Bolivia. Evo Morales, hamar urte presidentetzan

Hamar urte, eta gehiago nahi

Hamarkada oso bat joan da Evo Morales Bolivian presidente hautatu zutenetik.Urteurreneko hitzaldian, gobernuaren lorpenak goraipatu ditu, eta erran du herritarren «%80k» babesten dutela

Evo Morales Boliviako presidentea, atzo, legebiltzarrean egindako saioaren aurretik, La Pazen. JOANES ETXEBARRIA.
Joanes Etxebarria.
La Paz
2016ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Irrati eta telebistak behartuak zeuden, Boliviako Gobernuaren manuz, Evo Moralesen diskurtsoa osorik ematera. Orenak iraun zuen arren, denetan ikusgai edo entzungai zen, baina entzule amorratu gutxi izanen zituen presidenteak. Murillo plazan bertan, diskurtsoa ematen ari zen legebiltzarraren kanpoaldean ere, sostengatzera joana zen jendea, entzutera baino gehiago. Hamar urteko agintaldia azaltzeko, gehienbat datuak aipatu zituen Moralesek, eta esanguratsuenak baizik ez zituzten txalotu han bilduek.

Goizean goiz hitza hartzen lehena presidenteordea izan zen, Alvaro Garcia Linera, eta «aldaketa prozesuak» hitzemandako helburuak bete dituztela erran zuen: baliabide naturalen nazionalizazioa, Estatuaren Konstituzio Politiko berria eta herri indigenen ezagupena aipatu zituen. Gobernua zoriondu zuen, eta erran zuen helburu berriekin datorrela, 2016-2020 urteetarako garapen xedea aurkeztu dutela oroitarazi baitzuen. Gainera, oposizioaren proposamenik eza aipatu zuen: «Ez dago aldaketa prozesua, iraultza demokratikoa eta kulturala ez den beste herri proiekturik berehala». Oposizioaz ere zuzenka galdetu zuen: «Zein estatu eskaintza, ekonomiko, zein herri proposamen dauka oposizioak? Ez dauka proposamenik; ez dauka ideiarik».

Moralesek hitza hartzerako, abisua egin zien legebiltzarreko kideei: kafea eta koka hostoak beharko zituztela, «txosten zehatza» egitera behartua zelakoan—kokak ere loak ez hartzen laguntzen du—. «Txostenak Estatu Plurinazionalaren hamar urteko agintea parez pare jartzen du menpekotasun inperialeko hogei urteko eredu liberalararekin», zehaztu zuen. Hala joan zen, hain zuzen, bost orduz gorako diskurtsoaren gehiengoa; aro liberaleko datuak azken hamar urtekoekin parekatu zituen.

Estatuaren egonkortasun politikoa behin eta berriz aipatu zuen, eta nazioartean ukan duen eragina ere garatu zuen, klima aldaketa eta garapen ekonomikoa hizpide, besteak beste. Barne produktu gordinaren zenbakiekin txaloak jaso zituen: goraipatu zuen ezen, 1985. eta 2005. urteen artean gorakada %3,2 izanik, bera agintean sartu denetik %5 dela: «2006an, iritsi ginenean, Bolivia Hego Amerikako azken herria zen, eta azken-aurrekoa Amerikan, eta, joan den urtean, Hego Amerikako lehenak eta Amerikako bigarrenak izan gara».

Zenbaki uholdean aipagarria izan zen zerrendatu zituen inbertsioak, hezkuntzakoak, alor sozialekoak eta ekonomikoak. Datu esanguratsu batzuek entzulegoaren arreta piztu zuten, hala nola gutxieneko soldatarenak, 440 boliviano baitzen duela hamar urte (58 euro), eta 1.656 gaur egun (218 euro). Gizarte Segurantza ere Moralesen politika sozialaren datu erabakigarri bat da, eta atzo jakinarazi zuen 1,9 milioi herritar gehiagok dutela bere zuzena. Barne politiken ondorioetarik bat harroki aipatu zuen: muturreko pobreziaren beherakada, %17ra jaitsi baita.

Hainbesteko zehaztasunetan sarturik, Evo Moralesek ezin zuen aipatu gabe utzi «Ama Lurraren» aldeko legea adostu zuela bere gobernuak, «kapitalismoak Ama Lurretik urrundu gintuelarik». Klima aldaketaz duen ardura behin eta berriz oroitarazi zuen, horretan mundu mailako erreferentzia dela lerro artean ulertaraziz; Tiquipayako herrien nazioarteko bigarren goi bilera antolatu zuela aipatu zuen, besteak beste.

Txostena eta kanpaina

Diskurtsoa luzea bihurtzeraino datuak baliatu ondotik, otsailaren 21eko erreferendumera begira hasi zen Morales promesak egiten. Lehendakaritzara aurkezteko herritarren onespena nahi duelarik, jadanik lehendakaritzarako kanpainan murgildua zegoela zirudien. BPGak goraka segituko duela hitzeman zuen, eta muturreko pobrezia behera joanen dela.

Oposizioak ere aitortzen dion garaipena, egonkortasun politikoarena, gerora proiektatzeko baliatu zuen: «Egonkortasuna dagoenean, proiekzioak badira epe ertainera eta luzera». Erreferendumari begira kritikatu zituen inkesta horiek bere txostenaren sostenguaren bermetzat baliatu zituen bukatzerakoan: «Herritarren %80k gobernuaren politika sostengatzen dutela diote».

Bukaera aldera, entzuleak goseturik zeudelarik, aldarri bat ere plazaratu zuen legebiltzarreko mikrofonotik: «Zerbait da giza eskubideak defendatzea, baina orain gure lana izanen da eskubide kolektiboak ere defendatzea, egon badaude eta». Horretarako, beste helburu batzuk betetzeko bezala, beste agintaldi baten bila joanen da Boliviako presidentea, eta herritarrek dute azken hitza ukanen, otsailaren 21ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.