KRITIKA. Opera

Lirismo samurra

2016ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun

'La Sonnanbula'

Zuzendaria: Jose Miguel Perez Sierra. Eszena zuzendaria: Pier Luigi Pizzi. Koreografia: Ekaterina Mironova. Abeslariak: Jessica Pratt, Antonino Siragusa, Mirco Pa lazzi, Elena Sancho, Itxaro Mentxaka, Jose Manuel Diaz, Alberto Nunez.Lekua Euskalduna Jauregia. Bilbo. Eguna: Urtarrilak 26.

Atsegin handiz eta txalo zaparradarekin hartu zuten opera zaleek Moskuko Bolxoi antzokiaren ekoizpena den Belliniren La Sonnanbula. Izan ere, harrigarriak dira 1831ko opera sasi-serio honen saihetsak: ez badago pasioen arteko borroka latzik (dramatismorik ez) ez badago komikotasunik eta apenas ekintzarik… nondik datorkio mami estetikoa? Bada, Bellinik amodio harremanetarako jarri zituen doinu zoragarrietan, landa-giro idiliko eta elegiakoan, baita orkestazio delikatuan ere, eta hori guztia, Bel Cantoa beltxargaren azken aienean zegoenean…

Kantuaren zailtasuna ez da nolanahikoa eta garai hartako abeslari batzuen ezaugarrietarako espresuki asmatua izan zen.Horregatik, gaur egun horraino heltzea ia ezinezkoa da. Baina OLBEren ahalegina hurbildu egin zen gailurreraino eta Jessica Pratt soprano arinaren kasuan bete-betean: Amina sonanbuluaren rolean, kantu fioritoren teknika bikain menperatzen duela adierazi zuen, baita bere ahots arinak kalitatea duela ere: ahotsaren igorpen garbia mezza voce-ko kantuan, legatotxukuna esaldietan, ukitu ezinezko afinazioa eta fiatoa, messa di voce, mota askotako coloraturak eta sobreagudoak. Sintesi bikaina izan ziren azken aria eta cabaletta: «Ah, non credea mirarti». Aldiz, ekitaldi ausarta egin arren, Antonino Siragusa ez zen heldu Elvino rolak eskatzen zuen tenore de grazia-ra; gustua igorpenean eta legato-an baina estridentzia batzuekin, balentria atera zuen azken arian eta cabaletta-n. Mirco Palazzi baxuak erregistro guztietan legato erregularra haizatu zuen Rodolforen rolean. Elena Sanchoren Lisak indarra, arintasuna eta coloraturak erakutsi bazituen ere, beheranzko jauziak zehaztu gabe geratu ziren. Gustatu zitzaigun Itxaro Mentxaka Teresaren rol laburragoan: bai tauletan eta bai erregistro agudoan atera zuen ahots polita. Ondo egon ziren Jose Manuek Diaz eta Alberto Nuñez ere beren parte hartze laburretan.

Jose Miguel Perez Sierra musika zuzendariak ondo ulertu zituen operaren lehentasunak eta abeslarien protagonismoa bultzatu zuen Bilbako Orkestra Sinfoniko onaren aurrean. Ondo eraman zuen bai legato-aren laguntzan bai martellatoren uneetan. Bere aginduetara, Bilboko Operaren Koroak enpaste bikaina, fraseoa eta indarra zabaldu zituen pertsonaia nagusiaren protagonismoa lortuz.

Asko lagundu zion operari Pier Luigi Pizziren eszenaratzeak —pastel tonuko argiztatzea, arropak, atrezzo minimal baina eraginkorra— giro idiliko, liriko eta samurra girotzeko. Ekaterina Mironovaren irudimenezko koreografiak lagundu zuen maitagarrien ipuina osatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.