Katalunia nagusi, ezinbestean

Patxi Huarte 'Zaldieroa' marrazkilariak 'De Rerum Natura 7' antologia plazaratu du, azken bi urteotako zinten bilduma. Euskal txiolariekin duen «auzolana» ere ageri da liburu berrian

Patxi Huarte Zaldieroa marrazkilaria, lan berria eskuetan, Donostian, atzo. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2017ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Errealitateak markatzen dio eguneroko lana Patxi Huarte Zaldieroa marrazkilariari (Faltzes, Nafarroa, 1966). Urteak dira egunero-egunero zinta bat argitaratzen duela BERRIA egunkarian, eta errealitatea aldatuz joan ahala aldatu zaizkio hizpideak sortzaileari. Horren lekuko da De Rerum Natura 7 liburua, azken bi urteotan kazeta honetan eta Noticias taldeko egunkarietako Ortzadar kultura gehigarrian plazaratu dituen zinten bilduma. Ezinbestean, Katalunia bihurtu zaio zazpigarren antologiaren protagonista nagusietako bat. Ez bakarra, hala ere, bere ohiko pertsonaia ugari ageri baitira irudietan, Nafarroako Katebegi Galduak eta Azken Antxoa, kasurako. Elkar argitaletxeak plazaratu du lana.

Duela hamalau urte ekin zion sortzaileak zintak egunero argitaratzeari, eta duela hamabi kaleratu zuen zinta horien lehen antologia. Lan hartatik bilduma berrira sumatu du aldaketarik: «Lehen liburu hura zuri-beltzean zen, eta nire umorea ere diferentea zen, ausartagoa. Orain, ez dakit, pixka bat zen-ago nago, eta islatzen da marrazkietan». Ortzadar gehigarrikoak jarri ditu adibidetzat, horietan umore zuria, «ziria sartu gabekoa» darabilela azalduta. «Lehen lan hura askoz ere punkiagoa zen, eta azken hau oso lasaia da», laburbildu du.

Baina berehala gehitu du: «Tira, Kataluniako gaia ez da batere lasaia». Hain zuzen, zinta askotan agertzen da gaia. «Eta gehiagotan sartuko nuke. Oso engaiatuta nago, ANCko bazkidea naiz, eta asko ateratzen dut, baina gehiago aterako nuke; moztu egiten naiz».

Baina, horrez gainera, askotariko gaiak jaso ditu liburuan. Izan ere, bi urteotan 700 zinta inguru plazaratu ditu, eta horietatik 250 inguru aukeratu ditu libururako. Errefuxiatuen auziari erreferentzia egiten diotenak, euskal egoera politikoari eta errauste plantari buruzkoak, Obama sanferminetan agertzen dutenak, labar artearen aurkikuntzen ingurukoak... zabala da gaitegia.

Twitter, sorkuntza iturri

Eta bere gaitegia are gehiago zabaltzeko aukera Twitterren aurkitu zuen sortzaileak. Hain zuzen, txioen presentzia da lan berriaren beste ezaugarrietako bat, aurreko bilduman ere hainbat ageri ziren arren. Bere buruari erronka jarri zion halako batean, eta, orain, astero ilustratzen du arreta eman dion mezuren bat. «Batzuetan kosta egiten zait; txio onak daude, baina agian ez dira beti marrazteko aproposak». Gogoko du ariketa hala ere, eta Twitterreko «gidoigile asko» ekarri ditu bere zintetara. «Oso polita iruditzen zait; azkenean, egiten ari garen auzolan bat da, normalean euskal kulturan ibiltzen diren euskaldunek egiten dituzten txioak baitira». Azalean eta kontrazalean ageri da horrek liburuan duen presentzia: Twiterreko txoriek airean daramatela ageri da marrazkilaria azalean —inguruan Taliban Jatorra, Yoda, Azken Antxoa eta beste zenbait pertsonaia dituela—, eta txioak idazten, berriz, atzealdean.

Gaitegi zabala, pertsonaia sorta oparoa, sareetako mezuak... Gustura dabil marrazten, baina, hala ere, «oraintxe bertan krisi batean» dagoela aitortu du Huartek. «Txioen mundu hau interesgarria da, baina... ez dakit, agian hau itxi beharko genuke, ea beste zer edo zer agertzen den? Ez dakit...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.