Iraultzaren aldarriak, artearen bidez

Tunisia biziberrituz doa kultur alorrean, Zine el-Abidine Ben Aliren diktadura amaituz geroztik; hankamotz geratutako Udaberri Arabiarraren isla aberatsa da artea, eta borrokari ekiteko beste modu bat.

Umema Buasida artista, bere obra baten aurrean. O.M.
Ricard Gonzalez.
Tunis
2017ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Tunisiako Burgiba etorbidea Parisko Eliseoko Zelaiak birsortzeko asmoz diseinatu zuten kolonizatzaile frantsesek. Hala ere, markako nazioarteko arropa dendak hantxe badaude ere, herritarren pasealeku bat da, batik bat, toki esklusibo bat baino areago. Burgibak, nolabait, Bartzelonako Ramblak gogora ekartzen ditu; alegia, haietan masako turismoa gailendu aurretikoak. Oraintsu arte, gauza bakarra falta zitzaion: musikariak eta kaleko beste artista batzuk. Zine el-Abidine Ben Aliren diktadura garaian, galarazita zegoen kalean jotzea, eta hala aritzen zirenek arriskua zuten kartzelan sar zitzaten. Lehen aldiz, oraintxe hasiak dira ikusten jende multzoak, arte informala estimatzen, zirkuluan jarri eta adi-adi. Biziberritzen hasia da herrialdea; batik bat, kulturaren arloan.

Burgiba etorbidean dago, antzoki nazionala ez ezik, Barne Ministerio beldurgarriaren egoitza ere, eta Burgiba izan zen 2011ko Iraultzaren gertaleku nagusia. Gehienbat gazteak izan zituen protagonista irrika ihardukitzaile hark, zeina Udaberri Arabiarraren kutsaduraz gertatu baitzen. Gazteen artean, ordea, %40 inguru da langabezia tasa, eta ez daukate beren burua iraultzaren onuradun gisa. Konpromiso sozialak eta politikoak desilusioari bide eman diote, behin klase politiko tradizionala boterearen lubakian babestu delarik. Gaur egun, mundua aho zabalik utzi zuen urtarrilaren 14 hartatik sei urtera—hiru hauteskunde demokratiko ere egin dituzte—, belaunaldi gazte errebelde ameslari haiek gehienek arterantz bideratu dituzte beren indarrak. Hona hemen lau diziplinatako lau adibide adierazgarri.

Zinemaren etorkizuna

Herrialde txikia da Tunisia, non tiraniak urteetan itoarazi izan baitu hango zinemagileen sormena; sekula ez da izan potentzia handi bat zinemagintzan, eta hango zuzendaririk oparoenek bakarrik igaro ahal izan dute mugaz bestaldera: baina gazteen belaunaldi berri bat dago, Leila Buzid da adibideetako bat, zeinak nazioartea erakartzea lortu duen hainbat zinemalditan, eta haren filmek harrera ona izan dute. Beharbada, Mohamed Ben Attiaren Hedi (2016) film bikaina da horren adibiderik onena; aurki dira estreinakoz ematekoa Kataluniako zinema aretoetan. Interpretazio maskulinorik onenaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen film horretako protagonistak, 25 urteko Majd Mastura mutil gazteak.

«Arriskuak hartzeko prestago dago belaunaldi berria», azaldu du aktore gazteak, entsegu batetik irten berritan; sinetsita dago iraultzak espiritua aldarazi diela tunisiar guztiei, baita tokiko artistei ere. «Bestelakoa da Tunisiako zinema berriaren begirada. Hurbilagoa da, zintzoagoa, artifizio gutxiagokoa… Nor bere buruaren bila dabil; hori ezinezkoa zen diktadura garaian, erregimenak bakarrik zabal baitzezakeen herrialdearen irudi bat».

Oso azkarra izan da Masturaren igoera distiratsua eszena nazionalean zein nazioartekoan; bigarren filma baino ez du Hedi. Halako arrakasta izateak berretsi egin dio betidanik izan duen interprete bokazioa, zeina hainbat urtetan baztertuta eduki baitu. «13 urterekin hasi nintzen antzerkia egiten, eta izugarri gustatzen zitzaidan. Aitaren lanbidea zela eta, ordea, bizilekuz aldatu behar izan genuen, eta bertan behera utzia nuen, eta idazkuntzari heldu nion bete-betean», esan du azal argiko eta begirada gardeneko gazteak.

Gazte artisten belaunaldi oso baten ispilu da konpromiso sozialean eta politikoan egina duen ibilbidea. «Iraultza garaia eta hurrengo hilabeteak oso aktiboak izan ziren politikoki. Ezkerreko alderdi batean militatu nuen, baita ikasleen sindikatuan ere, baina konturatu nintzen burokratikoegia zela dena, eta nireak ez bezalako helburuak zituztela». Orduan, gehienbat aktibismo sozial eta kulturalean jarri zuen gogoa. 2012an, kaleko poesia talde bat eratu zuen, artea auzo eta eskualde behartsuetara hurbilarazteko. Gaur egun, oraindik ere parte hartzen du tailer horietan; horregatik ibili ohi da, joan-etorrian, Parisen eta Tunisiaren artean.

Komikiaren iratzarraldia

Hain zuzen, kultura eta—zehazki— komikiaren mundua demokratizatzea da Lab619 taldearen helburua: zazpi marrazkilarik osatzen dute, eta duela lau urte elkartu ziren, helduentzako komiki bineten magazin bat argitaratzeko asmoz; sektoreko erreferente bihurtua da. Noha Habaieb da sortzaileetako bat; Belgikan trebaturiko diseinatzaile grafikoa da, eta karrerako azkeneko lana egiten ari zela aurkitu zuen bere bokazioa. «Lab619 bakarrik 2 dinar kostatzen da [euro bat baino gutxiago], eta, horrekin, ez dugu argitalpen kostuetarako lain ere. Denok dugu beste lanen bat, eta gure denbora librean egiten dugu magazina, eta guk geuk finantzatzen», dio Habaiebek, Tunisiako coworking-erako espazio ezagun bateko lorategian eserita.

Egipton eta Libanon ez bezala, non tradizio handia baitute, Tunisian ez zen argitaratzen ia komiki bat bera ere Ben Aliren gainbehera baino lehen. Urte hauetan, ordea, zabalkunde bat gertatu da sektorean, eta hainbat egitasmo sortu dira: besteak beste, haurrentzako Kuskusi laban binetak. Hala ere, oraindik ez da sendotu industria komertzialik. «Iraultzarik gertatu izan ez balitz, ez dakit mugimendu hau guztia sortuko litzatekeen. Argi dago muga handiak izango genituzkeela, eta ez genituzkeela landuko gaur egun lantzen ditugun gai berberak», dio Habaibak, irribarre gozoko eta traturako ezinago hezibide onekoa den neska gazteak.

Belgikara ikastera alde egin aurretik, joan den hamarkadaren erdialdean, 33 urteko marrazkilari hori ez zen sekula interesatu politikaz, gai tabua izaki. «Gazte askoren moduan, ez diot gertutik kasu egiten politika formalari. Desengainatu egin naute alderdiek. Gure marrazkiek, baina, gai politikoak eta —batik bat—sozialak ukitzen dituzte: esate baterako, immigrazioa eta sexualitatea». Beren lanetan, probokatzaileak dira zazpi marrazkilariak, eta, jakinaren gainean, gizarteko marra gorriak zein diren aurkitzen ahalegintzen dira, gero horiek hedatzeko asmoz. «Oraingoz, ez ditugu aurkitu. Beharbada, masako hedapenik ez dugulako eta ez garelako iristen sektore sozialik kontserbadoreenetara». Gai eta ikuspegi beltzegiak darabiltzatela, hori nabarmentzen dute maiz irakurleen kritika gehienek.

Grafitiez eskemak apurtuz

Umema Buasidak 25 urte ditu, duela sei hasi zen bere grafitiak irudikatzen Sfax-eko murruetan; horixe dute Tunisiako hiriburu ekonomikotzat. Buasidaren profila, edo, hobeto esanda, haren irudia, diziplina horretako artista ohikoenak ez bezalakoa da: hijab edo buruzapi islamikoa du jantzia. «Hasieran, ekitaldi edo topaketaren bat izaten zenean, 'Zer egiten du honek hemen?' esanez bezala begiratzen zidaten. Baina behin marrazten hasi nintzelarik, nire lanarengatik epaitu ninduten, eta ez nire itxurarengatik», adierazi du Arte Ederretako lizentzia duen neska gazteak.

Iraultza garaian manifestazioren batean parte hartua da Buasida, baina ez dauka bere burua politikan interesa duen pertsonatzat. Eta ez zuen halako interesik 2011ko udaberri pindartsuan ere. Hala ere, sozialki konprometitua den pertsonatzat dauka bere burua, eta gizarteari mezu jakin bat helarazi nahi dio: «Emakumeek beren erara janzteko askatasuna dutela aldeztu nahi dut, eta norberaren aukera errespeta dadila. Erreibindikatu nahi dut neska buruzapidunek berek nahi dutena lortu ahal dutela». Ennahda alderdi islamista zenez gero Ben Aliren erregimenaren kontrako oposizio mugimendu nagusia, agerikoa zen buruzapi islamikoa zeramaten emakumeen kontrako jazarpena eta diskriminazioa; grafitigilearen iritziz, janzki horrek zentzu erlijiosoa du, baina ez politikoa.

Antzinako erregimenaren garaian, grafitigileak jazarriak ziren, eta futbolzale amorratuen taldeetako kideek bakarrik egin zitzaketen pintaketak paretetan, Magrebeko herrialdean, kartzelatuko zituzten beldurrik eta arriskurik izan gabe. 2011. urteaz geroztik, grafiti artearen agerraldi bat-batekoa gertatu zen, eta, Buasidak dioenez, harrezkero komunitate bat sortu zen marrazkilarien artean, eta hainbat jardunalditan trukatu ohi dituzte elkarren esperientziak; horri esker, bilakabide bat izan dute beren artean. Hain zuzen, Jerba uhartean —herrialdearen hegoaldean—, mundu guztiko artistak batu ziren proiektu baten inguruan, eta grafitien aire zabaleko museo bat sortu zuten; horixe dute gaur egun hiri artearen erakargarri handienetako bat Afrika iparraldean.

Fusioarekin esperimentua

Politikari hain emana ez dagoen arte batek ere, musikak, mugatua izan zuen bere izaera sortzailea diktadura garaian. Eta ez soilik rapak, herri auzo bazterrekoetako gazteen adierazpen ihardukitzaile nagusiak: «Iraultza garaia baino lehen, musikariak ez ziren batere arriskatzen; ez zuten joerarik abenturarako eta esperimentaziorako», kexu da Jihed Khemiri, gogora ekarriz musika sektore ofizial bat sustatzen zuela estatuak, eta edozein jardun alternatibo bazter uzten; 28 urte ditu, eta perkusionista da. «Urteotan, hainbat proiektu interesgarri sortu dira. Munduari ireki zaizkio Tunisiako musikariak, eta nekez gertatzekoak diren bat egiteak egiten dituzte».

Khemiriren beraren ibilbidea da horren adibide. Hasieran, ekialdeko musika tradizionala interesatzen zitzaion batez ere, eta, pixkanaka, erritmo berriak aurkitu zituen: hip hopa, rocka… Gaur egun, proiektu esperimental propio bat lantzen ari da: Theosofie; San Agustinen testuak eta musika sufia —islamaren ildo espiritual bat— konbinatzea du helburu, hura ere Tunisiaren gaur egungo mugen barruan sortua baitzen. «Erritmo berriek presentzia handia dute gaur egun hedabideetan, ikuspegia aldatua baitute. Hala ere, oraindik ere ez dago jardun alternatiboan diharduen industria berariazkorik, eta geure kabuz moldatu behar izaten dugu», diosku mutil gazte garai sendoak, zeina aita izan berria baita.

Nerabe apolitikoa izaki, Lobna Noomene kantariak piztu zion kontzientzia soziala, eta harekin elkarlanean aritu zen. Aipatuak ditugun beste artistak bezala, musikari hau ere desengainatua du gaur egungo sistema politikoak. Khemiriren herrialdean sustrai sendoak ditu gerontokrazia bat gailen izateak — 90 urte ditu presidenteak— eta gazteek ez izatea ia ordezkaririk arlo politikoan, «Gure gizarte honek ez du konfiantzarik gazteengan. Arazoa familien barruan hasten da: gazteen bizi erabakietan ez dute konfiantzarik eta ez dituzte erabaki horiek barneratzen»; hala salatu du.

Izan ere, Iraultzak aldaketa nabarmenak ekarri baditu ere herrialdera, hala nola adierazpen eta sormen askatasunarekiko errespetua, oraindik ere lan asko dago eginkizun. Eta belaunaldi gazte horretako kideen konpromiso sozialaren arabera izango du arrakasta Tunisiako esperimentu demokratikoak, gatazkek eta kontserbadurismoak urratutako mundu arabiar horren barruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.