Kritika. Musika

Karidadea ala gizarte plana

2017ko otsailaren 12a
00:00
Entzun

Bilbao Orkestra Sinfonikoa



Zuzendaria: Carlos Miguel Prieto. Bakarlaria: Lucas Macias. Konpositoreak: Emilio Aragon, Richard Strauss eta Dimitri Xoxtakovitx. Non: Euskalduna jauregian. Noiz: Otsailaren 9an.

Guztiz zalantzakor nauzue, hasieran, BOSek eskaini duen piezaz, urritasuna duten hamazazpi musikariren partaidetzarekin. Izan ere, AEOS edo Estatuko orkestren koordinakundeak arazoak dituzten pertsonak musikaren bidezgizarteratzeko helburua izan du. Horretarako, erakunde eta banketxe handi eta pribatuen babesarekin, Soinuen Mosaikoaizeneko proiektua zabaldu dute. Jose Saramagok idatzi zuen Munduko Lorerik Handiena testu-ipuina hartu eta Emilio Aragonen musika jarri diote musikari horiek orkestra sinfonikoarekin aritzeko oholtzaren gainean. Portugalgo idazlearen testua laburra eta ederra bada, Aragonen musika ahula da, ez dauka areto sinfonikoan joa izateko gaitasunik. Gure orkestrak bete zuen lana, zuzendariak begikotasunez eman zien sarrera eta musikariek eder jo zuten bakoitzak bere instrumentua, gehienak perkusiozkoak. Nire iritzi apalean, areto sinfonikoa ez da lekurik aproposena urritasun arazoak dituzten pertsonen presentziak integratzeko. Aldiz, pertsona horiek pairatzen dituzten murrizketak ezabatu egin behar dira eta plan integral bat jarri. Beste aldetik, sarkasmoa dirudi, milaka eta milaka pertsona etxetik kanpo bidaltzen dituzten banketxe pribatuek lukurreriaren aurpegia garbitu nahi izana karidade ekintza honekin.

Egitarauarekin jarraituz, Lucas Macias, oboe bakarlariak txukun eman zuen Richard Straussek 1945an asmaturiko Oboe eta Orkestrarako kontzertua Re Maioerrean. Neoklasizmo galante-arenestiloari jarraituz, musika diletantea dirudi. Beraz, oboe jotzaileak teknika aratza erakutsi zuen arpegioetan, eskala kromatikoetan, afinazio bikaina eta dinamika desberdinetan. Hauspo onaren seinalea izan zen, hasierako mugimenduan jotako etengabeko 56 konpasetan zehar fraseo zuzena emanez. Fraseo hori berori entzun genuen lied-en itxura duen bigarren mugimenduan. Modulazio asko eta cadenza laburren atzean, sizilianaren dantzarekin bukatu zuen joaldia publikoaren txaloen artean.

Dimitri Shostakovitxek, berriz, orkestraren eta zuzendariaren maila neurtzen du. 6. Sinfonia ez da aldemeneko sinfonia handiak bezalakoa. Batzuek buru gabeko sinfonia dela esan zuten. Baina, formaren aldetik, balio handikoa da. Asko gustatu zaigu Carlos Miguel Prieto Mexikoko zuzendaria. Lehenengo Largo-an, ondo atera zuten konpositoreak garatu zuen liriskoa, garratza, ertz anitzekoa. Ondo probestu zuten bakarlari lanetan zebiltzan piccoloak, korno ingelesak, flautak, oboeak... eta azkenean tronparen oihartzun patetikoa akorde eta trino zabalen artean. Bigarrena, Scherzo-an, orkestraren erakustaldia egiteko aproposa da eta ez dute hutsik egin musikariek. Guztiz diferentea da , ordea, hirugarren mugimendua, Presto deitua. Alaitasuna ematen du ,rondo- sonata-ren itxura hartuz, music hall-en usaina dario sarabanda indartsuarekin bukatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.