Bolivia. Evo Morales, hamar urte presidentetzan

Paretak eta herritarrak mintzo

Evo Moralesek otsailaren 21ean jokatuko du bere etorkizun politikoa, hirugarren agintaldira aurkeztu ahal izateko galdeketan; BERRIA herritarrei galdezka aritu da.

Evo Moralesen jarraitzaileak, erreferendumeko baiezkoaren aldeko kanpaina egiten, atzo goizean, La Pazen. JOANES ETXEBARRIA.
Joanes Etxebarria.
La Paz
2016ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Evo Moralesek agintean hamar urte bete berri dituenean, paretak dira gehienik mintzo, baiaren eta ezaren aldeko kanpainek herrialde osoko bide bazterrak hartu baitituzte. BERRIA Boliviako kaleetan ibili da galdezka, eta, alde zein kontrakoak izan, kartsuki erantzun dute herritarrek. Inkesten arabera, gutxigatik irabazi ala galdu lezake heldu den otsailaren 21eko erreferenduma presidenteak; batzuek garaile ematen dute, eta besteek galtzaile, baina tarte txikiarekin beti. Bere etorkizun politikoa du jokoan Moralesek: hirugarren agintaldi batera aurkeztu ahal izango duen ala ez.

Hedabideetan aspaldi hasi zen inkesten jokoa. Emaitza desberdinak eman dituzte, baina gehienetan argi ageri da oraino deliberoa hartu ez dutenek balantza alde batera edo bestera eraman dezaketela. Kalean, baina, duda gutxi agertu da, bai ala ez ihardetsi baitute, zalantzarik gabe: zuri edo beltz.

Begi bistakoa da Moralesi berriz ere presidentetzara aurkezteko behar duen sostenguaren parte handi bat hiri kanpoko eremuetatik datorkiola, baita, kasu anitzetan, hiri bazterretatik ere. Agerikoa da murruetan haren aldeko leloak duen presentziagatik, baita gune horietako jendeek diotenagatik ere. Emiliana Copacabanako arrantzaleak dio anitz zor diola Moralesi: «Eraikitzen ari garen etxea eta alabari egin geniona Evori esker erosi genituen, erraztasunak ezarri zituelako gu bezalako jendearentzat». Aimara kultura nagusi den eskualdean, gainera, ohikoa da presidentea «gu bezalakoa da» entzutea indigenen partetik. Errepublika zena estatu plurinazionala izendatzeaz gain, indigenak baztertuak izatetik gizartearen eta agintearen parte izatera eraman baitzituen.

Potosin, ezezkoa

Herri berean, Copacabanan, Jorge artisauak oso bestelako iritzia du presidentearen agintaldiaz: «Gobernu osoa ustelkeria kasuetan bustia da, eta, gainera, ekonomikoki ez du ezer egin indio horrek —ni ere indioa naiz—. Hidrokarburoak nazionalizatu ditu, baina, bestalde, Uyuniko gatz ordokian dagoen litio guztia txinatarrei saldu die», dio, amorraturik.

Agintaldi luze honetan baztertuta sentitu denik ere bada. Garai batean Espainiako erreinua aberastu zuen Potosi hirian, «ez» bozkatzearen aldeko mezuak dira nagusi paretetan. Meategietan 27 urtez lan egin duen Juanen ustez, gobernuak Potosi ahantzi du. «Hiri batzuetan zementu fabrika handiak egin dira. La Pazen, teleferikoa eta beste guztia, baina Potosin, deus ere ez. Meategiak krisian dira, eta hemen aterabide bat behar da, baina ez da ezer egin».

Cochabamba hirian ere, funtsean hiri handietan gertatzen den bezala, aldaketa nahi lukeen jende andana bat mintzo da. Jose Luis taxilariak aitortzen du aurreko hauteskundeetan Moralesen alde bozkatu zuela, baina oraingoan ez duela hala egingo: «Ezin du egin nahi duen guztia. Aurreko batean, hedabideetan erran zuen bere alderdiak irabazten ez zituen udal eta gobernuetan ez zela obrarik eginen; hor haserretu nintzen! Aitortu behar zaio ekarri duen onura ere, bereziki estatu politika egonkor bat finkatzea, baina oraingoan aldaketa nahi dut».

La Pazen, bere egoitza den hirian, berriz, sostengu gehiago du Moralesek—hiriburu konstituzionala Sucre da—. Burua estalirik karrikan zapatak garbitzen ari den Sacachispasek dio —ezizenarekin aurkeztu da— zortzi urte zituenean kalean lan egiten hasi zenetik gauzak zeharo aldatu direla gobernuari esker: «Nik ikusten dudan aldaketa handiena da orain, bai, denek errespetatzen gaituztela. Orain, haurren artean askoz gehiago dira ikasketak egin nahi dituztenak. Eskolan ere, ikasle onenentzako beka bereziak badira, eta motibazioa areagotzen du. Bada legea haurrak babesteko; lehen ez zegoen halakorik».

Klase ertainekoen artean ere orotarik izanen da otsailaren 21ean, alde ala kontra bozkatuko duenik. Egunkari saltzailea da Isabel, eta, haren ustez, baiak irabazi behar du, «ez dagoelako beste inor herri hau aurrera atera dezakeenik». Aitortzen du Moralesek gauza batzuk «gaizki» egin dituela, «edozein pertsonak bezala», bere ustean. Landa eremuan aldaketa handiak izan direla argi badu ere, dionaz hiriaz «eta klase ertainaz pixka bat ahaztu da» presidentea: «Esaten digute kredituak [maileguak] badaudela, baina paper andana bat eskatzen digute eta ezin ditugu lortu; nik, adibidez, ezin dut etxe bat erosi». Txiroenez ere ahaztu ote den galdeturik, «jada ez daude lehen bezainbeste» erantzun du; «hobekuntzaren» seinale.

Ustelkeria kasuak

Carlos La Pazeko gidariak ere ikusten ditu agintaldiaren hutsegiteak eta gabeziak, baina, haren ustez, ikusi behar dira izan diren garapen guztiak: «Herri guztiko bideak hobetuz doaz. Landa eremuan, orain tresneria eta garraioak badituzte. Ni bideetan asko ibiltzen naiz, eta lehen mando bideak zirenak orain zabaldu dira, gune baztertuetan bizi direnek autoak baitituzte. Hirian ere, nor hasi da etxebizitza sozialak proposatzen? Lehenago ezin zen amestu ere!». Moralesen kontrako argudio nagusiaz galdeturik, agintari batzuen ustelkeria kasuez, alegia, Carlosek dio «hori beti egon dela eta egonen dela, gobernu honekin edo beste batekin. Baina orain argitara eramaten da. Lehengo gobernuetan, dirua sakelaratzen zuten, baina ez zen aipatzen. Orain, goi kargu batean denak duda lezake, aipatzen baita, eta kargu guztietan gertatzen den ustelkeria aipatzen da. Nik uste dut horrek hobetzen laguntzen duela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.