Abortuaren aurkako denboralea

Mundu osoko herrialdeen artean AEBetan praktikatzen da gehien abortua. Abortuaren aurkakoek, ordea, zorrotz mugatu dute emakumeen eskubide hori. Erasoak areagotu dira: joan den astean familia plangintzarako klinika batean hiru lagun hil zituen gizon batek tiroz Texasen.

BERRIA.
Jone Amonarriz.
2015eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
AEBetako erabaki historiko eta polemiko batek legeztatu zuen abortua 1973ko urtarrilaren 22an. Estatu guztietan, salbuespenik gabe, abortatzeko eskubidea bermatzeko legea ezarri zen indarrean, Roe vs Wade kasu ezagunari esker. Ordutik, AEBetako politikoen eztabaidetan oso presente egon da abortuaren gaia. Gaur egun abortatzea legezkoa da, baina eskubide horren mugak zehaztea estatu bakoitzaren esku utzia du AEBetako Gobernuak; ondorioz, herrialdeko estatu batetik bestera alde handia dago abortatzeko baldintzei dagokienez. Mapa irregular hori errepublikanoen eta demokraten arteko talkaren isla argia da. Azken berrogei urtean gai gutxik utzi dute hain agerian bi aldeen arteko zatiketa.

Zatiketa berbera dago gizartean ere. AEBetako Gobernuak legea onartu zuenetik muturreko joerak nagusitu dira. 1977. urteaz geroztik, gutxienez 73 eraso egin dituzte abortu kliniken aurkaAEBetan, Abortuaren Federazioaren arabera; jomuga bilakatu dira praktika horren aurkako muturreko taldeentzat. Azken hilabeteotan, ugaritu egin dira erasoak; Coloradon (Texas) izan zen azkena, joan den ostiralean. Planned Parenthood osasun erakundeak hiriburuan duen zentro batera sartu, eta hiru lagun hil eta bederatzi zauritu zituen gizon batek tiroz. Baliabide ekonomikorik gabeko emakumeentzako osasun zerbitzuak eskaintzen ditu erakundeak, eta zerbitzuen %3 besterik ez dira abortuarekin lotutakoak—AEBetako Gobernuak erakundea diruz finantzatzen duela salatu izan dute behin eta berriz errepublikanoek—. «Giro pozoitsua sortzen ari den estremismo hori terrorismoa elikatzen ari da» adierazi eta zerbitzu berberak eskaintzen jarraituko duela nabarmendu du PPFAk, erasoaren arrazoia zein izan den argi ez baldin badago ere.

AEBetako Auzitegi Gorenak abortuaren legea —berau mugatzeko dauden irizpideak barne— aztertuko du ia hamarkada batean lehen aldiz. CEO Ugaltze Eskubideen Zentroak Whole Woman erakundearen izenean aurkeztutako eskari baten harira, Texasko auzitegiak bertan behera utzi zituen neurririk zorrotzenetako batzuk. AEBetako auzitegiak erabakia onartu zuen. Sei hilabeteren ondoren, Auzitegi Gorenak aurrez lege horren ondorioz itxitako klinikak irekitzeko agindua eman zuen, helegitearen inguruko erabakiaren berri eman bitartean. «Auzitegi Gorenak aurrerapauso garrantzitsua eman du milioika emakumeri eskubide konstituzionalak itzultzeko», ohartarazi zuen egun berean Said Nancy Northup CEOko presidenteak.

Gorenaren erabakia garai esanguratsuan helduko da; datorren udaberrian jakinaraziko baitute, presidentetzarako hauteskundeen erdi erdian. Hain zuzen, 2016ko azaroaren 8an izango dira AEBetako presidentetzarako hauteskundeak; 45. presidentea hautatuko dute. Erabaki horrek gainerako estatuetan eragina izango duela espero dute.

Legea, bakoitzak berea

Herrialdeak 1973an aitortu zuen abortatzeko eskubidea, eta estatu bakoitzaren esku utzi zuen nola legeztatu erabakitzea. Guztira, 50 estatutatik 43k ezarri diote mugaren bat abortatzeko eskubideari, Guttmacher Institutuaren arabera. Neurri horietako batek emakumeen haurdunaldiaren etapak hartzen ditu kontuan; hau da, abortatzeko eskubideari epeaezarria dio. Texasen, adibidez, debekatuta dago haurdunaldiaren 20. astetik aurrera abortatzea. Bestalde, abortuak praktikatzen dituzten zentroen eta medikuen jardunaren inguruko baldintzak zorroztu dituzte. Estatu gehienetan ospitale edo kirurgia zentroen pareko azpiegiturak eta baldintzak bete behar dituzte.

Emakumeak ekografia bat egitera behartzen dituzte abortatzeko erabakia hartu baino lehen «ondo hausnartu dezaten». Texas, Florida eta Virginia dira hori exijitzen duten hamabi estatuetako hiru. Hogeita hamar estatutanbaino gehiagotan 18 eta 72 ordu arteko denbora tartea itxarotera behartzen dute andrea abortatzeko, behin bertan dela eta prozedura onartuta dagoela. Emakumeek, klinikarako bidaiaz gain, hainbat egunetako egonaldia ere ordaindu behar dute, ondorioz.

Neurri horiez —eta beste askoz— baliatuta, eremurik kontserbadoreenak emakumeen ugaltze eskubideen kontrako «gerra» bat pizten ari direla ohartarazi dute abortuaren aldeko hainbat erakundek. Bestalde, 2010etik 2014ra %12 jaitsi da abortuen tasa, Associated Pressen arabera. Estatu batzuetan 2011tik aurrera errepublikanoek ezarritako legeen ondorio zuzena izan daiteke; edo antisorgailuen metodoak sustatu dituzten estatuen lorpena.

Andreek, haizea auka

Legerik zorrotz eta zehatzenak azken bost urteetan onartu dituzte. Ugaltze Eskubideen Zentroak kaleratutako datuen arabera, 38 estatuk mugatu dute abortua 2010. urtearen ondoren, 200 arau baino gehiagoren bidez. Estatu horietako agintariek argudiatzen dute eskubide hori mugatuz fetua babestu eta emakumearen osasuna bermatzen dutela. Texasen aurkako salaketa jarri dutenek, aldiz, gaitzetsi dute pazienteen osasuna ardatz hartuta onartutako lege horiek «engainatzaileak» direla eta emakumeak arriskuan jartzen dituztela.

Datorren urtean Auzitegi Gorenak arrazoi ematen badie, murrizketa horietako batzuk atzera botako dituela espero dute. Errepublikanoak indarrean diren bitartean abortatzeko eskubidea «hutsala» dela salatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.