Altsasuko auzia. Erreakzioak

«Mendeku politikoa izan da»

Altsasuko gurasoek salatu dute justizia eta proportzionaltasun printzipioak urratu dituztela. Manifestaziora deitu dute hilaren 16rako, eta gizartearen babesa eskertu dute

Altsasu Gurasoak plataformak auziko epaia baloratzeko atzo Iruñean emandako prentsaurrekoa. Jende asko azaldu zen. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2018ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
«Berri txarrekin gatoz oraingoan; baina ikusiko duzue indarrarekin ere bagatozela». Altsasu Gurasoak plataformako Bel Pozuetarenak dira hitzok. Atzo egin zuten agerraldia, Iruñean, epaiaren balorazio publikoa egiteko. Haien seme-alabek jasotako zigorra «mendeku politikoa» dela salatu zuten, eta «borrokan» jarraituko dutela ziurtatu. Era berean, manifestaziora deitu zuten, hilaren 16rako, Iruñean, eta herritarren elkartasuna ezinbestekoa izaten ari dela ziurtatu zuten.

Agerraldia hasi baino lehen jende ugari elkartu zen Katakrak liburu dendaren kanpoaldean, eta txalo eta oihu artean hartu zituzten auzipetutako gazteen gurasoak. «Eskerrak eman nahi dizkiegu gaur, berriro, guri maitasuna helaraztera atera diren pertsona guztiei», adierazi zuen Pozuetak plataformako kide guztien izenean. «Horren babesturik ez bageunde, ezingo genuke jarrera honekin jarraitu».

Euren seme-alabek jasotakozigorrak «izan zitekeen gogorrenak» izan direla esan zuten, eta kritikatu zuten, auzia terrorismotzat hartu ez badute ere, Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu izana. «Hasieratik horren argi bazegoen auzi honetan ez zegoela terrorismorik, zergatik eraman gintuzten Auzitegi Nazionalera?», esan zuen Pozuetak.

Altsasuko gazteen gurasoek uste dute justizia printzipioaren «erabateko mespretxua» egon dela: «Ez da proportzionaltasunik egon, mendekua baizik». Era berean, salatu zuten gazteak interes politikoengatik «erabili» dituztela. «Ez da kasualitatea epaia gaur [atzo] atera izana», adierazi zuen Pozuetak.

Epaiak mina sortzeko helburua duela ziurtatu zuten: «Eta oso minduta gaude, baina minak ez gaitu geldituko; aurrera jarraituko dugu». Mina indar bihurtuko dutela esan zuten, eta, horretarako, gizartearen babesa eskatu zuten: «Soilik elkartasunak konpentsatzen du sufrimendu hau». Haien seme-alabei gertatutakoa «edozeini» gerta dakiokeela gogorarazi zuten.

Hori dela eta, manifestaziora deitu zuten hilaren 16rako, eta kalera ateratzeko eskatu zieten Euskal Herri osoko biztanleei. Martxa hori apirilaren 14an egin zutena bezain «erraldoia» eta «historikoa» izatea nahi dute. «Kaleak lehertuko ditugu». Horrez gain, eskatu zuten datozen asteetan herri eta auzoetan deialdiak egin ditzatela, erakusteko gizarteak ez duela bat egiten epaiarekin: «Bakoitzak nahi duen moduan erakuts dezake bere desadostasuna». Horretarako, jada gizarte eragileekin harremanetan jarri direla esan zuen Pozuetak.

Alderdien babesaren zain

Era berean, instituzioei dei egin zieten haien babesa ematen jarraitzeko, eta nabarmendu zuten Nafarroan «benetako aldaketa politikoa» izateko ezinbestekoa dela haien sufrimendua amaitzea. Aurreiritziak alde batera uzteko eskatu zien Edurne Goikoetxeak alderdi politiko guztiei: «Hasieran, alderdi batzuk auzi honetatik aldendu egin ziren, terrorismo kutsuaren beldurrez; bada, orain, kalifikazio hori ezdagoela, injustizia honen errealitatea ezagutzera gerturatu daitezke».

Pozuetak adierazi zuenez, abokatuak dagoeneko lanean ari dira epaiaren kontrako helegitea aurkezteko. Gurasoei dagokienez, auzia gizartean zabaltzen jarraituko dutela esan zuten. «Hemendik aurrera zer egingo dugun? Borrokatu, borrokatu eta borrokatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.