Auzoa oinarrietatik saretzen

Gasteizko Alde Zaharreko proiektua da Goian. Ume eta nerabeen eskolaz kanpoko jarduerak lantzen hasi ziren hainbat oinarri hartuta; besteak beste, elkarbizitza, aniztasuna eta euskara. Auzo proiektua osatzeko asmoz, helduek elkar ezagutzeko esparruak ere garatu dituzte.

Gasteizko Alde Zaharreko ume eta nerabeei auzoan aisialdirako aukera eskaintzen die Goian proiektuak, nahiz eta horretarako azpiegitura gutxi izan. GOIAN.
Gasteiz
2014ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Oso ondo konpontzen gara elkarrekin». Ostegun arratsaldea da. Gasteizko Alde Zaharreko Landatxo kirol gunean daude Bintou Keita, Kinsa Bourouis eta Laura Barrantes. Goianeko saskibaloi taldean jokatzen dute hirurek, eta entrenamendua bukatu berri dute. Baina ez daude bakarrik. Hainbat kirol egiten dituzten umeekin partekatzen dute kantxaren erdia, eta entrenamendua bukatzear zeudela, kimuen mailako futbol taldea korrika hasi da jokalekuaren inguruan. Bizi-bizirik dago Landatxoko kirol gunea, eta bizitasun hori auzora zabaldu nahi du Goianek.

«Auzoan bizi nahi dugu», dio Joseba Apellaniz Goianeko kideak. Urte asko dira komunitatea sortzearen alde lan egiten dutela Gasteizko Alde Zaharreko bizilagunek. Garaiaren arabera, hainbat pertsona eta talde aritu dira asmo horrekin. Goian proiektuak tradizio horretatik edan du, eta bide berriak garatu ditu. Haur eta nerabeentzat eskolaz kanpoko jarduerak eskaintzen hasi zen, baina, urteetako bilakaeraren poderioz, helduentzako jarduerak ere baditu. Hala ere, jarduera horiek ez dira helburua, tresna baizik. «Gu ez gara eskolaz kanpoko ekintzak sustatzen dituen guraso elkartea; pixka bat gehiago izan nahi dugu. Ikuspegi komunitarioa eman nahi diogu proiektuari», adierazi du Unai Lizaranzuk, Goianeko koordinatzaileetako batek. Iaz, 271 umek eta 120 helduk baino gehiagok parte hartu zuten auzoko ekintzetan.

Ramon Bajo Alde Zaharreko ikastetxe publikoa da. Duela zortzi urte, Apellanizek bertara eraman zituen seme-alabak. Garai hartan, auzokide askok ez zuten gauza bera egiten. «Jende askokauzotik kanpo dauden ikastoletara eramaten zituen haurrak. Horren ondorioz, jolastu ere auzotik kanpo egiten ziren». Ramon Bajon A eredua ematen zuten, baina, gurasoek eskola kontseiluan egindako aldarrikapenen ondorioz, D eredua eskaintzen hasi ziren. Aldaketa ugari ekarri zituen horrek: «Gu sartu ginenean 50 ikasle baino gutxiago zeuden, eta momentu honetan 160 daude. Hori zergatik gertatu da? Auzoan ez zegoen D ereduko ikastetxerik, eta hori da auzoko jendeak nahi duena».

Eredu berria ezarrita, lortu zuten Alde Zaharreko ume gehiagok auzoan ikastea. Baina eskola orduetatik kanpo aisialdia ere lantzeko beharra ikusi zuten. Auzoan baziren eskolaz kanpoko jarduerak; Javier Camacho eta Iker Crespo irakasle eskolako bi ikasle ohik eta Landatxo gizarte etxeko kale hezitzaileek egiten zituzten. Guraso elkarteak eurekin lan egin zuen bi urtez, eta gazteek utzi zutenean, euren gain hartu zuten lan hori. Urtebeteko trantsizioaren ostean, Goian sortu zuten. «Aurretik zegoen proiektuarekin jarraitu genuen, baina beste ukitu bat eman nahi genion. Auzora ireki nahi genuen». Goianen lehenengo erronka Landatxoko kirol gunea irekitzea izan zen. «Guk nahi dugu espazio hori erabiltzea, eta jendez betea baldin badago, hobe», adierazi du Apellanizek.

Iñaki Campillo Landatxo gizarte etxeko kale hezitzailea da, eta hogei urte daramatza auzoan lanean. Haren aburuz, Goian beti existitu da, modu batean edo bestean. «Ni eskolarekin lanean hasi nintzenean, Ramon Bajoko guraso elkarteak eta Gasteiz Txiki auzo elkarteak oso argi zuten kirol ekintzek gizarte ikuspegia izan behar zutela». Baina garaiak aldatu ziren, eta proiektu horiek indarra galdu zutela dio Campillok. Hala ere, hainbat pertsonaren lanarekin urteetan mantendu zuten eskolaz kanpoko jarduerak egiteko gutxieneko azpiegitura; besteak beste, Rafael Ruiz de Zarate Gasteiz Txikiko kide historikoari, Camacho eta Crespori, eta oinarrizko gizarte zerbitzuetako langileei esker. Guraso belaunaldi berria heldu aurreko urteei «basamortuko zeharkaldia» deitzen die Campillok: «Familia berriak sartu ziren eskolan, eta oso argi zuten seme-alabentzat zein hezkuntza proiektu nahi zuten. Auzoak berebiziko garrantzia du proiektu horretan».

Goianek, aurreko urteetako lana jaso, eta beste pauso bat eman zuen. «Proiektua askoz ere garatuago dago, sendoagoa da, eta gizartean pisu handiagoa du», nabarmendu du Campillok. Guraso elkarteak aurrera egin zuen, oinarrizko gizarte zerbitzuen eta auzoko kolektiboen laguntzarekin. Goianen lehenengo helburua izan zen ume eta nerabeek alde zaharrean aisialdiko aukerak izatea. «Guk gizartea josi nahi dugu. Ikusi genuen 2 eta 16 urte artekoentzat auzoan ez zegoela ezer. Beraz, horretan sartu ginen», azaldu du Apellanizek. Ume eta nerabeekin, eskolaz kanpoko jarduerek arrakasta nabaria lortu dute urte hauetan. Hasieran jarduera nagusia futbola bazen ere, gaur egun kirol zein kultur eskaintza zabala dute, hala nola saskibaloia, margolaritza, esku pilota, abesbatza, hip hopa, dantza eta auzo batukada.

Gaur-gaurkoz, Landatxo ekintzaz betea dago. Campillok gogoan du duela hamabost urte kirol gunea husten aritzen zirela. «Hainbat kuadrillaren topalekua zen, eta euren lurraldea bilakatu zuten. Horrek gure eta zuen artean ezberdintasunak sortzen zituen, eta giro gatazkatsua», dio Campillok. Egun, gatazkaren ordez, elkarbizitzarako eremu bilakatu da Landatxo. «Partekatzerakoan, gure arteko hesi hori desagertuz doa. Bizipenek eta elkar ezagutzeak auzokide egiten gaituzte». Ramon Bajon D eredua jarri zutenetik, ikasleen aniztasuna erabatekoa da. Horrek berebiziko garrantzia du, gizarte talde minoritarioek eta gainerakoek elkar ezagutzen ez badute arazoak sortzen baitira. «Elkarrekin harremanik izaten ez badugu, oso zaila da elkarri errespetua izatea eta koexistentzia hori elkarbizitza bilakatzea». Gasteizko Udalaren arabera, Alde Zaharreko biztanleen %19,7 atzerritarrak dira. Campillok dio aniztasuna berezko fenomenoa dela, eta beste bat dela helburua: aniztasun hori balio bilakatzea.

Hizkuntza arloan, euskarak du lehentasuna Goianen. Lehen hezkuntzako ekintza guztiak euskaraz egiten dituzte. Bigarren hezkuntzako gazteentzako hainbat ekintza, berriz, erdaraz ematen dituzte, adin horretako asko Gasteizera heldu berriak edo A ereduan ikasitakoak baitira. Baina erreferentziazko hizkuntza euskara da: «D eta A ereduan ikasi dutenentzat, euskaraz egiteko gunea da Goian. Ez dugu inor botatzen euskaraz ez jakiteagatik. Eskolatik kanpo euskara normalizatzeko ahalegina da gurea», dio Ainhoa Garagalza Goianeko koordinatzaileak. Euskararen erreferentzia horrek laguntzen du hizkuntza gizarteratzen. Goianera joaten diren hainbat familia Gasteizera heldu berriak dira, eta zenbaitetan ez dakite euskara badenik ere. «Duela hiru bat aste, Valentziatik etorri zen Pakistango familia bat. Umea Landatxora etorri zen futbolean jokatzera. Ez zekien euskara existitzen zenik ere. Baina, egun batetik bestera, euskaraz egiten den futbol talde batean jokatzen du», kontatu du Lizaranzuk.

Parte hartzea bermatu

Goianen parte hartzen duten ume eta nerabe askok Ramon Bajon ikasten dute, baina ez guztiek. Auzoan lan egiten duen kolektiboa denez, edonor joan daiteke bertara. Modu asko daude Goianekin harremanetan jartzeko. Hainbatetan harremanak ezagunen bitartez egiten dira; bestela, errazena da Landatxoko kirol gunera joatea. Ikasturte hasieran taldeetan izena emateko epea izaten badute ere, urtean zehar edonor hurbiltzen bada, ez diote atea ixten. «Abenduan edo martxoan Gasteizera heldu berri den familia bat badago, ez dizkiegu ateak itxiko», dio Lizaranzuk.

Ekintzetan parte hartzeko kuota bat dago. Txikia den arren, bizilagun askorentzat hori ordaintzea gainditu ezinezko muga da. Kasu horietarako, beka sistema bat dute. Pertsona batek ez badu baliabide ekonomikorik jarduera hori ordaintzeko, proiektuan eta auzoan lagunduz ordaintzen du. Beka bakoitza norberarena da, eta kasuz kasu lantzen dira. Hainbatetan heziketarekin lotuak daude. Adibidez, informatikako oinarrizko programak erabiltzen ez dakiten zortzi pertsona identifikatzen badituzte, beka ordaintzeko modua izango da informatika ikastaro batean parte hartzea. Horrela, gazteen gabezia bat estaliko dute, eta, gero, ikasitakoarekin Goiani lagundu ahal izango diote, hala nola larunbateko partiden kartelak egiten. «Beraz, gabezia egoera batekin hasi gara, non nik zerbait eskatu behar nuen, lotsatua. Hori prozesu bilakatu da: Goiani itzultzen diot eman didana; gainera, aitortza giroan. Jendeak esango duelako: 'Nork egin du kartela? Zeinen polita den'», azaldu du Campillok.

Goian Sarea

Garagalza Goian Sarea proiektuko koordinatzailea da. Jende helduarekin lan egiten dute han, gazteekin duten helburu berarekin: «Elkarbizitza eta sareak sustatzea». Horretarako, hitzaldiak, txangoak eta tailerrak antolatzen dituzte. Iaz hasi zuten Sukaldean solasean tailerrak arrakasta handia izan zuen. «Sukaldean elkartzen gara, eta egun bakoitzean pertsona batek prestatzen du bazkaria. Horrela, bakoitzak berea den zerbait erakusten die besteei. Hainbat tokitako sukaldekideak izan ditugu; besteak beste, Marokokoak, Pakistangoak eta gasteiztarrak», azaldu du Garagalzak. Ikastaroak arrakasta nabaria izan zuen, eta hainbati ezetza eman behar izan diete. «Helburua ez da sukaldean aritzea, jendea elkartzea baizik, Goian proiektuan eta auzoan gehiago sartzeko».

Etorri berri askok ez dute auzoan bizitza egiten. Hainbatetan ez dute hizkuntza ezagutzen, eta ez dute harreman handirik auzokideekin. Horregatik, beharrezkotzat jotzen dute konfiantzazko esparruak sortzea, non mundu guztia eroso sentituko den. Garagalzak Pakistango familia baten adibidea jarri du. Seme nagusiak Goianen parte hartzen du, eta horrela egin zuten harremana familiarekin. «Emakumea ez da asko ateratzen etxetik, gaztelania ikasten ari da, eta sukaldera etortzeko esan genion». Horrela, gaztelania praktikatzen du, eta, jende gehiago ezagutzen duenez, kalean bizi gehiago egingo du. Adibidez, eskolako jolastokira joaten hasi da. «Azkenengo txangoan lortu genuen senarra ere etortzea», azaldu du Garagalzak.

Proiektu handia du esku artean Goianek. Hurrengo urteari begira, oraingoz ez dute diru laguntzarik udalaren aurrekontuetan. Hala ere, ziur daude, lan gehiago edo gutxiagorekin, aurrera egingo dutela. «Urteetan egon gara diru laguntzarik gabe, eta aurrera egin dugu», nabarmendu du Lizaranzuk. Horretarako gakoa dira, besteak beste, eskola, kale hezitzaileak, gurasoak, begiraleak eta bizilagunak. Horiek dira Goianek bultzatzen dituen sareak, elkarbizitza aniztasunean gauzatzea asmo oneko ideia baino gehiago izan dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.