Udaberriak loratutakoa oihartzunaren zain dago

Mende erdia beteko da 1968 Iraultza gertatu zela. Frantziako museo nagusiek ez diote toki berezirik eskainiko gertakari historiko horri. Urteurren berezi horrez gain, 50 urte beteko dira Van Morrison musikariak bere lehen bakarkako lana kaleratu zuenetik: 'Astral Weeks' diskoa.

Zinemako hainbat profesionalek 1968ko Maiatzaren harira protestak egin zituzten Cannesen, eta, azkenean, jaialdia bertan behera uztea lortu zuten. BERRIA.
Naiara Elola.
2018ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Askatasun berriei bidea ireki zieten Parisko 1968ko maiatzeko gertakariek. Kinka larrian jarri zuten Charles de Gaulleren garaiko gobernua. Klase gizartea eta ezberdintasunak apurtzeko xedez izandako protesta jendetsu haietatik mende erdia beteko da. Historian lehenengo aldiz, Cannesko Zinemaldia bertan behera utzi behar izan zuten. Ez da hori 2018ko urteurren bakarra, efemeride borobil andana izango baita. Esaterako, 100 urte beteko dira Ingmar Bergman zinemagilea jaio zela. Urteurren horiez gain, datozen hilabeteetan izango da zer ikusi, zer entzun eta zerekin gozatu.

1968KO MAIATZAK 50 URTE

1968ko Iraultzak Frantzia osoa izoztuta balego bezala, geldirik, egonarazi zuen. Ordutik 50 urte igaro dira. Maiatzaren 3an hasi zen dena, Parisen. Ikasleek Sorbonako Unibertsitatea okupatu zuten, eta Poliziak bortizki hustu zuen. Manifestazioak eta istiluak izan ziren ia hilabete osoz. Oparoaldi ekonomikoaren amaierak eta berdintasunaren aldarrikapenak zerikusi zuzena izan zuten lehenik Frantzian eta ondoren beste hamaika herrialdetan gertatu zenarekin.

Baina, aldarri sozial zein politikoez gain, 1968ko udaberrian gertatutakoak kultura arloan ere izan zuen eragina. Esan nahi zen hori esateko modu berriak bilatu ziren: irrati libreak, fanzineak eta panfletoak sortuz. Abangoardiek ez zituzten artistak gogobetetzen. Paradigma berrien bilaketa, aldiz, ez zuten modu kolektiboan gauzatu, indibidualtasuna hedatzen hasia baitzen. Baina bide berrien urraketan egindako proposamen artistikoek ia ez dute aitortzarik izan ia gaur arte. «Jai handi» hura maisuki islatu zuen Gerard Fromanger artistak. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan figuraziora itzultzeko zegoen joeraren adierazleetako bat izan zen. Duela bi urte, 2016an, lehenengoz Parisko Pompidou zentroak atzera begirakoa eskaini zion. Lehenengo aldia izan zen duela 50 urteko udaberriak egindako ekarpen artistikoa aintzat hartzen zena.

Aitortza horrez gain, aurten, Frantziako museo esanguratsuenek ez dute duela 50 urteko gertakarien inguruan erakusketa berezirik iragarri. Dena den, Frantziako Liburutegi Nazionalakjakinarazi du heldu den apirilaren 17tik abuztuaren 26ra bitarte, 1968ko Iraultzaren iruditeria osatzen duten argazki, marrazki eta aldizkariak ikusgai jarriko dituela eraikinaren zelaigunean.

Era berean, ikusteko dago maiatzaren 8tik 19ra egingo den Cannesko Zinemaldiak keinu berezirik egingo dion. Izan ere, 1968ko maiatzaren 19an, Carlos Sauraren Peppermint Frappé filma ematear zeudela, François Truffaut eta Jean-Luc Godard zinemagileak pantaila tapatzen zuen oihaletik zintzilikatu ziren. Proiekzioa bertan behera utzi behar izan zuten, eta sekulako liskarra sortu zen. Gertakari horiek guztiak tarteko, zinema jaialdiaren 21. aldia bertan behera utzi zuten, historian lehenengoz.

BEATLES ETA VAN MORRISON

Udaberriaren ondotik atsekabea iritsi zen. Vietnam gerra bete-betean zen, eta gizarte «justuago» bat eraikitzeko aukera apurka-apurka zapuzten hasi zen. The Beatles talde arrakastatsua ere garai hartan hasi zen bere talde izaera galtzen. Izen bereko diskoa kaleratu zuten, album zuria ere esaten zitzaiona, azalerako aukeratutako koloreagatik. Izenaren azpian, zenbaki bat jarri zuten, diskoari esklusibotasuna aitortzeko, nahiz eta milioika kopia saldu zituzten. Oso kritika onak jaso zituzten. Musikaren historian gehien saldu den diskoetako bat da. Baina, horren ondotik gainbehera iritsi zen. John Lennonek, Paul McCartneyk, George Harrisonek eta Ringo Starrek —azken horrek uztailaren 1ean kontzertua eskainiko du Barakaldon— handik bi urtera taldea desegitea erabaki zuten. Orain, urte berriarekin batera, George Martinek, taldearen ekoizlea zen Giles Martinen semeak, iragarri du nahasketa berriak eginda The Beatles diskoa berriz kaleratuko dutela.

Bestalde, urte berean, 1968an kaleratu zuen Van Morrisonek bere lehenengo bakarkako lana: Astral Weeks diskoa. Kritikari askorentzat, pop musikan inoiz egin den lanik onenetakoa da. Modu ezohikoan egin zen grabazioa. Izan ere, Warner konpainiak hautatu zituen Belfastekoaren lehen bakarkako diskoaren grabazioan joko zuten musikariak. Ondorioz, Morrisonek grabazio aurretik ez zituen musikariak. Bi egunez grabatu zituzten Astral Weeks-en jasotako zortzi kantuak. 2015ean kaleratu zuen Warner konpainiak disko hori birmasterizatuta. Beraz, ez da edizio berririk espero.

Baina disko zaharren edizio berrituak albo batera utzita, hainbat artistak disko berriak iragarri dituzte. Duela gutxi, AEBetako telebista batean emandako elkarrizketan, Madonnak iragarri zuen lan berria kaleratuko duela. Badirudi Bruce Springsteenek ere proposamen berriak aurkezteko asmoa duela 2018an, eta baita udan Bilboko BBK Live jaialdian joko duen Arctic Monkeys taldeak ere.

ZINEMA

Ilargian aurkitutako monolito batek igortzen dituen irrati seinaleak jarraitzeko zeregina duten astronautak dira 2001: A Space Odyssey filmeko protagonistak. Stanley Kubricken (1928-1999) lana estreinatu zela mende erdia beteko denez, atal berezia eskainiko diote Sitgesko 50. Fantasiazko Zinema Jaialdian. Zinemaren historian mugarri izan zen, eta zientzia fikzioan kultuko filma bilakatu da. Sitgesko (Katalunia) jaialdiko zuzendari den Angel Salak argi du: «Iraganeko eta etorkizuneko historiako pelikularik onena da». Bide batez, zinemak heriotzaren gaia nola landu duen ere aztertuko dute. Urriaren 5etik 15era egingo dute jaialdia.

Bestalde, 100 urte beteko dira Ingmar Bergman (1918-2007) zinemagilea jaio zela. Besteak beste, The Virgin Spring eta Fanny and Alexander pelikulen zuzendaria izan zen, eta, urte berriarekin batera, haren obraren inguruko hainbat lan gaurkotuak kaleratuko dituzte. Esaterako, Frantzian, Alemanian eta Suedian, Bergmanek haurtzaroaz, emakumeez eta heriotzaz zuen ikuskeran oinarritutako hainbat liburu, film eta dokumental dira kaleratzekoak.

ERAKUSKETAK

Apurka bada ere, nazioarteko museo garrantzitsuenak hasi dira datozen hamabi hilabeteetan ikusgai izango diren erakusketen inguruko informazioa zabaltzen. Esaterako, Madrilgo Sofia Erregina museoan, otsailaren 6tik aurrera, Fernando Pessoa. Arte guztia da literatura modu bat erakusketa izango da ikusgai. Bertan, Portugalgo modernitate artistikoaren aroa aztertuko dute Fernando Pessoa (1888-1935) artistaren bitartez. Madrilgo Thyssen museoan, aldiz, Monet/Boudinerakusketan, margolari inpresionistak bere irakaslearekin izandako harremana aztertuko dute.

Parisko Louvre museoak ere2018ko egitarauaren berri eman du. Martxotik uztailera, Delacroix erakusketa izango da ikusgai. New Yorkeko Museo Metropolitanoarekin elkarlanean atzera begirakoa prestatu du Eugene Delacroix (1798-1863) artista hobeto ezagutzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.