Irabazle bat, galtzaile mordoa

Inkestetan zuen alde argia sendotu du Angela Merkelek hauteskunde kanpainako eztabaida bakarraren ondoren. Errefuxiatuen aferak jan zuen denboraren bi heren

Angela Merkel CDU/CSUko hautagaia eta Martin Schulz SPDkoa atzean ageri dira, solasean. Aurrealdean, kritikak pairatu dituzten moderatzaileak. HERBY SACHS / EFE.
Danel Agirre.
Berlin
2017ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Alemaniako hauteskunde federalei begirako igandeko buruz burukoa emaitza bitxiarekin itxi zen: mahaira bi hautagai baino eseri ez, eta gutxienez sei galtzaile izan ziren. Nagusia, Martin Schulz, sozialistek Angela Merkeli aurre egiteko hautatu liderra. Gau osoan ez zitzaion kantziler trazarik antzeman, eta haren jardunak harrera hotza izan zuen.

Emanaldia berotzea lortu zuten bakarrak lau moderatzaileak izan ziren, ikusle mordoa sutu baitzuten. Prentsaren biharamuneko errepasoetan, eta irailaren 24ko bozetan gailentzeko aukera errealistak dituzten bi lehiakideen artean izango den eztabaida bakarra zela kontuan izanda, kritikak aho batekoak izan ziren gai eta galderen kudeaketa baldarrarentzat. Porrotik etsigarriena, horrela, hamasei milioi lagunek osatutako publikoak jasandakoa izan zen. Hiru hautesletik batek botoa aukeratzeke zuen eztabaida baino lehenago, eta gehienek bere horretan jarraitzen dute. ARD telebista kate publikoaren galdeketaren arabera, Merkel jo zuten ikusleek sinesgarrientzat, tarte nabarmenarekin. 2005, 2009 eta 2013ko mahai inguruetan galtzaile izatetik zetorren, Schroeder, Steinmeier eta Steinbruecken aurka, ondoren bozetan gailendu bazen ere. Azken inkesten arabera, hamabost puntu inguruko aldea luke CDU/CSUk, eta gobernua osatzeko aukera irrikagarri bat baino gehiago.

Igandekoa zuen Schulzek ia aukera bakarra alemaniarrei sinestarazteko zilipurdia posible dela, aspalditik ziurtzat jotzen den Merkelen garaipena ekiditeko saiakeran. Kanpainaren hiru hilabeteetatik bi oporraldiekin batera xahutu dira, sozialistei inola ere komeni ez zitzaien giro barean. Kamaren aurrean erronkari azaldu nahi izan zuen Europako Batzordeko lehendakari ohiak, datozen hiru asteetarako behar duen premiazko ring dialektikoa eraiki nahian. Schulzen erantzun askok Merkelenen antz handiegia izan zuten, ordea, eta haren oldarraldiak ez ziren sinesgarriegiak suertatu. Sozialistak estimutan du kantzilerra, eta Merkelek berak harridura keinuak egin ohi ditu Schulzen erasoren bat iristen zaion bakoitzean.

AFDren agendarekin

Tatort telesail mitikoaren tartea hartu zuen mahai inguruak telebista publikoaren programazioan, haren iraupen berberarekin: 90 minutu. Hain preziatua zirudien denboraren ia bi heren errefuxiatuen krisiari buruzko itaunketa amaigabea egiteko baliatu zuten elkarrizketatzaileek. Alemaniako herritarrak biktima moduan aurkeztu zituzten, anbibalentziarik gabe. Eta herrialdearen eta Europaren mugen kontrolari eta musulmanen integrazioari buruzkoak izan ziren galdera gehienak. Aurkezleetako batek Merkeli eskatu zion xehatzeko zergatik ez zuen itxi Alemaniak mugaldea behin krisiaren puntu gorena pasatutakoan. «Ez zen aukera bat. Zer egin behar genuen, etorkin gehiago iritsiz gero ur kanoiekin tiro egin?» erantzun zion kantzilerrak. Sare sozialetan emanaldiari buruz iruzkinak egiten ari ziren Die Linkeren eta berdeen ordezkarien errefusa eragin zuen moderatzaileen jarrera horrek. Der Spiegel-eko Jakob Augstein zutabegilearen ustetan, gaien aukeraketak AFDko ultraeskuinak agenda politikoan duen eragina azaldu zuen.

Schulzek errefuxiatuekin adeitsuegia izateagatik nekez kritikatu ahal zionaz jakitun, «okerrak oker, zuzen jokatu izanaren sentipena» zuela errepikatu zuen Merkelek. Haren baikortasuna nabarmentzeko, gemeinsam eta schaffen hitzak izan zituen ia beti helduleku, elkarrekin eta lortu. Hautagai sozialistak Europako kideak nahikoa estutu ez izana aurpegiratu zion —garapenerako diru laguntzek hartutako errefuxiatuekin lotura izan beharko lukete, haren ustetan— , eta Turkiak milioika errefuxiatu har zitzan sinatu zen hitzarmena gaitzetsi. Erdogan presidenteari aurre eginda, Turkia Europako Batasunean sartzeko prozedura behin betiko etengo lukeela gaineratu zuen Schulzek. Sigmar Gabriel Atzerri ministro sozialista Erdoganekin diplomazia biguna erabiltzen ari dela erantzun zion Merkelek, eta Turkiarekin lortu hitzarmena CDU eta SPDk osatutako koalizio handiaren erabaki bateratua izan zela gogorarazi.

Europak «ez luke gotortu behar, eta nahita ere ezingo luke» esanez segitu zuen Schulzek, eta etorkinak kontinentean mugitu ahal izateko askatasuna babestu zuen, lanerako denean. Europako Batasunarentzat «Kanadak edo AEBek duten moduko immigrazio politika bat» proposatu zuen, xehetasunik eskaini gabe. Bi hautagaiek Libia eta halako herrialdeetako atxilotze guneetan pilatzen direnen «giza eskubide guztiak» bermatu behar direla adierazi zuten, baina inork ez zien hori erdiesteko neurriei buruz galdegin.

Islamak arreta zabalagoa jaso zuen buruz burukoan, eta erlijio hori eta Alemaniar kultura bateragarriak ote diren jakin nahi izan zuten lau elkarrizketatzaileek. Baiezkoarekin ziur azaldu ziren bai Merkel eta bai Schulz, baina azken urteetan herrialdean hartutako errefuxiatuen integrazioa «belaunaldi oso baten ataza» izango dela abisatu zuten.

Gai kutuna landu ezinik

Bezperan Ipar Koreak lehertarazitako bonbaren harira, Europaren rolaren garrantzia azpimarratu nahi izan zuen Schulzek, ez omen delako Donald Trumpez fio. Bere txandan, pragmatismo ikastaroa eman zion Merkelek. Atzo bertan Errusia, AEBak, Hego Korea, Txina eta Japoniako presidente eta lehen ministroekin telefono deiak trukatzekoa zela argitu zuen, eta zuhurtasuna eskatu. Alemaniak defentsa arloan egiten duen gastua bikoiztea proposatu du CDU/CSUk. Sozialistak hain igoera nabarmenaren aurka daudela berretsi zuen Schulzek.

Justizia soziala izaten ari da SPDren kanpainaren salgai nagusia, eta hautagai sozialistari prekaritatearen arazoa mahai gainean ipintzeko irrika berezia nabari zitzaion. Langileen soldaten murrizketaz eta alokairuen igoeraz ez kezkatzea aurpegiratu zion Merkeli.Gaiak , ordea, apenas hartu zuen minutu pare bat emanaldian, eta kantzilerrak zifra makroekonomiko osasuntsuak errepasatuta aise gainditu zuen trantzea. Digitalizazioa ere izan zuen ahotan Merkelek, behin baino gehiagotan. Alemaniaren datorren hamarkadako eginkizun nagusitzat du, eta bere arreta eta gobernuaren baliabideak bereganatuko omen lituzke datorren legealdian, irabazten badu.

Moderatzaileek galdera bitxiak egiteko parada topatu zuten amaiera aldera. Bi hautagaiak igandean ez zirela elizatik pasatu, eta Qatarren futboleko Munduko Kopa bat antolatzea ideia penagarritzat dutela jakinda oheratu ziren alemaniarrak. Eta brexit hitza behin ere entzun gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.