Garrasi mutu eta isilak

Larung Gar, tibetar budismoa ikasteko munduko zentrorik handienetarikoa, botatzen hasi da Txina. Duela hilabete heldu ziren poliziak eta militarrak eremura. Tibetarren erantzuna, baina, irmoa da: protestak egiten ari dira.
Larung Gar monasterioaren inguruandauden etxeak; 10.000 lagun bizi dira han. Txinak uztailaren 20an ekin zion etxeak eraisteari.
Larung Gar monasterioaren inguruandauden etxeak; 10.000 lagun bizi dira han. Txinak uztailaren 20an ekin zion etxeak eraisteari. EFE

Nerea Menor -

2016ko abuztuak 31
Munduaren gailurretik iritsi arren, garrasiak mutuak eta isilak dira, haien oihartzuna ez baita mundu zabalean entzuten. Larung Gar monasterioa 4.000 metro garai dago, eta inguruan dituen etxeak eraisteari ekin dio Txinak. Larung Garren 10.000 moja, fraide eta ikasle bizi dira, baina populazioa erdira jaistea da asmoa; 5.000. Egunero, 150 eta 200 etxe eta eraikin suntsitzen dituzte pilaketa dagoela aitzakiatzat erabiliz. Tokiko agintariek diotenez, zentroko populazioa oso azkar hasi da, eta ez da segurua han bizitzea. Tibetarren iritzia, baina, oso bestelakoa da. Azken batean, euren identitatearen ikurretako bat da; tibetar budismoa ikasteko zentrorik handienetakoa.

Eraisketak hasi aurretik hasi ziren protestak. Rinzin Dolma mojak lehen eraisketaren bezperan urkatu zuen bere burua, uztailaren 20an. Azken asteetan, beste bi ikaslek egin dute beren buruaz beste: Rinzin Dolma eta Tsering Dolma. Azkeneko horrek mezu bat utzi du idatzita: «Larung Gar suntsitzen ikusteak eragiten didan samina ezin dut jasan. Txinak ez gaitu bakean bizitzen uzten».

Free Tibet erakundeak salatu du iragarritakoa baina lehenago hasi direla eraispenarekin, etxeak husteko emandako epea errespetatu gabe. Monasterioa tibetar kulturaren ondarea dela ere salatu du erakundeak. Matteo Mecaccikek Tibeten Aldeko Nazioarteko Kanpaina buruak bat dator iritzi horrekin: «Leku preziatua eta babestua izan beharko luke; tibetar hizkuntza, kultura eta erlijioari dagokionez, neurtezina da akademiaren garrantzia».

Tibeteko Eskualde Autonomoan dago Larung Gar; Txinako Sichuan eskualdean. Khenpo Jigme Phuntsok lamak 1980an sortu zuen han Serthar Institutu Budista. Bakartu samar dago, eta hamar eta hamabost ordu arteko zeharkaldia egin behar da oinez iristeko, itzal handiko eskola da eta ikasleen erdia emakumeak dira; Tibeteko historian aurrenekoz emakumeek khenpo titulu erlijiosoa lortzeko aukera izan zuten han.

Txinako goi agintariek, baina, protesten aurrean entzungor egin dute, eta hurbiletik kasu egiten ari zaie eraispenari. Xi Jinping presidenteak berak interes handia du gai horren inguruan, eta eraispena puntuz puntu azaltzen duen agiria zabaldu du gobernuak. Urri amaiera baino lehen, 1.500 egoitza botako dituztela zehazten da agirian. Era berean, kontrol neurriak jasotzen dira; gaurko lehen segurtasun kamerak jartzea, edota ikasle xeheak gobernuaren kontrolpean ezartzea harresi baten bitartez moja eta fraideetatik bananduz. Azken horiek hainbat dokumentu sinatu beharko dituzte, eta hitzeman legea betez praktikatuko dutela erlijioa.

Jazarpen politikoa

Txinako Konstituzioaren 36. artikuluak errepublikako biztanle guztien erlijio askatasuna bermatzen du, eta dio estatuak ezin duela inor behartu erlijio jakin bat praktikatzera edota ez praktikatzera. Idatzitakoa, baina, ez da betetzen. Human Rights Watchen esanetan, zapalkuntza politikoa pairatzen dute tibetarrek, indarkeriaz gainera; baita errepresio erlijioso gogorra ere.

Larung Garren bizi diren tibetarrek badakite hori, oraingoa ez baita monasterioak pairatu duen eraso bakarra. 2001ean milaka egoitza suntsitu zituzten, eta tibetar batzuk, egoera jasan ezinik, hil egin ziren. 2009az geroztik, 140 pertsonak beren burua erre dute protesta gisa. Dalai-lamak txinatarren aurkako bortizkeria erabiltzea debekatu zuen, eta, agintari espiritualaren desira errespetatze aldera, askok beren gorputzarekiko indarkeria erabiltzen dute.

Protestek, gainera, mugak gainditu dituzte. Dorjee Tsering 16 urteko gazteak otsail amaieran eman zion su bere buruari Indian, Dehradun herrian. Amari behin baino gehiagotan esana omen zion bere herriarengatik zerbait egin nahi zuela. Lehenengo aldiz, autoimmolazioa erabili zuen protesta gisa Tibeten inoiz izan ez den nerabe batek.

Dharamsalaraino iritsi da, bada, samina. Tibeteko Museoan immolatu aurretik idatzita utzitako mezuak irakur daitezke: «Aita, hain zaila da tibetarra izatea, ezin baitugu ezta dalai-lamaren erretratua eduki; ez dugu inolako askatasunik».

Dalai-lamaren tenplu ondoan daude esaldiak. Indian erbesteratutako tibetarrak biltzen dira hiri horretan. Txinako Askapenerako Herri Armadak 1949an inbaditu zituen Tibeteko Kham eta Ambo probintziak. 1954an, dalai-lama Txinara joan zen bake elkarrizketak hasteko asmoarekin, baina, Beijingeko eraso krudelen ondorioz, ahaleginek huts egin zuten. Erresistentzia Tibet osoan zehar hedatu zen, eta 1959ko martxoaren 10ean Lhasara heldu zen. Tibetarrek ezin izan zuten askorik egin armadaren aurka. Astebete eskas geroago, bere bizitza arriskuan zegoela ikusirik, dalai-lamak Indiarako bidea hartu zuen.

Buruzagi espiritualaren ostean, tibetar askok hartuko zuten erbesterako bidea Himalaia zeharkatuz. Egun, 150.000 tibetar inguru daude munduan zehar, baita erbesteko gobernua ere, India iparraldeko Dharamsala herrian.

Erbesteko borroka

Norbu Tenzin, Lhasan jaioa da, eta 11 urte zituela erbesteratu zen. 17 urte hauetan ez da inoiz jarri senideekin harremanetan, poliziak, erbestean dagoela jakinez gero, bere familia zigortuko duen beldur delako. Dharamsalako Ume Iheslarien Herrian hazi zen, eta han ikasi zuen: «Ume asko bakar-bakarrik geunden han, eta hezitzaileak familia giroa sortzeko gai izan ziren». Erbesteko gobernuaren beka bat lortu, eta ekonomia ikasketak amaitzear dago hegoaldeko unibertsitate batean. «Ikasketak bukatzen ditudanean Dharamsalan lan egin nahiko nuke, ahal izanez gero erbesteko gobernuan. Dharamsalan, tibetarren artean, babestuago sentitzen naiz, eta dalai-lama ere han dago».

2011n, tibetarren buruzagitza politikoa utzi zuen dalai-lamak. Lobsang Sangay lehen ministroa da ordutik tibetarren ordezkari politikoa. Dharamsalan askok dute begiko baina ahots kritiko ugari ditu erbesteratuen artean. Dalai-lamak independentzia berreskuratzen saiatu zen aurreneko urteetan, baina urteekin «irtenbide errealistago» baten alde egin zuen: Erdibideko Politika. Tibeteko Gobernuaren arabera autonomia bat dator txinatar konstituzioarekin, eta tibetarren oinarrizko eskubideak defendatzen ditu.

Lhasang Tseringen esanetan, baina, onartezina eta irrealista da bide hori. Poeta, idazle eta ekintzaile horrek erresistentzian parte hartu zuen. «Hasieran, Ameriketako Estatu Batuen laguntza izan genuen, baina, Nixonen aginduz —nire ustez—, laguntza eten zuten». Dalai-lamak, egoeraren berri jakin zuenean, errenditzeko eskatu zien. «Dalai-lamari ez diogu errespetua bakarrik, fede kontua da. Baina, ezin genuen ulertu zergatik zen errenditzea bide egokiena». Erresistentzia etetea erabaki okerra izan zela uste du aktibistak, eta, gaur egun, askatasun borrokak jomuga galdu duela. «Argia galdu dugula da Tibeteko borrokaren tragedia. Erdibideko politikarekin helburua ez da helburu argi eta garbi bat. Eta, helburu garbirik gabe, ezinezkoa da estrategia zehatz bat izatea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna