Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Ez Dok Amairu eta RRV-k itzalpetutakoa

1972 eta 1985 bitartean Euskal Herrian eginiko rock progresibo, folk psikodeliko eta jazz-rock musikaren bilduma bat plazaratu du Elkar-ek
Mikel Unzurrunzaga Schmitz <em>Makala</em>, Antton Iturbe eta Andres Kamio <em>Jitu</em>, atzo, Donostian.
Mikel Unzurrunzaga Schmitz Makala, Antton Iturbe eta Andres Kamio Jitu, atzo, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2021eko azaroak 26 - Donostia

Mikel Laboarekin hasi eta Zaramarekin segitu. Lourdes Iriondorekin hasi eta Kortaturekin segitu. 1960ko Euskal Herritik 1980kora. Aurreko mendearen bigarren erdiko euskal musikaz hitz egitean, aspaldi da bi foku horiek beste eremu batzuk erdiz itsutu zituztela. Izan zen, ordea, bestelako soinurik, bestelako proposamen artistikorik, eta tarteko hamarkada da ezezagun handienetako bat, musikalki, bederen. 1970eko urteetan, rock progresibora, folk psikodelikora eta jazz-rockera hurbildu ziren euskal musikari asko, «musikari handi eta talde oso interesgarriak», Elkar Musikako Andres Kamio Jitu-ren esanetan. Bada, belaunaldi hari «omenaldi xume bat» egin nahi izan diote orain trantsizioaren ideia izenean daraman lan bikoitzarekin: Katebegiak. 1972-1985. CD-liburua eta biniloa plazaratu dituzte, eta orduko bi lan berrargitaratzeko ere baliatu dute abagunea: William S. Fischerren Akelarre sorta bat eta Amaia Zubiria eta Pascal Gaigneren Egun argi hartan.

Mikel Unzurrunzaga Schmitz Makala ekoizle eta musikaria egon da proiektuaren atzean hasieratik. Irrati esataria ere bada, eta, batez ere, «bildumazalea». Gaztea irratiko Boom Shaka Laka irratsaioan egindako lana oinarri hartuta, Euskal Herriko musika beltzaren bilduma bat kaleratu zuen 2016an, Boom Shaka Laka - 10 Years, eta horrek hauspotu zion 70etako giroa gehiago arakatzeko gogoa, batik bat, William S. Fischerren musika ezagutzean —haren kantu bat jaso dute bilduman—. «Mende erdia ere ospatzen ari naizenez, ni jaiotako hamarkadan egindako musika aztertzearen ideia ere gustatzen zitzaidan», kontatu du.

Makalak egin du kantuen hautaketa, Elkar, Xoxoa, Herri Gogoa eta IZ diskoetxetako katalogoak baliatuta. Denera, hamahiru kantu aukeratu dituzte LP bikoitzerako eta bat gehiago disko-liburuan sartzeko, azken uneko bonus-track bat gehituta —Eresbili esker berreskuratutako Juan Arkotxaren 1983ko pieza bat—. Bilduma osatzen duten abestiak, berriz, ondorengo artistenak dira: Haizea, Izukaitz, William S. Fischer, Magadalena, Enbor, Itoiz, Koska, Itziar Errobi, Lisker, Amaia Zubiria & Pascal Gaigne, Gontzal Mendibil & Taldea eta Urria.

Horietako asko arakatzearen puruz deskubritu dituztela nabarmendu du Makalak, eta bidean hartutako ezusteak ospatu ditu. «Adibidez, Itoizen Ezekiel diskoa oso berezia izan zen, eta hor badago kantu bat aukeratu duguna, zeinetan kasualitatez Itziar Ereinek abesten duen, eta horrek eraman gaitu zer eta hark Itziar izenez atera zuen diskora». Berdin Xoxoa diskoetxean Jean Phocasek 1978-1979an ekoitzi zituen diskoetara, Izukaitzen Izukaitz-era eta Errobiren Ametsaren bidea-era, besteak beste: «Badute soinu amankomun bat, zerbait berezia. Hor urpekari lana egitea sekulako gozamena izan da».

60ko urteetako kantautoreen eta 80ko punkaren eraginpeko taldeen aldean, 70eko hamarkadan rock progresibo, folk psikodeliko zein jazz rockaren bueltan aritu zirenek «abesti luzeagoak eta birtuosismo handiagokoak» landu zituztela azaldu du Makalak, eta haien eraginen artean zerrendatu ditu Grateful Dead, Fairport Convention, Frank Zappa eta beste. Makala: «Talde asko berbenetatik etortzen ziren, eta birtuosismoa oso garrantzitsua zen haientzat. Baita euskal musikako instrumentu tradizionalak erabiltzea ere; alboka, txirula, txalaparta... hor daude. Kantuen hitzak tradizionalak ziren, baina jantzi berri bat zekartenak».

Gehi bi «harribitxi»

Bai biniloari eta bai CD-liburuari Blami artistak egin die azala, gorri-zuri-berdea. CD-libururako hitzaurrea Garbiñe Ubedak idatzi du, urte haietako zenbait oroitzapen ekarriz, eta talde bakoitzari dagokion testua Antton Iturbek osatu du —lau hizkuntzetan dator argitalpena—. «Lehenengo-lehenengo, entzule bezala ilusionatu nintzen proiektu honekin», aitortu du Iturbek. «Entzuketa aurkikuntza handi bat izan da, eta inguruko informazioa biltzea ikasketa bat». Diskoan bildutakoa «topikoetatik kanpo» gelditzen den musika dela ere erantsi du. «Euskal musikaren historia, nolabait, ikuspegi berri batez begiratzeko eta entzuteko aukera bat ematen du bildumak. Bilduma gisa oso ederra da, baina batez ere iruditzen zait atari bat dela, harago joateko eta gehiago sakontzeko».

Katebegiak-ekin batera, William S. Fischerren Akelarre sorta bat (1972) eta Amaia Zubiria eta Pascal Gaigneren Egun argi hartan (1985) diskoak berreskuratzeak proiektua «borobildu» dutelakoan da lantaldea. Jituk nabarmendu du azaletik hasita direla bereziak bi lanak: «Gaignek esan zigun kantaria azalean agertzen zuen lehenbiziko diskoa izan zela. Hortik hasita du esateko asko lanak».

Fischerrena, berriz, Herri Gogoako Iñaki Beobidek ekoitzi zuen, eta sasoi hartako ekoizleak omentzeko modu bat ere izan dela aipatu dute: «Oso-oso ausarta izan zen garai hartan halako disko bat planteatzea eta merkaturatzea. Groove, jazz eta musika beltza Peio Joxepe eta halako herri kantuekin uztartzen ditu; nahasketa oso bitxia da. Kultuko disko bat».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sinbolo bat baliatzeko moduak

Sinbolo bat baliatzeko moduak

Amaia Igartua Aristondo - Bizkaiko Hitza

‘Gernika’ Gernikara plataformaren iritziz, Picassoren artelana "boterearen menpe" dago gaur egun. Madrilgo Reina Sofia museotik Gernikara lekualdatu dezatela nahi dute, memoria historikoa lantzeko, besteak beste. Mobilizazio bat egingo dute bihar, udalerriko Foruen plazatik, 13:00etan.

Garazi Ansa eta Haizea Barcenilla, atzo, San Telmo museoko <em>Baginen bagara. Emakume artistak: ikusgarritasun(ez)aren logikak</em> erakusketan. ©G. ARANBURU / FOKU

Ikusezintasunaren tripak

Itziar Ugarte Irizar

'Baginen, bagara. Emakume artistak: ikusgarritasun(ez)aren logikak' erakusketa jarri du ikusgai San Telmo museoak, martxoaren 13ra arte. Haizea Barcenilla eta Garazi Ansa izan dira komisarioak

 ©BERRIA

Hegaldiari berriz ekiteko prest

Aitor Biain

Liher taldeak 'Eta hutsa zen helmuga' diskoa argitaratu du. Izurriak eragindako «bidaia emozionala» kontatu dute, 11 kanturen bitartez. Ondarroan aurkeztuko dute lan berria bihar iluntzean

 ©GOTZON ARANBURU / @FOKU

Boterearen gezurraren ondorio zoritxarrekoa

Gorka Arrese

Lander Garrok 'Faith' aurkeztu du, Xabi Ugarte pertsonaiaren bigarren eleberria. Euskal Herriko giro politikotik aldendu nahi luke, baina ezingo du. Bartzelonan girotuta dago, mende hasieran

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.