Gizakiak higatutakoak

Fernando Moleres argazkilariak 'Urtzearen aztarna' erakusketa osatu du. Martxoaren 5era arte egongo da ikusgai, Cristina Enean, Donostian

Fernando Moleres, atzo, argazki erakusketaren aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
Donostia
2022ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Gaur egungo aroa Antropozenoa dela irizten diote zenbait ikerlarik, gizakia gai baita planetaren kliman, geologian eta ekosisteman aldaketak eragiteko. Zientzialariek diote bi direla aro berri hori ekarri duten arrazoiak: energia ekoizteko eredua, eta baliabideak kontsumitzeko eredua. Ikatzetik, petroliotik eta gas naturaletik sortutako energiak berotegi efektuko gas kantitate handiakisurtzen ditu, eta horiek dira berotze globalaren eragile nagusiak. Horren guztiaren ondorioak argazkitan bildu ditu Fernando Moleres argazkilariak (Bilbo, 1963). Urtzearen aztarna deitu dio erakusketari, eta Cristina Enea fundazioan (Donostia) egongo da,martxoaren 5era bitarte.

Hiru gune gaitu dituzte esposiziorako. Bost minutu inguruko bideo proiekzio bat duen gela bat da lehena. Han, Moleresek azken bi hamarkadetan filmatu dituen inguruneak ageri dira. Gehienak naturaguneak diren arren, badira hiriak, eta zenbait klima mapa ere bai. Denborak higatu dituen hainbat lurgainen aldaketa nabariak agertzen ditu bideoak. Beste bi aretoak goiko pisuan daude; eskuinekotik hastea da gomendagarriena, narrazioaren mesedetan. Eskumako gelan, erlojuaren kontrako noranzkoa hartu behar du ikusleak argazkiei begiratzeko orduan. Gela horretan, Moleresek Groenlandiara egindako bidaian ateratako argazkiak daude ikusgai: «Zaila denez han ostatu hartzea, trukea egin nuen, eta 25 egunerako joan nintzen. Horrek modua eman zidan komunitatearekin harremana izateko».

Antartikara ere bidaiatu izan du argazkilariak. Aipatu du behin Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiak espedizio batera gonbidatu zituela hainbat kazetari: «Ezin nuen galdu aukera hori. Glaziologoekin batera egin nuen bidaia [lanean ari diren batzuen argazkia seinalatu du] eta mendi gidari gehienak euskal herritarrak izan ziren». Txakurrek gidaturiko lera baten gainean ateratakoa da argazkietako bat, eta azaldu du«anekdota xelebrea» duela: «Jens izena du lera gidatzen duen gizonak, eta paseo bat ematera eraman ninduen. Halako batean, txakurrek alde egin zuten, eta Jens haien bila irten zen, korrika. Han geratu nintzen ni, hamabost zentimetroko itsaso izoztu batean, zibilizaziotik lau ordura».

Glaziar estaliak Alpeetan

Ezkerreko gelako argazkiak dira klima aldaketaren larriaz gehien ohartarazi nahi dutenak. Aurrekoan ez bezala, egileak erlojuko orratzen noranzkoan ibiltzeko gomendioa egin du. Moleresek higaduraren larritasuna aipatu du azalpenak eman ahala: «Artikoa milaka urtean egon da aldatu gabe, baina desizoztea areagotu egin da azken 50 urtean. Eremu polarretan, urtzea planetaren gainerako eremuetan halako hiru izan da. Horrek berebiziko eragina du itsas mailaren igoeran».

Urteen joana adierazten dute hiru tokitan egindako argazkiek. Aneto mendian (Pirinioak), bi hamarkadan ia guztiz desagertu da glaziarra. Perito Moreno glaziarrak (Argentina) galdu duen izotz eremuari ere atera dizkio argazkiak, eta Suitzako Alpeetako glaziar bat estalita ageri da: «Eski estazio bat da, eta izotzik ez galtzeko tapatu dute, galera ekonomikorik izan ez dadin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.