Sustrai Colina. Xilabako txapelduna

«Baneukan gogoa azal berriak erakusteko jendeari»

Txapelak saioa ez, egindako saioak «gozotu» dio txapela Sustrai Colinari. Bertsokera berriak definitzen segitzeko «helduleku bat» eman dio Xilabako bertsolari txapelak.

Ane Zuazubiskar Iñarra.
Iruñea
2016ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Xilaba «azala berrituta» hasi zuen Sustrai Colinak (Urruña, Lapurdi, 1982). Bertsokera «kontzienteagoa» josi du azken urteetan, eta bide hori indartzeko baliatu nahi du larunbateko finaleko saioak emandakoa.

Nola ospatu zenuen?

Finalaren ondoren etxera etorri nintzen. Hedabideei kasu egin, han zeuden lagunekin pixka bat egon... eta 23:30ean etxeratu nintzen. Orain dela hiru aste haur bat jaio da gurean, eta arratsaldea etxetik kanpo pasatzeak esan nahi du besteak egon behar duela harekin. Banuen gogoa beste bertsolariekin egoteko, baina oso nekatuta nengoen. Etxera etorri, eta berriketan egon ginen luze xamar. Horrela ospatu dut txapela.

Nola hartu duzu txapela?

Sentsazio goxoa da, esnatzea eta zeure burua ikustea egunkariko lehen orrian, txapela jantzita. Goxoa da, eta niri gero eta poz handiagoa ematen didana, konturatzea saioa ona egin nuela. Momentuan ez nintzen hain kontziente; oso kontzentratuta nengoelako bertsotik bertsorako bide horretan, eta ez niolako neure buruari erlaxazio segundo bat baimentzen. Etengabe nengoen hurrengo ariketarako reseteatzen, eta zer egin nezakeen, zer egin nahi nuen, eta nola egin nahi nuen pentsatzen. Zurrunbilo horretan nengoen, nekeari eta tentsioari eusten. Pixkanaka ari naiz konturatzen zer izan zen utzi nuena, zer uzteko gelditu zitzaidana, nire helburuetatik zein distantziatara gelditu nintzen… Horrek ematen dit halako sentsazio asebete xamar bat. Txapela asko gozotzen du sentsazio horrek.

Zer gorde duzu finaleko saiotik?

Badakit hori esatea batzuei ez zaiela oso sinesgarria egiten, baina saioarekin gelditu naiz konforme. Txapela Ametsek [Arzallus] jantzi izan balu ere, sentsazio horrekin gustura egongo nintzateke. Jakina, txapelak ematen dizu poz bat, baina hori ere saiatzen naiz erlatibizatzen. Oso garbi dut larunbatean egin nuen saioa ez dela aldatzen txapela jantzi edo ez jantzi. Nire esku zegoena baloratu nahi dut, eta baloratzen dut. Txapela janztea ez zegoen nire esku bakarrik. Nik egin behar nuen saio on bat, epaileen eta publikoaren onarpena jaso behar nuen, besteek ere kantatzen dute... Sentsazio horiekin nabil. Gustura, eta gauzei lekua hartzen uzten. Ea larunbateko saioak ematen didan konfiantza gehiago, konplexu batzuk kentzen laguntzen didan, askatasun gehiago ematen didan bilaketa horretan segitzeko... Uste dut hori ari naizela xurgatzen txapeletik.

Zuk aipatu zenuen «azal berria» hasierako agurrean, eta askotan aipatuko zizuten gero. Azken urteetan egin duzun bide bat da. Txapelketak zer eman dio honi?

Batzuetan kontrakoa dirudien arren, ez da hasieratik erabat planifikatutako bide bat. Orain dela lau urteko Xilaba oso sentsazio eskasekin amaitu nuen, eta inflexio puntu baten aurrean gelditu nintzen. Orduan pentsatu nuen: «Bi aukera dauzkat: saiatzen naiz nahi dudan bertsolaria izaten, edo honek ez narama plazerera eta ez narama inora. Etapa bat bukatu da». Uste dut lehenengo egon zela kontzientzia hartze eta erabakiak hartze hori: gauza hauek egin nahi ditut, hau ez dut egin nahi, halako bertsolaria izan nahi dut... Duela bi urteko txapelak lagundu zidan orain lau urteko arantza kentzen. Pisu bat kendu nuen gainetik, baina bidea ez dela bukatzen konturatu nintzen.

Azken txapelketak eman dizu bidea segitzeko aukera.

Jendeari azal berriak erakusteko gogoa nuen, zerbait ezberdina izan nintekeela erakustekoa. Gu ere ez gara beti berdin egoten, eta gu ere azal berritzen gara eguneroko gauzak gertatzen zaizkigun heinean. Eta, berdin, pelikulak ikusten ditugun heinean, musika entzuten dugun heinean, pertsona bezala hazten eta aldatzen goazen heinean… Azal berritzea finala baino lehen esaten nuenarekin lotzen nuen; nire bizitza momentu harekin bat zetorren bertsokera eta jarrera batekin. Ez nintzen esaten ari aita berri baten bizi momentuarekin lotu nahi nuenik nire bertsokera. 34 urteko pertsona baten afizioekin, plazerekin, beldurrekin, penekin, zauriekin... bat datorren bertsokera eta jarrera erakutsi nahi nituen. Zentzu horretan sentitzen nuen neure burua azal berritze baten atarian, eta finala bazen azal berri eta ezberdin horiek erakusteko aukera bat. Horregatik iruditzen zait aurrekoa arantza bat kentzearen txapela izan zela; eta hau azal berritze baten txapela.

Azal berritze horrek aldatu al du bertsoak zure bizitzan duen lekua?

Begirada aldatu dit. Ez dakit bertsoak aldatu didan begirada ala begiradak aldatzen didan bertsoa. Zirkulu bat dela uste dut: gauzak modu batean egiten hasten zarean, inguruan ondorio bat dute gauza horiek, eta ondorio horiek eragina dute zuk gauzak egiteko duzun moduan. Lehen fijatzen ez nintzen gauza batzuetan fijatzen naiz orain, lehen garrantzirik ematen ez nien detaile batzuei garrantzia ematen diet, lehen gustatzen zitzaizkidan gauza batzuk ez zaizkit hainbeste gustatzen, eta lehen gustatzen ez zitzaizkidan batzuk orain gustatzen zaizkit. Eboluzio batean ikusten dut nire burua, eta etengabeko eboluzio horri nire bertsokera egokitu beharrean. Bide horretan, ez ditut deskonektatu nahi bertsokera eta nire ezaugarri eta gustatzen zaizkidanak.

Zergatik?

Saiatzen naiz kontziente izaten mundu batean bizi naizela, eta inguru batean bizi naizela. Horiei ere erantzun nahi diet. Nire munduari kantatzen diot, baina nire mundua ez naiz ni bakarrik. Arretaz begiratzen dut nire inguruak ze fobia dauzkan, ze joera dauzkan, ze inertzia dauzkan. Gauza batzuk gustatzen zaizkit nire mundutik, eta beste batzuk, aldiz, ez. Saiatzen naiz gauza horiek bertsotan zer leku izan dezaketen pentsatzen. Ez du zertan izan bukaerako arrazoian horri buruz kantatzea; erdiko puntuko detaile batekin erantzun diezaiokezu mundu horri. Baina globaltasun horretan, ez zaudete zu eta zure bertsoa bakarrik. Zu zaude, hor dago zure bertsoa, eta hor dago kantatu nahi diozun ingurua. Ingurua aipatzean, ez dut esan nahi jende target batentzat bakarrik kantatu nahi dudanik; baina nire burua herri batean eta belaunaldi batean kokatzen dut.

Mututuei eta zubigintzari kantatu zenien azken agurra.

Segur aski, txapelketak beste dimentsio bat eta beste oihartzun bat ematen dizkio gure hitzari. Oihartzun horri erantzungo zion bertso bat kantatzeko ardura sentitzen nuen. Zubigileei eta mututuei kantatu nien, baina askotan bat dira biak. Askotan iruditzen zaitu mututuen arteko zubiak behar ditugula. Horregatik sentitu nuen nire inguru horri zerbait kantatzeko ardura. Ez zerbait berria, ez diskurtso bat, baina testuinguru batean kokatu nahi nuen txapela: bi aroren artean gaudela iruditzen zait. Likido deitzen diren garai hauen izena oso polita da, baina denok gabiltza galduta. Segurantza ematen zigun garai batetik gatoz, eta ezagutzen ez dugun mundu batera goaz. Hor kokatzen dut neure burua, hor kokatzen da euskalgintza, hor kokatzen da euskal kultura, eta hor kokatzen da gure herria ere. Batzuetan ikusten dut noraeza horretan Urruñan jaiotzeko zortea izan dudala. Mugako izaera beti da berezia. Kontrabandistek eta guardek kafea toki berean hartzen zutela entzun izan dut beti. Konturatzen zara gauzak ez direla prentsan edo sisteman agertzen diren bezain zedarrituak: ez daudela alde batean onak eta bestean txarrak, batean zuriak eta beste batean beltzak... Badira batetik bestera naturaltasunezpasatzen diren pertsonak, eta uste dut gu ere pasatzen garela.

Zertarako eraiki beharko dira zubiak?

Hegemonian ez gaudenok alternatiba bat sortu nahi badugu egunen batean, mutututako horiek elkarri konektatzera derrigortuta gaude. Joan den astean idatzi zuen Juan Kruz Lakastak BERRIAn, hemen Poliziak erail zuen senegaldarra dela eta, gu ez ginela manifestaziora joan. Eta egia da. Nahi baldin badugu egunen batean komunitate senegaldarra gure manifestazioetara etortzea, igual guk ere hasi beharko dugu haien manifestazioetara joaten. Eta ulertu beharko dugu ez direla haien manifestazioak eta gure manifestazioak, denon manifestazioak direla. Lehen ere egon da figura hori, eta orain ere behar dugu; inoiz baino gehiago. Zubiak egin daitezke Paris eta Madrilekiko gatazkak desblokeatzeko, herrigintzan erdaldunekin izan dezakegun harremana desblokeatzeko, feminismoa, euskalgintza eta arrazakeriaren kontrako mugimenduak lotzeko... Zubigintza horretan dago aberastasuna, eta alternatiba bat.

Zein da bertsolaritzak zubigintzan duen lekua?

Bertsoak badu zubigintzatik, eta zubigintza zuzenetik gainera. Asteburu batean kantatu dezakezu euskara talde batek antolatutako bertso afari batean, eta biharamunean aritu zaitezke kantuan SOS Arrazakeriak antolatu duen manifestazioaren bukaeran. Txapela jantzi eta Sud Ouest-en agertzen zara, eta euskal kulturaz paso egiten zuen amona horrek agurtzen zaitu...Pertsonak dira zubigileak, eta pertsonak ibiltzen gara batetik bestera; horretan lagundu dezake bertsoak. Elkargune bat da bertsoa. Seguru nago [Baionako] Laugan egon ziren 1.600 lagunak bertsoaren eta euskal kulturaren inguruan elkartu, baina mila kontutan dabilen jendea zegoela han. Mila kontutan dabilena diodanean, ez dabilena ere hor sartzen dut. Esan nahi dut denetik bildu zela: jende bat joango zena militantziagatik, jende bat joango zena bertsoa gustatzen zitzaiolako, jende bat joango zena arratsalde pasa... Jende hori elkartzeko gune bat da bertsoa. Jendea elkartzeko indarra duen bitartean, zubigile lana egin dezake bertsoak.

Bertsolari moduan, zeintzuk dira gerorako zure helburuak?

Izan nahi dudan bertsolari hori gero eta gehiago definitu nahi nuke: estiloa gehiago definitu nahi dut, gauza berriak probatzeko ausardia eduki, konplexu gutxiago eduki, askatasun gehiago sentitu... Uste dut zentzu horretan larunbateko saioak lagunduko didala. Nahi nuke nire izatean barrurago dauden gauza batzuk plazaratzea lortzea, eguneroko bizitzaren arruntasunean poetika bat bilatzea, eta nahi nioke arrazoiari ihes egin batzuetan. Osoagoa izan nahi dut, eta gai izan nahi du bertsotan modu batean bakarrik ez egiteko: lan edo ariketa bakoitzari ertz batetik heldu nahi nioke. Nahi nuke nire ahulguneak estaltzen joatea, eta indargunetzat ditudanak lantzea. Erronka asko daude, eta erronka asko dauzkat. Kontziente naiz ezin zaiela erronka guztiei batera erantzun, baina horren bila nabil, eta horren bila segituko dudala uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.