Hezkuntza. Lanbide Heziketaren legea. Jorge Arevalo. Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuordea

«Lanbide Heziketak bide berriak urratuko ditu legeari esker»

Ikasleen prestakuntzari ez ezik, berrikuntzari eta ekintzailetzari ere heldu ahal izango diete LHko ikastetxeek; horren alde egingo duten guztiek sare bat osatuko dute, eta finantzaketa erantsia jasoko dute proiektu berritzaileak sustatzeagatik.

Jon Rejado.
2018ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Astebete betetzear da EAEko Lanbide Heziketaren legea. Iragan ostegunean onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, EAJ, PSE-EE eta PPren botoekin. Jorge Arevalo Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuordeak (Donostia, 1956) azaldu du bide luzea izan dela: «Lau urte eta 48 lege-dokumentu geratu dira bidean». Prozesu konplexua izan bada ere, pozik dago emaitzarekin.

Zergatik behar zuen Lanbide Heziketak lege berezi bat?

Lanbide Heziketak garapenean aurrera egin ahala, berrikuntzaren esparruan eta ekintzailetzarenean sartu ginen. Araudi bat behar genuen ildo horietan helduko diren etorkizuneko erronkei eusteko. Aurreko legegintzaldian ikusi genuen beharra, baina legea onartu gabe amaitu zen legegintzaldia. Aurten berriz aurkeztu dugu Eusko Legebiltzarrean, eta lortu dugu onartzea.

Zer ekarpen egin ditu legeak etorkizunera begira?

Batetik, Lanbide Heziketak bide berriak urratuko ditu legeari esker, prestakuntza bide berri batean. Ekoizpen sektoreari edota laneratu nahi dutenen beharrei erantzun ahalko diegu, testuingurua aldatuta ere. Bestetik, babesa eman nahi diegu enpresa txikiei eta oso txikiei, berrikuntza aplikatuaren alorrean. Horrek eskualdeetako enpresen beharretara gerturatzen lagunduko digu. Ekintzailetza ere sustatu nahi izan dugu, baita Lanbide Heziketaren nazioartekorako jauzia eta euskara ere.

Euskara Lanbide Hezkuntzaren erronken artean kokatu izan duzue beti. Nola indartuko du legeak euskara?

D eredua indartu dugu, baina, horren gainetik, legeak B eredua arautu du. Aurrez ez genuen halakorik, eta behar genuen. Horren alde ona da euskaraz ikasi nahi duten guztiek hala egin ahalko dutela. Aurreko ikasketak euskaraz egin duten ikasleek aukera izango dute hizkuntza horretan ikasten jarraitzeko. Horri esker, aurrez genuen helburu bat beteko dugu 2020ra begira: ikasleen erdiak baino gehiagok euskaraz ikastea Lanbide Heziketa.

Zenbait talde parlamentariok kritikatu dute ez zaiola behar besteko garrantzia eman euskarari. Aurretik ere egin izan dira ahaleginak Lanbide Heziketa euskalduntzeko, baina...

Gai horren inguruan luze eztabaidatu dugu, errespetuz. Abiapuntuan arazo bat genuen: B eredua ez genuen legez arautua. Ondorioz, DBHtik eta Batxilergotik heltzen ziren ikasle askok gaztelerazko ereduen alde egiten zuten Lanbide Heziketara pasatzean, D ereduko ikasketek eska zezaketen euskara mailaren beldur edo. Araudia aldatuta, asko hobetuko dugu B ereduaren eskaintzan.

Enpresa mundua euskalduntzeko balioa aitortu izan zaio Lanbide Heziketari. Legeak heldu al dio horri?

Aurreikusita dago. Lantokietan egindako formakuntza baliatuta, adibidez, euskararen erabilera indartu dezakegu enpresetan. Horri buruz hitz egin dugu enpresekin, eta zentzuzkoa dela uste dute. Guk ahal dugun beste indartuko dugu. Zenbat eta ikasle gehiagok ikasi euskaraz, praktika horiek euskaraz egin ahalko dituzte neurri handiagoan.

Legearen zioan, Lanbide Heziketaren eredu konbinatua aipatzen da. Zer da hori?

Orain arte, Lanbide Heziketa hezkuntza eskaintza bat izan da: hezkuntza sistematik heldutako gazteentzat, langileentzat, edota langabezian daudenentzat. Orain, ordea, oinarri hori aldatu egin da. Hiru ardatz izango dira eredu berean: hezkuntza, berrikuntzaeta ekintzailetza. Horrek, aurrez esan bezala, aukera ematen du etorkizunean egon daitezkeen aldaketetara egokitzeko: ikasteko metodologia berriak, ikastetxeak antolatzeko modu berriak, enpresentzako laguntza...

Ikastetxe batzuk jada horretan lanean ari dira...

Eta eredu horrek bihurtu gaitu erreferente Europako Batzordean. Oso aurreratua dela hausnartu dute, eta beste herrialde batzuetara zabaldu nahi dute. Ikusten ari dira emaitzak askoz osoagoak direla Lanbide Heziketak aurrez lortzen zituenak baino: ikaskuntza prozesuez gain, ekoizpen prozesuak ere hobetu ditu eredu berri horrek.

Enpresa eta hezkuntza gerturatuko ditu, beraz.

Oso garrantzitsua da gertutasun hori, baina, batez ere, laguntza ematea pertsonei. Hori da gure helburu nagusia: giza garapen iraunkorra. Prest egon daitezela etortzen denari aurre egiteko. Hori lortzeko, prestakuntza hobetu beharko genuke, eta legeak horretarako aukera emango digu.

Lanbide Heziketako Eredu Konbinatuan Espezializatutako Ikastetxeen Euskal Sarea ere jaso du legeak. Zertan datza sare hori?

Sarean sartuko diren ikastetxeek hezkuntza, berrikuntza eta ekintzailetza uztartu beharko dituzte. Nahi duena sar daiteke, betiere hiru ardatzak uztartzen baditu. Modu koordinatuan egingo dute gobernuarekin, eta Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluaren iradokizunen ildotik.

Ikastetxeen sarearen ereduak aldaketarik eragingo al du egungo antolaketan?

Ikastetxeek bi aukera izango dituzte: orain arte bezala hezkuntzan zentratuta lan egin, edo eredu konbinatuan sartu. Bertan sartzen direnek aipatutako hiru ardatzak garatzeko konpromisoa izango dute.

Horrek nolabait eragingo al du finantzaketan?

Sarean sartzen diren horiek finantzaketa handiagoa izango dute proiektu berri horiek garatzeko. Prestakuntzara mugatuko diren ikastetxeek ere finantzaketa izango dute, arazorik gabe lanean jarrai dezaten.

Programa kontratuak aipatzen dira legean. Nola hitzartuko dituzue ikastetxeekin?

Epe ertain eta luzera planifikatzeko aukera emango digu, eta ikastetxeek estrategikoki lan egin dezaten lagunduko digu, batez ere eskualdeak indartzeko. Tresna horri esker, eskualde bakoitzerako planifikazio zehatzagoa egin ahal izango dugu. Orain arte modu globalagoan antolatu izan dugu.

Horrek izango al du eraginik ikastetxe sare publikoaren eta itunpekoaren arteko finantzaketan?

Berdin eragingo du. Lanbide Heziketan denok batera egiten dugu lan; publikoek eta itunpekoek berrikuntzako proiektu berdinetan parte hartzen dute. Egia da bi programa kontratu mota egongo direla, batzuk sare publikoarekin lan egiteko, eta besteak itunpekoarekin. Uste dut eraginkortasun handiagoa emango digula.

Beste maila batean, deigarria da legean Lanbide Heziketaren ardura izango duen saila definitzeko modua: «Hezkuntza sistemako Lanbide Heziketaren arloan eskumena duen saila». Posible da Hezkuntza Sailak ez beste batek izatea eskumena?

Definizio horrez gain, «enplegurako heziketaren arloan eskumena duen saila» ere aipatzen da. Definizioak ulertzeko, legeak xehatzen dituen organoetan jarri behar dugu arreta: lehenengoa koordinazio organo gorena da, sail guztiak koordinatuko dituena; bigarrenean zuzendaritza organoa dago, sail bakar baten ardurapean; azkenik, Lanbide Heziketako Euskal Kontseilua dago, eragile guztiekin. Aipatu definizioa bigarrenari dagokio. Legegintzaldi hasieran, gobernuak zehaztu beharko du zer sail arduratuko den zuzendaritza organoaz.

Lehen aipatu duzu Lanbide Heziketaren helburua pertsonak etorkizunerako heztea dela. Hezkuntza ez den beste sail bat buru balitz, helburu hori desitxura daiteke?

Gobernuak ikusten du gaur egun Lanbide Heziketak eta hezkuntzak lotuta egon behar dutela, zalantzarik gabe. Hemendik lau urtera egongo den gobernuak agian aurreikus ezin daitekeen sail berezi bat sor dezake, eta Lanbide Heziketaren kokapenik egokiena hori dela erabaki. Legeak hori aurreikusi behar du; zurrunegia bada, ezin izango da egokitu, eta legeak aldatzea ez da erraza. Egin dugun moduan irekiagoa da. Dena den, prestakuntza eta hezkuntza oso lotuta egongo dira beti, bai eta laneratzea eta enplegua ere.

Iragan osteguneko eztabaidan, PPk nabarmendu zuen legea «inklusiboa» dela; aldiz, Elkarrekin Podemosek zehaztapen falta kritikatu zion gai horretan bertan. Zergatik?

Deigarria iruditu zitzaidan. Haiek garapen sakonagoa egin nahi zuten, eta gure gogoetak aurrez aipatu dudanari jarraitzen dio: zenbat eta gehiago zehaztu legea, orduan eta malgutasun gutxiago izango du, eta zailagoa izango da etorkizuneko beharretara egokitzea. Legeak marko bat zehaztu du, ikasteko zailtasunak izan ditzaketenei erantzuteko, eta marko hori dekretuz garatuko dugu. Helburuak partekatzen ditugu Elkarrekin Podemosekin, baina desberdin garatu ditugu.

Legea hiru urtean behin ebaluatuko da. Nola egingo duzue, eta nor arduratuko da?

Eztabaidatu behar dugu oraindik. Hasieran, gure asmoa da Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluaren ardurapean uztea. Hartara, alde guztiek erabateko kontrola izango dute: sindikatuek, patronalak, administrazioak, ikastetxeek... Gerora ikusiko da nola ezarri eta nola aurrera eraman. Kontseiluan bertan joango gara zehaztuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.