Bob Dylan bueltan da

Gaur Iruñean izango da musikari estatubatuarra, eta Barakaldoko BECen bihar. AEBetako kantu tradizionalak eta propioak uztartzen ditu

Bob Dylan, 2012an, Castellon eskainitako kontzertuan. DOMENECH CASTELLO / EFE.
2019ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Ibilbide luzea eta diskografia zabala ditu Bob Dylan abeslari estatubatuarrak. Ibilbide luzea, bere mugarri propioekin; horren adibide, 2013an jaso zuen Literaturako Nobel saria. Diskografia zabala du (38 argitalpen), misterio bihurtzeraino kontzertu bakoitzean zer joko duen. 2015ean eman zuen azkenengo kontzertua Donostian, eta Euskal Herrira itzuli da orain. Gaur Iruñeko Navarra Arenan joko du, eta bihar, Barakaldoko (Bizkaia) BECen. 21:00etan izango dira bi kontzertuak, eta sarrerak salgai daude oraindik ticketmaster.com eta Riffmusic sustatzailearen webguneetan.

Never Ending Tour (Bira Amaigabea) biran sartu ditu Euskal Herriko bi kontzertuak. Izenari men egiten dio birak: 1988an hasi zuen, eta 30 urte egin ditu agertoki gainean, urtero ehun kontzertu inguru eskaintzen. Dylanek estilo propioa garatuta du kontzertuetarako, eta hogei bat kantu jo ohi ditu bakoitzean.

Azken urteetan, abeslariaAEBetako abesti tradizionaletan murgilduta dago, baina unean uneko interesen arabera egokitzen ditu kantuak, ikuskizuna intimo eginez. Hori izangoda kontzertuen gakoa: «Orain arte ikusi gabeko Dylan bat gozatu ahal izango dute ikus-entzuleek», nabarmendu dute antolatzaileek. «Garai galdu bat aldarrikatzeko malenkonia sumatuko da, Dylanen haurtzarokoa, bizi gabeko nostalgiarena». Antolatzaileek zehaztu dute rock kulturaren ikono gorenetako bat bilakatu zela aspaldi, mende erdiko jardunarekin, baina mitoari aurre egiten jarraitzen duela aldiro.

AEBetako klasikoen bertsio berriak eskaini ditu orain artean; besteak beste, Frank Sinatra, Louis Armstrong, Bing Crosby eta Billie Holiday, betiere tarte bat eskainita bere kantu ezagunenei ere, izan Blowin' in The Wind, Like a Rolling Stone edo izan Highway 61 Revisited.

Intimoaren intimitate falta

Mugikorrak edo aparatu elektronikoak ia momentu oro falta ez diren garai hauetan, Dylanek haserre galanta harrapatu zuen joan den apirilaren 16an. Kontzertua ematen zebilen Vienan (Austria). Blowin' in the wind jotzen ari zela, kantua moztu eta ulertu ez zen zerbait esan zuen mikrofonotik, hainbat hedabidek azaldu zutenaren arabera. Buelta erdi eman eta bazihoala, anplifikatzaile batekin egin zuen estropezu,eta ia erori. Haserre, mikrofonora itzuli zen berriz: «Argazkiak egin ditzakezue edo ez. Eta guk jo egin dezakegu, edo argazkitarako jarri bestela. Ados?». Haserre jarraitu zuen emanaldia eskaintzen.

Artista estatubatuarrak jada debekatuta du komunikabideetako argazkilariak sartzea bere kontzertuetara. Ofizialki, ezin dira argazkiak atera, eta kontzertuaren antolatzaileek eta artistaren taldekoek ere ez dituzte argazkiak zabaltzen gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.