Eraldatzen ari den bluesa

StarBlues taldeak beste estilo batzuetara ireki du errepertorioa 'Hitz gatibuak' bigarren diskoan

Mikel Atxega, Jon Barreros eta Yon Labaien, asteartean, Donostian eginiko aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU.
mikel lizarralde
Donostia
2020ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Blues musikak egitura eta konpas jakinak dituen arren, StarBlues taldea ahalegindu da Hitz gatibuak (Gaztelupeko Hotsak) bigarren diskoan molde hertsietatik ihes egiten eta, bere estiloa kodifikatuta egon arren, lantzen duen proposamenari bestelako ukitu batzuk ere gehitzen. «Beti egitura berak erabiltzea aspergarria egiten zaigu», azaldu du Jon Barreros abeslari eta gitarristak. 2010ean sortu zuten taldea, Ordizian (Gipuzkoa), eta, aldaketa batzuk egin ostean, Barrerosek, Mikel Atxega baxu jotzaileak—Urko Ruiz de Apodakaren lekua hartu du—, Yon Labaien pianista eta hammond jotzaileak eta Fermin Etxeberria bateria jotzaileak osatzen dute gaur egun laukotea.

StarBluesek 2016an argitaratu zuen Gu Geu estreinako diskoa, eta, 2018aren amaiera bitartean, lan hartako piezekin aritu ziren batean eta bestean jotzen. Orduan, baina, Ruiz de Apodakak taldea uztea erabaki zuen, eta, Atxega sartzean, kantu berriak konposatzen hasi ziren. «Lehen diskoan bospasei urtean egindako piezak jaso genituen, baina, lan berrirako, propio sortu genituen kantuak». Hori dela eta, urtebeteko epean sortutako abestiek osatzen dute Hitz gatibuak, eta Barrerosek uste du lan berriak aurrekoak baino ñabardura gehiago dituela: «Blues kutsu hutsa duten kantuak gutxi dira, eta gehiago nabaritzen dira latin, rock, jazz eta funk ukituak».

Izan ere, abestiak entzuten dutenaren ondorioa direla adierazi du kantariak, eta hori nabaritu egiten dela diskoaren soinu paletan. Stevie Ray Vaughn, Robert Ford eta Jimi Hendrix aipatu ditu Barrerosek maite dituen gitarristen artean, eta Jimmy Smith eta Ray Charles pianistak Labaienek. «Horien guztien eragina geureganatzen dugu», aitortu du teklistak.

Diskoa Beasaingo (Gipuzkoa) Pottoko estudioan grabatu zuten, Fredi Pelaezekin. Musika beltzari lotutako hainbat proiektutan ibilitakoa da Pelaez, eta StarBluesek diskoan lortu duen soinuaren arduradun nagusia hura izan dela esan du Barrerosek: «Guk eramandako ideiei etekin handiagoa atera die, eta batzuetan 360 graduko buelta eman die». Bi asteburutan grabatu zuten denek elkarrekin, eta, ondoren, moldaketa batzuk gehitu zizkieten kantuei.

Zentsuraren aurka

Diskoko kantuetan «denaz» hitz egiten dutela esan du Barrerosek, baina Hitz gatibuak-en, esaterako —diskoaren izenburua ez ezik, kantu batena ere bada—, zentsuraren aurka ari direla. «Orain dela urtebete pasa, S.A., Su Ta Gar eta Def Con Dosekin lotutako albisteak hasi ziren irteten... pentsatzen zutena esateagatik. Eta sortzailearen ahoa ixtea ez zaigu gustatzen». Badira salaketa kutsu nabarmena duten beste kantu batzuk —Nortzuk dira? izenekoan politikariez ari dira; Otsoarekin solasa-n eta Zure jabe-n, genero indarkeriaz—, baina baita musikaren beraren indarra lehen planora ekartzen dutenak ere. Zerua ukituz-ek, adibidez, Hondarribiko Blues Jaialdian (Gipuzkoa) jo zuteneko esperientzia «ahaztezina» dakar gogora, eta Nada más que blues, berriz, blues talde batean jotzeaz ari da.

Orain diskoa zuzenean aurkezteko asmoa dute, eta, oraingoz, bi data dauzkate lotuta; aurrenekoa, gaur bertan, beren herrian.

KONTZERTUAK
Gaur. Ordiziako Delikatuz aretoan, 19:30ean.
Martxoak 28. Legazpiko Karibe Zaharren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.