Agertokia mundura irekitzeko

Astelehenetik aurrera 31 antzerki eta dantza ikuskizun emango dituzte dFerian.Organik dantza konpainiaren 'Irrintzi' eta En2doren 'Pim, pam fuera!' antzezlana estreinatuko dira

Ihintza Elustondo
Donostia
2016ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Donostia antzerkiaren eta dantzaren topaleku bilakatuko da astelehenetik aurrera: 22. aldiz egingo dute dFeria arte eszenikoen azoka. Ostegunera bitartean,31 ikuskizun taularatuko dituzte, haien merkaturatzea bizkortzeko asmoz. Hemeretzi obra Euskal Herrian ekoitzitakoak dira, eta horietatik bederatzi aurkeztu zituzten atzo. Bi estreinaldiak dira: Organik dantza konpainiaren Irrintzi, eta En2do antzerki konpainiaren Pim, Pam, Fuera!.

'IRRINTZI'

Irrintzia ardatz hartuta sortu du ikuskizuna Organik konpainiak. Oihu horretatik abiatuta, ikerketa lan bat egin dute, eta dantza eta antzerkia uztartzen dituen obra bat da emaitza. Helena Golab eta Natalia Monge dira dantzariak, eta, asteazkenean emango dute, Intxaurrondo kultur etxean, 11:30ean.

'PIM PAM FUERA'

En2do prudukzioek eta Karra Elejaldek ekoitzitako gaztelaniazko komedia dramatikoa da. Carlos Zabalak idatzi eta zuzendu du, eta lau emakume presoren inguruko istorioa kontatzen du. Haren arabera, «Espainiaren erretratua da, kartzelako barroteetatik begiratuta». Amaia Lizarralde, Amagoia Lauzirika, Ane Gabarain eta Vito Rogado dira aktoreak, eta astelehenean emango dute, Viktoria Eugeniako Club aretoan, 17:15ean eta 19:00etan.

'TIRANIA DAS CORES'

Ertza konpainiaren dantza ikuskizuna da, Asier Zabaletak zuzendua. Iaz Brasilen egon zen, eta, han go koloreetatik abiatuz, egungo Brasilen egoeraz hitz egin nahi izan du. Bost lagun brasildar hauek ariko dira interpretatzen: Ariel Oliveira, Carolina Miranda, Flavia Rodrigues, Guiherme Silva eta Rafael Alexandre. Europan lehen aldiz emango dute astelehenean; 16:00etan izango da emanaldia, Gazteszenan.

'JOKOZ KANPO'

Futbolaren bueltan guraso eta entrenatzaileek izaten dituzten jokabideen inguruan ondu du Borobil teatroak komedia hori. Anartz Zuazuak zuzendu du, eta Joseba Apaolaza, Asier Sota, eta Asier Hormaza dira aktoreak. Astelehenean emango dute euskaraz, Lugaritz kultur etxean, 20:30ean.

'OSKARA'

Kukai dantza taldearen azken lana da, La Veronal konpainiako Marcos Moraurekin elkarlanean sortua. Jon Maiak zuzendu du proiektua, eta Alain Maia, Eneko Gil, Urko Mitxelena, Ibon Huarte eta Martxel Rodriguez ariko dira dantzan. Bestalde, Erramun Martikorenak zuzenean abestuko du. Euskal kulturatik abiatuta, sinboloz beteriko obra eratu dute. Asteartean emango dute, Viktoria Eugenia antzokian, 20:30ean.

'TORMENTA'

Cielo Raso konpainiaren ikuskizuna da, Igor Calongek zuzendua. Gorputzaren bi muturrak landu dituzte: indarra, eta hauskortasuna. Eta hortik sortu dira emozioak. Izatez, Calonge ez da ikuskizuneko dantzaria, baina dFerian haietako bat ordezkatuko du. Beraz, Calonge, Leire Otamendi eta Marti Guell igoko dira Gazteszenako taulara, asteartean, 13:00ean.

'MUXUA'

Tanttaka konpainiak sortu du antzezlana, Ivan Cotroneoren Un beso liburuan oinarrituta. Bi mutil gazteren arteko maitasun istorioa kontatzen du. Lorenzo Antoniorengana hurbilduko da, baina Antoniok bere sentimenduak adierazteko zailtasunak ditu. Elena irakaslea gertatzen ari denaren lekuko izango da. Fernando Bernuesek zuzendu du, eta Mireia Gabilondo, Ander Iruretagoiena eta Haritz Morras ariko dira interpretazio lanetan. Asteartean eta asteazkenean emango dute euskaraz, Tabakaleran, 19:00etan.

'EL FLORIDO PENSIL. NESKAK'

Tanttaka konpainiaren ekoizpena da hau ere. Frankismo garaiko emakumeen eskola bat nolakoa zen erakusten du obrak, umorearen ikuspegitik. Fernando Bernuesek eta Mireia Gabilondok zuzendu dute, eta Loli Astoreka, Elena Irureta, Gurutze Beitia, Itziar Lazkano eta Teresa Calo dira aktoreak. Asteazkenean emango dute gaztelaniaz, Antzoki Zaharrean, 19:00etan.

'ZERGATIK, JAMIL?''

Patxo Telleriak eta Jokin Oregik zuzendutako intrigazko lana da, Eneko Sagardoyk eta Mikel Martinezek antzeztua. Jamil gazte marokoar bat da, atxilotu berri dutena. Xabier hiltzea leporatzen diote, baina bera ez da ezertaz gogoratzen. Hilda dagoen pertsonaia agertuko zaio, eta bien artean elkarrizketa bat sortuko da. Asteazkenean Lugaritz kultur etxean emango dute euskarazko bertsioa, 20:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.