa irabaztea da gozokia; proposamena ez onartzean gerta dakiekeena da makila. Bada gozokia aukeratzen duenik. Siano arrain saltzailea, esaterako, droga saltzaile izatera pasatzen dena. Ondarroan «benetan existitutako» pertsona bat izan du Urkixok pertsonaia hori eraikitzerakoan. «Hura trafikatzaile nagusi bat izan zen Ondarroan, kanpotik ekarri eta herrian banatzen zuelako droga. Mehatxuak jaso zituen, eta alde egin zuen. Handik urte gutxira, taberna bat ireki zuen, Gipuzkoako kostaldeko herri batean, eta goiz batean han hil zuten, taberna ireki berri zuela».

Hori guztia, garai hartako musika gogora ekarriz. Lehenik eta behin, liburuaren izenburuan arrastoa utzi duen kanta bati erreferentzia eginez: Neil Youngen The Needle and the Damage Done (Orratza eta egindako kaltea). «Nire kuttuna da kanta hori, eta badu zeregina tramaren barruan, eta baita azpitestuan ere». Ez da nobelan agertzen den kantu bakarra, inolaz ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.