joxerra senar
EZAGUN BAT IKUSI NUEN

Ikusia dut uztailaren 15eko Iruñea

2015eko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Akabo. Amaitu da. Hurrengo urtera arte. Iruindarrak Pobre de mí abestu dute, batzuek udaletxeko plazan kandela eskuetan eta besteek peñekin kalejiran, edo goizean goiz San Domingoko aldapan billabesaren entzierroan korrika, La espada eta San Fermin alboan dituztela. Zapi gorriak San Lorenzo elizaren kanpoaldean eskegi dituzte. San Ferminen irudia berriro kaperan, eta konpartsako erraldoi eta buruhandiak autobus geltokira hibernatzera. Urte osoan apenas aterako diren: San Fermin txikitan, San Saturninon eta Batasunaren Pribilegioaren egunean, baina jada ez da ezer berdin.

Alde Zaharra ez du inork ezagutuko. Entzierrotako hesirik jada ez da egongo. Goizetan, zaratarik ez. La Pamplonesakoak ez dute dianarik joko. Entzierrorik ez da egongo, eta gosaltzeko txokolatea txurroekin hartzeak ez du zentzurik izango. La Mañueta itxirik egongo da. Hamasei peñen egoitza bezala. Festaren osteko joan-etorriaren ostean, ez du inork ezagutuko, eta goitik behera garbitu beharko dute lokala. Jarauta, berriz, bakartuta geratuko da. Inork, ezinbestean alde zaharrean zerbait hartu nahi badu, basamortuarekin topatuko da. Dena itxita.

Bakoitza bere etxera itzuliko da. Barrakak egun batzuez iraungo dute, baina jada jendea ez da zuri-gorriz jantzita egongo. Hurrengo urtera arte, armairuan gordeta egongo dira oihalak.

Gaur ez dut ezagunik ikusi. Ez dut inor ikusi nahi. Hiriak ezin dira pertsonalizatu, baina uztailaren 6an Iruñea munduko hiririk alaiena bazen, gaur, hilaren 15ean, zinez hiririk tristeena da. Ez dut nahi ikusi depresio handiak jota. Bai, nik ikusia dut uztailaren 15eko Iruñea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.