Presoak Espainiara eramateak egoera okertu lezakeela diote

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Vocento taldeak atzo kaleratutako albistearen arabera, Espainiako eta Frantziako gobernuek akordio bat egin dute euskal preso batzuen etorkizunaren inguruan. Albiste horren arabera, Espainiako nortasun agiria izanda Frantzian dituzten 90 presoetatik 56 Espainiako espetxeetara eramatea adostu dute.

Europako Batasunaren lege erreforma bat dute oinarrian ustezko lekualdaketek. Presoak beren herrietan egotea ahalbidetzea helburu duen erreforma da Europatik datorrena. Frantziak bere araudian jasoa du, eta Espainia azken tramiteak egiten ari da. Vocento taldearen arabera, abendurako espero da indarrean egotea.

Orain arte bazegoen aukera hori, baina beharrezkoa zen presoaren baimena. Lege aldaketaren ondorioz, ordea, Espainiako eta Frantziako gobernuak lekualdatzeak presoaren oniritzirik gabe egitea adostu dutela diote egunkarietako informazioek.

Tentuz hartu du Etxerat-ek

Frantziako espetxeetan dituzten euskal presoen defentsa lanetan jarduten du Maritxu Paulus abokatuak, eta hark ez du erabaki horren berririk. Ezta Etxerat-ek ere. Filtrazioari tentuz heldu behar zaiola diote biek, baina, dioena egia bada, ez dela albiste ona izango euskal presoentzat. Are, Paulusen iritziz, presoen eskubideak are gehiago urratzea ekar lezake.

Izan ere, Hego Euskal Herriko presoak Espainiaren espetxeetara eramateak ez du esan nahi etxetik gertuago egongo direnik. Ibai Bilbao Etxerat-ekoaren esanetan, gehiago urruntzea ere eragin lezake, eta senideek egin beharreko bidaiak are gehiago zailtzea. Presoen egoera okertzea ere ekar lezakeela dio, Espainiaren kartzeletan baldintza okerragoetan bizi baitira presoak, oro har, Frantziarenetan baino.

Areago, aldaketa presoaren nahia errespetatu gabe inposatzea legea oker ezartzea litzatekeela ohartarazi du Paulusek, Europako arauaren helburua presoaren egoera hobetzea baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.