Dalil Lahcen. WSRWko presidente

«Marokoren okupazioaren atzean interes ekonomikoak baino ez daude»

Kerman Garralda Zubimendi.
Gasteiz
2017ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Marokoko Poliziak gertutik zaintzen du Dalil Lahcen (Aaiun, 1971). WSRW Mendebaldeko Saharako Baliabide Naturalen Elkarteko zuzendaria da, eta bere herriak jasaten duen arpilatzea salatzen izan berri da Gasteizen, SEADen Lagunen Elkarteak antolatutako egitasmoan.

Zergatik espoliazioa?

Sahara oso aberatsa da baliabide naturaletan. Marokoren okupazioaren atzean interes ekonomikoak baino ez daude.

Nola eragiten du horrek sahararren bizimoduan?

Gure aberastasunak kanpora eramaten dituzte. Ez dugu ez ospitalerik, ez unibertsitaterik. Bizi baldintzak oso gogorrak dira. Langabezia oso handia da, gure baliabideak ustiatzen dituzten enpresek ez dituztelako bertako herritarrak kontratatzen. Ezin dugu herri gisa aurrera egin, gure baliabideak ezin ditugulako guk kudeatu.

Nola saiatzen zarete egoera hau iraultzen?

Erresistentzia egiten dugu, manifestazioen eta elkarretaratzeen bidez. 2016an, langabeek mila kontzentrazio inguru egin zituzten. Giza harresien bidez, kolonoak ekartzen dituzten autobusei bidea ixten saiatu gara, era baketsuan beti, baina indar polizialek gogor erasotzen digute. Saharar guztiek jasan dugu indarkeria: oso ohikoa da.

Etsitzeko asmorik baduzue?

Sekula ez. Ez dugu ezer txarrik egiten; gure aldarrikapena zilegia da: gurea dena eskatzen dugu. Belaunaldiz belaunaldi igarotzen den desio bat da. Aldarri horrek ez du atzera-bueltarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.